Mikel Artetxe: "Suerte haundia izan dot"

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 11a, 13:25
Larrabetzukoak txirrindularitza utzi barri dau
Bizikleta ganean 19 urte, eta txirrindularitza profesionalean bederatzi urte emon ostean, Mikel Artetxek agur esan deutso bere kirol ibilbideari. Larrabetzuarrak etapa barria hasiko dau. Zergaitik erabagi hori hartu? Txirrindularitza une latzak jasaten dabil azken urteotan. Talde profesional gutxi dagoz, eta txirrindulari asko langabezian edo egoera txarrean lotzen gara urte amaieran. Horregaitik erabagi dot itxitea. Agurrak tristeak izaten dira… edo ez. Zelangoa izan da zurea? Ez, ez da tristea izan. Profesionaletan bederatzi urte egin dodaz, eta horreek urte dezente dira. Ganera, azken urte bietan gustura egon naz. Orain beste bizimodu bat egingo dot, eta lasai nago. Hiru talde profesionaletan ibili zara: Euskaltel-Euskadin, 3 Molinos Resorten eta Fuerteventura-Canariasen. Zer daroazu bakotxetik? Urte gehienak Euskaltelen egin ditut, eta bertan hasi nintzan profesional mailan. Karrerarik garrantzitsuenak be eurakaz korritzeko aukerea izan dot: munduko kopako klasikoak, Tourra, Espainiako Itzulia… Beste talde biak txikiagoak dira, baina ni, behintzat, gustura izan naz bietan. Txirrindulariok ondo konpondu gara alkarrekin eta esperientzia ona izan dot. Orain dala lau urte alkarrizketatu zinduguzan eta Euskaltelen sartzea betiko ametsa izan zala komentatu zeunskun. Zer izan zan bertatik alde egitea? Kontratua 2005. urtean amaitu jatan, eta, egia esan, urte horretan ez nenbilen ondo osasun aldetik. Ez eusten kontratua barritu, eta nik amaitutzat emon neban etapa hori. Sasoia berreskuratzea hartu neban helburutzat, maila ona barriz emoteko, eta 2006. urtean beste garaipen bat lortu neban: Asturiaseko Itzuliaren etapa bat. Zelango txirrindularia izan zara? Arlo guztietan nahiko ondo moldatu nazela uste dot. Azkarra be izan naz, eta horrek lagundu egin deust garaipenak lortzeko orduan. Zein da zure kirol ibilbidean izandako momentu hori, inoiz ahaztuko ez dozuna? Txirrindularitzan 19 urte emon dodaz eta momentu on asko izan dira; kategoria guztietan, ganera. Suerte haundia izan dodala uste dot. Baina momentu zehatz bat aipatu behar baneu, 2003. urteko Frantziako Tourraren azken etapan Eliseoko Zelaietara ailegatu nintzan unea nabarmenduko neuke, beharbada. Inportantea izan zan niretzat. Eta txirrindularitzak utzi deutsun atsekabea? Azken urteotan egon diran arazoak (dopinga eta abar). Horreek eragina zuzena izan dabe kirol honek gaur egun bizi dauan egoera txarrean. Zelango txirrindularitza topatu zenduan hasi zinanean, eta zelango txirrindularitza itxi duzu. Maila profesionalean hasi eta atoan sortu ziran arazoak, eta egoera latz hori urte gehienetan pairatu dot. Lege barriak ateratzen dabez, egoerak hobera egingo daula esanez; baina okerrera goaz. Txirrindularitzak ez dau erregelamendu finkorik, eta lasterketen antolatzaileek zein UCIkoek nahi dabena egiten dabe. Kaltetuak taldeak dira; eta horreekaz batera, txirrindulariak. Justiziaz tratatzen doguz txirrindulariak? Komunikabideek ez deuskue mesede haundirik egin. Gehienak kirol honen kontra ibili dira urteetan, eta batzuek horretan jarraitzen dabe oraindino. Komunikabideetan argitaratutakoak eragin handia dau publikoaren iritzian; halanda be, zaleek probetara hurbiltzen jarraitzen dabe, eta alde horretatik ez dogu gutxiespenik nabaritu. Beste alde batetik, txirrindularitzaren antolamendua be ez dabil ondo. UCI erakunderik nagusiena da, eta erregelamendu bakarra izan beharrean, asko ditu. Eta txirrindulari profesionalen artean hiru maila ezberdin dagoz, guztiak maila berdinean egon beharrean… Horrezaz ganera, aspaldi honetan antolatzaileak gura dabezan taldeak gonbidatzen dabilz lasterketetara… Borroka haundia dago hor… Zelan amaituko da UCI eta itzuli handien arteko borroka hori, zure ustez? Liga potentea antolatu gura izan dabe UCItik kanpo, baina ez dabe lortu eta arazoak sortu dira. Hor dabilz; ea nork indar haundiagoa dauan… Nire ustez, Tourrek irabaziko dau gatazka, eta hemendik aurrera txirrindularitzak nora joko dauan erabagiko dau. Zertan arituko da Mikel Artexe etorkizunean? Txirrindularitza orain dala lauzpabost hilabete itxi dot, eta oraindino ez dot ezer pentsatu. Lasai nago. Uria dau atzean Mikel Artetxek larrabetzuarrak ditu zalerik sutsuenak. Hasiera-hasieratik bere kirol ibilbideari arretaz jarraitu deutsie, eta profesional mailan lehenengo urratsak emon zituanean, zaletasun hori indartu eta handitu egin zan. Lagunak alboan izan ditu beti Mikelek, eta alboan ere izan zituan otsailean 16an. Egun horretan uritarrek omenaldi hunkigarria egin eutsien, Mikel Artexe Kirol Taldeak antolatuta. Goizean bizikleta martxa egin eben eta bertan txirrindulari profesionalek be hartu eben parte: Roberto Laiseka, Iban Mayo eta Julen Zubero, euren artean. Era berean, hainbat ekitaldi antolatu ziran: bertso-saioa, trikipoteoa eta herri bazkaria, besteak beste. Bazkaria Ankapalu sagardotegian egin eben. Jatetxean 100 bat lagun batu ziran eta bazkaldu ostean, opariak eta sorpresak izan ziran. Txirrindulariaren ibilbidea jasotzen dauan ikus-entzunezko muntaia be emon eben. “Pozik hartu dot omenaldia. Lagunek egin deuste azken baten, eta eskertzekoa da”. Mikel Artetxe Kirol Taldea duela 8-9 urte sortu zan, eta harrezkero ekintza sorta zabala antolatu dabe txirrindularitzaren inguruan. Ekintzon artean lasterketa bat egiten dabe afizionatu mailan. Estatuan oihartzun haundia dauna. Mikelek txirrindularitza itxi arren, kirol taldeak bere beharragaz jarraituko dau. Ibilbide profesionala: 1999-2005: Euskaltel-Euskadi 2006: 3 Molinos Resort 2007: Fuerteventura-Canarias Garaipenak: 2000: Jornal de Noticiasen etapa bi eta sailkapen orokorra 2001: Andaluziako Itzuliaren etapa bat 2002: Torres Vedraseko sari nagusia 2006: Asturiaseko Itzuliaren etapa bat

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).