Zortziko txikien eskola

Aikor aldizkaria 2008ko api. 24a, 10:04
Bizkaiko Bertsozale Alkarteak hamar urte daroaz bertsolaritza eskola emoten Txorierriko herri ikastetxeetan. Egitasmo hori irakaskuntza arautuaren barruan dago, eta aurtengo ikasturtean 115 ikasle murgildu ditu bertso munduan. “Gure helburua bertsolaritza zer den gaztetxoei erakustea da; eta bide batez zaleak egitea”, azaldu deusku Arantza Plaza irakasleak. Bertsolaritza eskola lehen hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleei zuzendutako proiektua da, eta, ikastetxearen arabera, astean behin edo aste birik behin emoten dabe. Ikasleek bertsolaritzaren ganeko hainbat kontu ikasten dabe, bertsolari ospetsuen bizitza eta beharra, teknika... eta euren produkzio txikia be egiten dabe: kopla txikiak, zortziko txikiak, eta abar. Halandaze be, ez dabe bat-batekotasuna lantzen; hori DBHko ikasleentzako proiektuan egiten dan ariketa da. “Bertsolaritzaz gozatu ahal dogu, eta une askotan erabil daitekeen instrumentua da: bertsoa egin, eta ikastetxean kanta daikegu, lagun bati idatz deikeogu zorionak emoteko... Aukera horreetaz guztiez gaztetxoak ohartzea nahi dogu”. Baten bat bertsolaritzako gaitasuna dauala sumatuz gero, bertso eskolara bideratzen dau, eta bide hori jarraitzera animatu. Irakaskuntza arautuaren barruan egon arren, bertsolaritza eskolak ez dau beste ikasgaiek daben garrantzia akademikorik. Hau da, ikasleek ez dabe azterketarik egin behar, eta bertsolaritza tailertzat hartzen da ikasketa-planaren barruan. Urtarrilera arte eskolak berak –edo kasu batzuetan, Udalaren laguntzagaz- ordaindu behar izan ditu tailerretik eratorritako gastuak, baina orain gastuok Mankomunitateak hartu ditu bere gain. Ariketa praktikoak Oso liburu egokia argitaratu dau Bertsozale Alkarteak eskolan lantzeko. Ikasle bakotxari ale bat emoten jako, eta hainbat ariketa praktikoren bidez bertsolaritza mundua deskubritzen dabe. Erreportajeak irakurtzen dabez, ohiko abestien egileak be ezagutu egiten dabez, bertso zaharrak kantatu, sibalak neurtzen eta errimatzen ikasi... “Liburuan proposatzen jakezan bertsolariak asko pentsatu ostean aukeratu doguz. Horreek, behintzat, nortzuk diran edo izan diran jakin behar dabela uste dogu”. Pozik doaz gaztetxoak bertsolaritza eskolara, gustura. Arantzaren esanetan, gehien gustatzen jakena euren bertso-sorta egitea da. Eta jendaurrean erakustea be bai. Halan, ekitaldia prestatzen dabe aukerea daben bakotxean: Gabonetarako, ikasturte-amaierarako... “Oso inportantea da eurentzat. Modu umoretsu edo dotore baten neurtu, errimatu eta kantatu gauza dirala ikusten dabe”. Horrezaz ganera, Txorierriko herri ikastetxe arteko topaketak egiten dabez kurtso amaieran. Topaketak Sondikako Kultur Etxean izaten dira, eta, beste ekitaldi batzuen artean, klase bakotxak prestatutako bertsoa kantatzen dabe han. Bertsozaleak egin Urtean zehar be ekintza ezberdinak antolatzen dira klase barruan. Arantzak musikari bat gonbidatzen dau eskolara eta kantaldia egiten dabe. Ekintza hori nahiko dibertigarria izaten da eurentzat, eskolan egindako bertso-sortak ez eze eurei gustatzen jakezan kantuak be abesten dabezalako. Era berean, Bilbertsoak liburuxka atertzen da. Bertan ikastetxe bakotxak egindako bertso-sorta argitaratzen dabe, argazkia eta guzti. Ikasleek ale bana jasotzen dabe kurtso amaieran. Eta aurten Bizkaia Irratirako saioa prestatu dabe lehenengo aldiz Sondikako ikasleak. Euskararen presentzia eta erabilera ezberdinak dira herri bakotxean. Euskal ohiturek eta kulturak ez dabe indar berbera herri guztietan. Bertsolaritzari jagokonez, gaztetxoek eduki daikiezan gabeziak bete nahi ditu Bertsozale Alkarteak. “Jakin-mina eta zaletasuna pizte hutsagaz pozten gara gu. Baina, ganera, bertsolaririk sortzen bada, ondo baino hobeto”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).