Sondikako pintura tailerra: “Guztiok dugu pintat

Aikor aldizkaria 2008ko api. 24a, 10:50
Orain 15 urte jarri zen martxan, eta orduan inork ez zuen uste hain jendetsua izango zela. Orain, 100 ikasle inguru doaz pintura tailerrera Sondikan. Parte hartu nahi baduzue, irailean eman dezakezue izena Udaletxean. Eta otoitz egin, leku mugatuta baitago. Manga estiloko koadro batekin dabil buru-belarri Argiñe. Etxekoandrea da eta manga ez dator bat bere itxurarekin. “Lehen irudi serioak margotzen nituen, baina gauza berriak egin nahi nituen. Semearen komikiak ikusi eta orain margotzen nabilen irudia aukeratu nuen, oso koloretsua baita”. Argiñe bezalako 100 ikasle inguru biltzen dira arratsaldero Sondikako I. Kultura Aretoan pintura munduan lehenengo urratsak egiteko. Edo azkenekoak, lanak “goi-mailakoak” baitira, Izaskun Ibarretxe irakasleak dioenez. Gaur egun zortzi multzotan banatzen dira ikasleak, eta gehienez 14 lagun egoten dira klase bakoitzean. Umeek zein helduek osatutako taldeak dira. Ikastaroa hasiberrientzat izan arren, maila desberdinak dituzte ikasleek. Horregatik, irakaskuntza erabat pertsonalizatua da. ”Kolorea, marrazketa eta teknikak ditugu mintzagai eta guztientzako azalpen orokorrak botatzen badizkiet ere, bakoitzaren zalantzak argitzen ditut gero”. Nola edo hala, ikasle guztiek betetzen dituzte etapak, eta ikasturte amaieran edozein teknikatan koadroren bat pintatzea dute helburu. “Eurek aukeratzen dute zer margotu (bai gaia, bai teknika), eta horren arabera nik aholkuak ematen dizkiet. Ez zait gustatzen ikasleen lanak birlantzea; nahiago dut argibideak eman eta eurek euren kabuz egitea”, adierazi du Izaskunek. Ikastaroa San Joan jaietarako bukatuko da eta orduan erakusketa erraldoia egingo dute pilotalekuan, urtero legez. Ikasle bakoitzak lan bi aurkezteko aukera du bertan. Ikasi, arauak apurtzeko Pintura ikastaroa oso arrakastatsua da. Hainbeste arrakasta du, ezen irailean, epea irekitzen denean, batek baino gehiagok kanpoan gelditu beharra izango duen. Ez da harritzekoa, beraz, ikasleak klasera gogoz joatea. Eta pintatzeko gaitasuna baino garrantzitsuagoa gogoa da, irakaslearen iritziz. “Guztiok dugu margotzeko trebetasuna; landu egin behar da, hala ere. Artea oso librea dela esaten da, baina arauez beteta dago. Nik hau esaten dut: arau guztiak ikasi eta, gero, apur itzazu”. Ildo horri jarraiturik, Izaskunek artearen eta hizkuntza ikastearen arteko konparazioa egiten du. “Hasiera batean asko ikasten da, baina gero aurrera egiten ez duzula ematen du. Ez da egia; kontua da ikasitakoa ez dela hain nabarmena. Eta bat-batean beste aurrerapauso ikaragarri bat egiten da. Orduan gauza berriak egiten hasten dira: neurri handiko irudiak… Izugarri gustatzen zait gauza berriak egitea, eta esperimentatzera animatzen ditut ikasleak. Eta gauza modernoak egiten dituzte, e!”. Maisuak esan eta ikasleek egin. Eduardo 53 urteko tren gidaria da. Berak ere gauza berriak egitea du atsegin. Biluzik dagoen andre baten izara du esku artean. Izugarri erlaxatzen du pintatzeak, eta gaztetan “pintura ikasi behar izan” zuela uste du. Gauza bera du buruan 17 urteko Leirek, klaseko gazteena. Sei urte zituela hasi zen margotzen, eta laster Arte Ederrak ikasteko asmoa du. Oraingoz, badu nahiko lan lamia baten inguruko tximeleten hegoak lantzen. Adinak eta ogibideak asko dira ikasleen artean; grina, ordea, bakarra da: pintatzen ikastea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).