Derioko San Isidro jaiak. Jesus Lagunas, kultura z

Aikor aldizkaria 2008ko api. 24a, 10:58
Derioko Udala eta herriko kultura eta kirol taldeak gogotsu ibili dira San Isidro jaiak prestatzen. Maiatzaren 15etik 18ra bitartean, makina bat ekitaldi egongo dira derioztar eta txorierritar guztientzat: kontzertuak, tailerrak, txapelketak, azoka, kalejirak... Baina ohiko ekitaldiez gainera, nobedadeak ere ekarriko dizkigute aurtengo jaiek. Jesus Lagunas kultura zinegotziak zehaztasunak eman dizkigu. Jai egitaraua Udalaren eta herriko taldeen artean antolatu da. Ezinbestekoa duzue taldeen laguntza, ezta? Bai. Derion kultura eta kirol talde asko daude, zorionez, eta Udalak oso garrantzitsutzat jotzen du haien laguntza. Gainera, aipatu beharra dago herriko jaietan ez ezik urte osoan ere antolatzen dituztela hainbat ekitaldi, eta hori oso aberasgarria da. Egia da elkarte batzuek jaietan ez dutela ekitaldirik antolatzen, baina prest daude beti besteoi laguntza emateko. Pregoia oso berezia izango da aurten... Derio eta Txorierriko beste herri batzuk orain 25 urte banandu ziren Bilbotik, eta pregoia banantzeaz arduratu zen batzordeak irakurtzea pentsatu dugu. Nobedaderik, egitarauari dagokionez? Eguenean trikimako tailerra izango dugu lehenengo aldiz haur parkean, eta domekako azokan txahal bat prestatuko da bertan jateko. Erakustaldi bat egingo da antzinako zerratokien funtzionamendua azaltzeko. Txosnak pilotalekuaren osteko kalean ipiniko ditugu, han leku zabalagoa dagoelako kontzertuak egiteko, eta orain arte kontzertuak egin diren aparkalekuan barrakak jarriko dira. Iaz jaiak herriko txoko guztietara zabaltzen ahalegindu zineten, eta eszenatoki berri bi prestatu zenituzten... Baina ez zen ondo atera. Derio ez da herri handia, eta, ekitaldiak hainbat lekutan egin beharrean, hobe da hiruzpalau eszenatoki jarri eta jendea haietara joango dela ziurtatzea. Ekitaldiak gune hauetan egingo dira aurten: Udaletxeko Plaza, txosnen eremua, eskola eta oinezkoentzako eremua. Zein izango da ekitaldirik erakargarriena, zure ustez? Asko daude. Barikuko kontzertuek, esate baterako, jendetza handia erakarriko dutela uste dugu. Betagarri, Etsaiak eta Trikizio oso talde ezagunak dira euskal musika munduan. Deabru Beltzak taldearen ikuskizunaren inguruan ere lagun asko batuko direlakoan gaude. Beste alde batetik, azoka eta ibilaldi neurtua erabat sendotuta daude, eta asko dira ekitaldi bietan parte hartzen dutenak. Eta derrigorrean antolatu behar den ekitaldia? Ez dago halako ekitaldi puntualik. Baina, lehen esan dudan moduan, ekintza asko sendotuta daude: azoka, ibilaldi neurtua, sukalkia... Kontzertuak derrigorrean antolatu behar dira, argi dago; osterantzean, ez ziren benetako jaiak izango... Eta idi probak ere bai. San Isidro jaiek ez dute zentzurik idi probarik gabe. Zein ezagugarrik bereizten ditu Derioko jaiak beste herrietakoetatik? Ezin dizuet esan; ez dut uste halako ezaugarririk dagoenik. Baina Derioko jaietan egun bakoitzak badu bere xarma: eguena umeentzat da; barikuan kontzertuak egongo dira; azoka, sukalkia eta ibilaldia domekan... Herritar guztientzako jai egitaraua prestatu duzu, zaila da guztiak pozik izatea? Derioztar guztiek jaiaz gozatzea da gure helburua; baina, noski, zaila da lortzen mundu guztia %100ean pozik egotea. Guk ahalegina egin dugu, behintzat. Aurreko urteetako jaiei buruzko hausnarketa ere egiten dugu: nola hobetu, zein motatako ekitaldi berriak antolatu... Euskarak badu lekurik jaietan? Gero eta handiagoa, nire ustez. Euskaraz egiten diren ekitaldietan gero eta jende gehiago batzen da eta, orokorrean, euskara gero eta gehiago entzuten da jaietan; gazteen artean, batez ere. Eta euskarazko erromeria egiten bada, adibidez, ez dakitenek ere hartzen dute parte bertan. Jai-egitaraua Maiatzak 15, eguena 11:30-14:00: Haur-parkea 11:30-14:00: Ardo dastaketa Sollube kalean, ostalarien elkartearen eskutik. 12:00: Gazteentzako ekitaldiak Mikel Deuna plazan:skate pista eta akuilu-makuiluak. 12:30: Marrazki txapelketa, Odol Argia elkarteak antolatuta. 16:30-19:30: Haur-parkea. 17:00: Umeentzako herri kirolak eta jolasak probalekuaren ondoan, Kulki taldearen eskutik. 18:00: Marrazki txapelketaren sari banaketa. 19:00: Idi-probak. Maiatzak 16, barikua 11:00-14:00: Haur-parkea. 16:00-19:00: Haur-parkea. 19:30: Konpartsen jaitsiera eta txapelketa, fanfarre batek eta Iruñeko erraldoiek girotuta. 20:30: Pregoia, txupinazoa eta txitxi-burruntzia. 21:00: Eskupilota partida profesionalak. 22:30: Kontzertuak, Almazene kalean: Betagarri, Etsaiak eta Trikizio. Tximintx euskara elkartearen eskutik. 23:00: Tamsna perkusio taldea, oinezkoen kalean. Maiatzak 17, zapatua 10:00: Diana txistulariekin. 10:00-13:00: Argazki Rallya, Derioko Argazki Taldeak antolatuta. 11:30: Umeei zuzendutako kultura arteko tailerrak, Sollube kalean. 13:30: Ipuin kontalaria, Sollube kalean. 18:00: Dantzak, Lainomendi taldearen eskutik. 19:00: II. Gazte Topaketak ‘Cemenderio’ Idorsolo kalean, Santzoka elkarteak antolatuta. 19:30: El Negro y el flaco konpainiaren Alquimia espektakulua, Sollube kalean. 20:00: Abesbatza kontzertua San Isidro elizan, Ipar-Alde abesbatzak antolatuta. 22:30: Deabru Beltzak taldearen ikuskizuna, oinezkoen aldean. 23:30: Berbena, Almazene kalean: Akerbeltz. Diskoteka. Maiatzak 18, domeka 08:00: Ibilaldi neurtua herriko plazan, Untza mendi taldeak antolatuta. 09:00: Umeentzako ibilaldi neurtua. 09:30-11:00: Sukalki Eguna, Ipar-Alde abesbatzaren eskutik. 10:00: Diana txistulariekin. 10:30-14:30: Elikagai eta eskulan tailerren azoka. 12:30: Taekwondo erakustaldia kiroldegian, Doyan Gimnasioak antolatuta. 17:00: Ibilaldi neurtuaren sari banaketa. 18:00: Sukalki, briska eta konpartsa lehiaketaren sari banaketa. Jai-amaiera, dantza eta txokolatada Ekitaldi guztiak, berton aipatzen diren lekuetakoak izan ezik, Herriko Plazan izango dira (euria egiten badu, kiroldegian).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).