Sondikako jai-batzordea: “Familiarteko giroa dug

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 27a, 09:10
Azterketak eta San Joan jaietako prestaketa-lanak uzatartu egin behar izan dituzte Sondikako jai-batzordearen neska-mutilek. Hala ere, ez dira bakarrik egon behar horretan, eta herriko beste taldeen laguntza jaso dute, eta jai-batzordean aurretik ibili diren lagunena ere bai. Bea Ortizek eman digu emaitzaren berri. Ondo adostu duzue dena... Herritar guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatzen ahalegindu gara, baina zaila da asmatzea eta guztiak pozik izatea. Dena dela, aurreko urteetako ereduari jarraitu egin diogu, derrigorrean egin behar diren gauzak daudelako: sukalkia, pintura lehiaketa, gazta eta txakolin dastatzea, suak... Lehenengo berrikuntza txupinazoak ekarriko digu. Eguenean Pentagrama taldearen emanaldia izan arren, jaiak barikuan hasiko dira ofizialki. Aurten txupinazoa aldatzea pentsatu dugu: arratsaldeko 8:30etan izango da eta, betiko moduan, petardo bi bota beherrean, konfetiz betetako suziriak botako dira. Horren ostean, txahal-okela dastatzea egongo da, eta San Joan landara jendetza hurbilduko dela uste dugu. Astelehenean umeentzako ekintzak izango dira, eta arratsalderako motozerren erakustaldia egingo da. Motozerrez egingo diren piezak publikoaren artean zozketatuko ditugu. Beste alde batetik, dantzen agerraldia domekan izaten da, baina aurten zapatuan egingo da, domekarako euskal ezkontza antolatu delako. Herri-kirol arloan ere nobedadea dago. Orain arte gizon-proba eta harrizulatzaileak izan dira, eta aurten harrijasotzaileak eta aizkolariak ekarriko ditugu. Zein izango da ekitaldirik erakargarriena? Patxi Perezen saioa, nire ustez. Bere taldea gitarra-joleek, bateria-joleak... osatzen dute, eta Patxik euskal dantzak dantzatzen irakasten dio publikoari, pausoz pauso. Erakargarria izango dela uste dut. Adin guzientzako ekitaldia da, eta jendea animatzea espero dugu. Zein berezitasunik dute Sondikako jaiek? Egia esan, gure jaiak eta beste herri batzuetakoak aldi berean izaten dira. Beste herriek presupuesto handiagoa dute eta, horren ondorioz, jendetza erakartzen dute. Gu oztopo hori gainditzen saiatzen gara, eta bertokoen gustukoak izan daitezkeen ekitaldiak antolatzen ditugu. Jendeak giro ederra topatuko du Sondikan, familiartekoa. Gainera, karpa erraldoi bat jarriko dugu, eta, euriak arituz gero, ez dugu jaietan ibiltzeko gogorik galduko. Euskal ezkontza antzeztuko dute Sondikan “Sondikan, 1880. urteko maiatzaren 8an. Gaur Isidro eta Rufina ezkonduko dira. Rufina de Videa Meñicak 26 urte ditu, eta Sondikako Jose Videa Astica eta Mungiako Maria Concepción Meñica Laredogoytiaren hirugarren alaba da. Isidro Madariaga, Loiukoa da eta 22 urte ditu. Senargaia Francisco Madariaga menor Urresti –Sondikan jaioa- eta Erandioko Manuela Ycaza Miragayaren laugarren semea da. Ezkonberriak Sondikako Goiri auzoko Gezuraga baserrian bizi izango dira. Etxera sartzeaz batera, ezkontza-kontratuaren berri izango dugu, baita dote eta arreoaren berri ere [...]” (Amagoia Guezuraga). Sondikako Gorantzaileak dantza taldeak mende bi egingo du atzera, eta 1880. urteko euskal ezkontza batean parte hartzeko gonbidapena luzatuko digu. Ezkontza ekainaren 22an, domekaz, izango da, eta San Joan jaietako egitarauaren barruan egingo dute. Ekitaldian Ipar Elaiak txistu taldea, Olagüe abesbatza, Bizkaiko Gaiteroak, Usansoloko Oinarin dantza taldea, Bertoko soinu tresnen elkartea eta Trikileku trikitixa taldea arituko dira dantza taldearekin batera. Segizioa zanpantzarrek, senideek, epaileak, medikuak eta lagunek osatuko dute, besteak beste. Gorantzaileak dantza taldeak euskal ezkontza antolatzen duen bigarren aldia da. Lehenengoa duela urte bi egin zuten, taldearen 40. urteurrenarekin bat eginez. “Jendetza handia batu zen herrian orduan, eta oraingo honetan ere horrela izatea espero dugu”, esan du Izaskun Llona Gorantzaileak dantza taldearen arduradunak. Aurtengo euskal ezkontzak duela urte biko ereduari jarraituko dio, “pozik atera ginelako emaitzarekin”. Segizioa berritu da Aldaketa bakarra segizioan izango da, izan ere, bertan parte hartzeko deia zabaldu dute arduradunek, jende berriak eman du izena. Horrezaz gainera, jota taldeetako gurasoek eta taldearen dantzari nagusiek ere osatuko dute segizioa. Ezkontza goizeko 12etan izango da, eta ezkonberriek ibilbide hau egingo dute familia eta gonbidatuekin batera: Lehendakari Agirre, Txorierri etorbidea, Aresti eta San Joan landa. Eguerdiko ordubietan herri-bazkaria egongo da; eta arratsaldean, erromeria eta berbena. Antolatzaileek euskal ezkontza urte birik behin egiteko asmoa dute. Urte batean Santa Kurtzeko jai-egitarauaren barruan antolatuko dute; eta hurrengoan, zaindariaren jaietan. Jai-egitaraua Ekainaren 19an, eguena 19:30: Pentagrama soinu elkartearen emanaldia, Kultura Etxean. Ekainaren 20an, barikua 16:00-19:00: Haur-parkea, Guraso elkartearen eskutik. 16:00-18:00: Arku-jaurtiketa, Guraso elkarteak antolatuta. 17:30-19:00: Diskoteka, Guraso elkartearen eskutik. 19:00: Bigantxak. 20:30: Txupinazoa eta txahal-okela dastatzea. 21:00: Tortilla txapelketa. 23:30: Kontzertuak: Identidad oculta + Amaiur + DJ. Ekainaren 21ean, zapatua 09:00: Pintura lehiaketa. 11:30: Kalejira, Elaiak txistu taldearen eskutik. 12:30: Potxin eta Patxin pailazoak. 13:00: Gazta eta txakolin dastatzea. 16:30: Mus txapelketa. 18:00: Dantzen agerraldia. 19:00: ‘San Juan’ Futbol 7 Txapelketa. Fanfarrea 23:00: Suak. 23:30: Futbol 7 Txapelketaren sari-banaketa. 00:00: Kontzertuak: Koma + Txato plato + Discofesta. Ekainaren 22an, domeka 12:00: Euskal Ezkontza. Segizioa Goronda Beko kaletik aterako da. 14:00: Sukalki. 15:00: Herri-bazkaria, San Juan landan. 17:00: Erromeria. 20:30: Berbena, Egan-Berri taldearen esutik. Ekainaren 23an, astelehena 12:00-14:00: Haur-parkea. 17:00-20:00: Haur-parkea. 19:00: Motozerren erakustaldia. 23:00: San Joan-sua. 23:30: Kontzertua: Akerbeltz. Ekainaren 24an, martitzena 11:30: Kalejira, Elaiak txistu taldearen eskutik. 11:30: Fanfarrea. 12:00: Meza nagusia eta aurreskua. 13:00: Herri-kirolak, Batzokiko plazan. 13:30: Jubilatuentzako kopaua. 18:30: Bigantxak. 20:00: Erromeria: Patxi Perez. 21:00: Azken traka.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).