Zeintzuk dira zure herriak dituen beharrizanak?
Enplegu falta eta gizarte-premiak dira kezka nagusiak, eta, arlo horietan zuzeneko eskumenik ez dugun arren, behar gehien duten taldeekin are solidarioagoak izatea da gure ardura.
Eta zure alderdiak datozen lau urteei begira aurrera eramango dituen ildo nagusiak?
Erandiok bere kontuak onbideratzea lortu du, hiri-sarea berritu du, azpiegiturak eraiki ditu, auzoak herriguneekin lotu ditu, eta merkataritza, elkartegintza, kultura, aisia, hezkuntza, euskara eta herritarren segurtasuna sustatu ditu. Ildo horiek lantzen jarraituko dugu, konpromisotzat hartuta ‘zero zorra’, herritarren partaidetza, kudeaketa arduratsua eta gardentasuna.
Zein proiektu egiteko asmoa duzue?
Egoera honetan, ez gaude inbertsio handiak egiteko, sen onak agintzen duen mailako hazkundea bideratzeko baizik. Gure proiektuaren ardatza pertsonak dira. Erandion aurreko ekitaldian baino 186 langabe gutxiago daude, gaur egun; 127 enpresa eta 600 lanpostutik gora sortzea bideratu ditugu azken lau urteetan, eta 433.000 euro bideratu ditugu gizarte-larrialdiko laguntzen ekarpena osatzeko. Esan dudanez, horixe da gure proiektu ‘izarra’.
Eta zer jarduera zehatz aurreikusi dituzue hurrengo agintaldirako?
Itsasadarra biziberritzen jarraitu nahi dugu, liburutegi berri bat ireki Altzagan, hiriguneetako aparkaleku kopurua handitu, Altzaga-Goikoa errepideko bigarren fasea osatu, oinezkoentzako ibilbideak eta pasealekuak prestatu, aterpe-pilotalekua eraiki, ludoteka bat ireki Erandiogoikoan, 10-14 urte bitarteko gazteentzako gazte-gunea sortu, ikastetxeak gazteen aisiarako ireki, aisiaguneak antolatu Astrabuduan eta Altzagan, Erandiogoikoko San Jose auzoa berrurbanizatu, landa eremuetako saneamendua hobetu, Astrabuduako erretiratu elkartea handitu, herriguneetako sarbideak hobetu eta, batez ere, arreta gehiago eman Lutxana, Asua, Goiherri, Fano eta Enekuriri.
Nolako lantaldea izango da zurea?
Talde berria; heldutasuna, gaztetasuna, eleaniztasuna, ahalmena eta ilusioa uztartuko dituen talde berritua. Proiektu ireki bat aurrera ateratzeko eta erronka berriak beren gain hartzeko konpromisoa hartu duten gizon-emakumeek osatutako lantaldea, erandioztar guztien partaidetza ahalbidetuko duena, eta berezia, sentimenduetan oinarritzen delako, gure auzoen errealitatean.
Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Agintean jarraitzeko zeregina egokitzen bazait, ez dut egun bakar bat ere galduko, arazoek konponbidea behar dutelako, erantzun egin behar delako.
Hurbiletik
Joseba Goikouria kimikaria da lanbidez eta EHUko lizentziaduna. Erandion jaio zen 1962ko urriaren 30ean eta bi seme-alabaren aita da. 1996ko abenduan sartu zen Erandioko Udalean eta, harrezkero, zenbait arloren ardura izan du (Funtzio Publikoa, Giza Baliabideak, Ogasuna, Ondarea eta Kontuen Batzorde Berezia, San Jose Egoitza eta Eguneko Zentroa, Gizarte Ekintza eta Herritarren Segurtasuna), harik eta 2009ko ekainean alkate aukeratu zuten arte; ibilbide luzea egin du Udalean beraz, eta, horri esker, bertatik bertara eta hainbat ikuspegitatik ezagutzen ditu erandioztar guztien beharrak.