Igaz baino egun bat gitxiago izango dabe aurten loiuztarrek San Pedro eta Santa Luzia jaiakaz gozatzeko. Egutegiaren kapritxoak, zer egingo deutsagu! Halandaze be, jai erakargarriak antolatu dabez komisinokoek: Karina eta Joseba Solozabal hurbilduko dira Loiura, besteak beste. Etor Irazolak, Nerea Revillak eta Gerardo Izquierdok xehetasun guztiak azaldu deuskuez.
Zeintzuk dira ekintzarik erakargarrienak?
Paella lehiaketa, ezbairik gabe. Guztira, 77 koadrilak hartuko dabe parte aurten, eta normalean ia 2.000 lagun biltzen dira ekitaldi horretan. Egun osoa emoten dau jenteak landan: goizeko zortzietan toldoak jartzen dira, eta bazkaldu ez eze, afaldu be egiten dabe batzuek bertan. Are gehiago, hurrengo egunean be bazkaldu egiten dabe askok han. Goizean trikitixa izaten da, baita umeentzako pintura lehiaketa be. Arrastian haurrek bitsaren jaira joateko aukerea dabe. Igaz oso arrakastatsua izan zan hori. Eta egun osoan zehar kale-animazioa eta musika izaten dira. Nuevo Talisman taldearen berbenak eguna borobilduko dau. Oso giro polita egoten da.
Izen bi aipagarri dagoz jaietan: Joseba Solozabal eta Karina. Zergatik Joseba Solozabal?
Itzelezko lana egiten dauelako tokian-tokiko hedabideetan. Joseba Solozabal egunero-egunero ateratzen da telebistan, eta bere katean gehien ikusten dan programa zuzentzen dau. Jenteak maite dau.
Eta Karina, zer dala-eta ekarriko dozue?
Egitaraua urtarrilean egoan itxita eta orduan Karina ez egoan sartuta. Etortzekoa zan talde baten ekitaldia bertan behera gelditu zan maiatzean, eta bere ordez, Karina ekartzeko eskaini euskuen bitartekariek. Arin erabaki behar, eta onartu genduan. Batzuei gustatuko jake; eta beste batzuei ez. Baina guztiok buruz dakiguz kantak eta ondo pasatuko dogu. Horregaitik, nahiko baikor agertzen gara, eta uste dogu leporaino izango dogula plaza Karina ikusteko. Izan be, jendeak morboa atsegin dau. Karinak ordubeteko emonaldia eskainiko dau dantzari bik lagunduta. Musika playback eran entzungo da. Kontzertu horrek antolatutako beste ekintzei protagonismoa kentzeak kezkatzen gaitu.
Txorierriko I. Emakume-txirrindularien lasterketa egingo dozue, Derio, Loiu, Sondika eta Zamudioko udalek antolatuta. Zergaitik ez dabe Larrabetzu eta Lezamako udalek parte hartu?
Honeek euren lasterketa dabelako, Loroño memoriala, hain zuzen be. Gizon eta emakumezkoen arteko berdintasuna bultzatzea dau helburu lasterketa horrek. Baina Udalak antolatzen dau, ez komisinoak.
Egin gura izan dozuen ezer egin barik gelditu da?
Aurten San Pedro eta Santa Luzia zein egunetan jausi diran kontuan harturta, jaietako egun bat gitxiago dago. Ondorioz, ekintza gitxiago be badagoz: pintxo eta tortilla lehiaketak, esaterako, kendu egin dira. Ea datorren urtean barriro egiten doguzan.
Jai egitaraua ekainaren 27tik 30era luzatuko da, baina aldez aurretik gauza gehiago egin dira...
Bai. Padel txapelketa jokatu zen ekainaren 14 eta 15ean. Ganera, ekainaren 22an Loiu ‘Goiko’ eta ‘Behekoren’ arteko partida jokatu zan. Lehenik eta behin umeak ibili ziran, eta gero nagusiak. Ondoren, herri-bazkaria egin genduan eta 200 lagun inguru batu ginan han. Partidak auzokideek alkar ezagutzeko balio dau.
Loiutarrek itzel pasatzen dabe jaietan, baina horretarako lan handia egin behar da…
Bai, paellen egunean, batez be. Beste herri batzuetan norbera gura dauen lekuan jartzen da, eta bertan egiten dau paella. Loiun, ostera, koadrila bakoitzari aldez aurretik emoten jako lekua. Komisinokoek mekanotuboa jartzen dogu, eta gero lagun-taldeek toldoak ipintzen dabez. Hori guztiori apaintzeko, zazpi lagun ibili behar gara hiru egunean lanean. Zazpi baino 14 izanez gero, askoz lehenago amaituko geunke. Halanda be, merezi dau, jenteak ederto pasatzen dauelako. Beste alde batetik, azpimarratzekoa da zein ondo eta garbi gelditzen dan landa erabili ostean. Aurten beirazko kontainerra jarriko dogu oraindik txukunago gelditzeko.
Parte-hartze handiko jaiak dira Loiukoak?
Bai, baina parte-hartzea maila bitan neurtu behar da. Lehenengo eta behin, jaietan bertan. Jentea ondo pasatzeko prest dago, eta ekintzetan lagun piloa egoten da. Ganera, iradokizunak be egiten deuskuez jaiak hobetzeko. Horrek esan gura dau jaiek loiutarrak kezkatzen dabezela: igaz auzokide batzuek udalari deitu eutsien jaiak zirala-eta zoriontzeko. Eta guretzat oso pozgarria da hori.
Beste alde batetik, jaiak antolatu behar dira, eta arlo horretan jente gehiagok parte hartzea botatzen dogu faltan, gazteak batez be. Eta ulertzen dogu batzuetan zaila dala batzarretara etortzea, edo egun bat alferrik galtzea mekanotuboak jartzen, adibidez. Baina etorri behar da, batzarretan emoten diran eritxiak eta iradokizunak oso baliogarriak dira-eta. Eta batzarretara etortzeak ez dau esan gura inongo konpromisoa hartu behar danik. Zenbat eta eritxi gehiago jaso, orduan eta hobeak izango dira Loiuko jaiak. Zamudioko jaietan, esaterako, kultur-taldeak komisinoan dagoz sartuta, eta egoera bera Loiun izatea gustuko izango geunke.
Jai-egitaraua
Ekainaren 27a, barikua
19:00: Koadrilen jaitsiera, Landatxueta kaletik plazara, Ardoa barrura fanfarriak lagunduta.
19:45: Pregoia irakurtzea, Joseba Solo-zabalen eskutik.
20:00: LEKE dantza taldearen erakustaldia.
20:00: Paleta Txapelketaren finalaurrekoak, Irtxanek antolatuta.
22:00: Berbena, Egan berri taldearen eskutik.
23:30: Karinaren kontzertua.
00:30: Berbena, Egan berri taldearen eskutik.
03:00: Diskoteka, Zunzunegiren eskutik.
Ekainaren 28a, zapatua
Goizean zehar trikitilariak ibiliko dira herritik. Haurrentzako jolas parkea ere izango da.
10:00: Kalejira.
10:00: ‘Loiuko jaiak’ IV. Paella Lehiaketa.
10:00: Plater-tiroketa Goikogane Lauroe-tako landetan, Ehiza eta tiro elkarteak antolatuta
11:00: Umeentzako Pintura Lehiaketa.
14:00: Paellen aurkezpena
16:00: Bitsaren jaia.
17:00: Paella Txapelketaren sari banaketa.
17:15: Les enfantsen kale-animazioa.
18:00: Erromeria landan, Hotza taldearen eskutik.
21:30: Les enfantsen kale-animazioa.
23:00: Berbena, Nuevo talismán show taldearen eskutik.
03:00: Diskoteka, Zunzunegiren eskutik.
Ekainaren 29a, domeka (San Pedro)
10:00: Kalejira.
11:30: Meza.
11:30: Haurrentzako jolas parkea.
12:15: Organo kontzertua elizan.
14:30: Bazkaria landan. (Bakoitzak berea ekar dezala)
16:00: Txorierriko I. Emakume-txirrindularien lasterketa, Derio, Loiu, Sondika eta Zamudioko udalek antolatuta.
16:30: Haurrentzako jolas parkea.
18:00: Umeentzako berbena, Torromorro luma gorri taldearen eskutik.
19:00: Paleta Txapelketaren finala, Ir-txanek antolatuta.
20:00: Sardina jana.
21:30: Erromeria, Beste bat taldearen eskutik.
Arrastian barrakak erdi prezioan izango dira.
Ekainaren 30a, astelehena (Santa Luzia)
10:00: Kalejira.
13:00: Meza.
14:30: Jubilatuen bazkaria, Zabaloetxeko pilotalekuan.
17:30: Sun Magoaren ikuskizuna.
19:00: Txitxarrilloa Kable orkestreagaz.
22:00: Patxiko maskotaren erretzea eta txokolatada.