Amaia Garcia, Maitane Arias eta Sara Oyagüe Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditu barik abiatu ziren Mungialde Lan Hastapenerako Ikastetxera, sukaldaritzaz zerbait ikasteko asmoz. Aurten, lanean ibili dira Derion, ostalaritzako hiru leku desberdinetan.
Deriotik Mungiara, zer dela eta?
Sara: Lagun baten bidez jakin genuen Mungian bazegoela LH ikastegi bat eta bertan sukaldaritza ikasteko aukera zegoela, besteak beste. Eta hara joan ginen hirurok.
Aldaketa handia sumatu zenuten?
Amaia: Desberdina da. Taldeak txikiagoak dira, eta klaseak teoriko eta praktikoak dira; denak sukaldaritzarekin lotuak.
Maitane: Eta horrez gain, egunero bi ordu ematen genituen klasean, DBHko ikasgaiak prestatzeko.
Graduatua atera ahal izateko?
S: Bai, urtean zehar sukaldaritzako irakasleaz aparte, beste irakasle bi izan genituen DBHko ikasgaiak prestatzeko.
Eta sukaldean, zenbat denbora?
A: Beste hiru ordu eta erdi ematen genituen sukaldaritza arloan. Klase teorikoak baziren, eta gero otorduak prestatu (lehengo eta bigarren platerak, postreak...), osagaiak antolatu, platerak atondu, nola presentatu eta zerbitzatu... eta holakoak ikasi ditugu.
Zenbat irauten du prestakuntza mota honek?
M: Ikasturte bi. Baina bigarren kurtsoko azken hiru hilabeteak praktiketan eman ditugu.
Eta zenbat lagunek egin duzue ibilbide hau?
A: Hamar lagun izan gara, bost mutil eta bost neska, oso ondo konpondu gara, gainera. Harreman ona izan da guztion artean.
Eta praktikak? Nolakoa da “benetako lana�
S: Hirurok lan egin dugu jatetxe desberdinetan, Txoko Ona, Andrea hotelean eta Laia hotelean, eta alde handia dago: erritmoa guztiz desberdina da, dena oso azkar egin behar da...
M: Lehenengo egunetan galduta ibiltzen zara, ez dakizu zelan egin... Baina gero, astiro-astiro martxa hartzen da, eta aurrera...
A: Dena da berria, lekua, lankideak, lan egiteko modua... apur bat estresagarria, baina lana ona da.
Klasean lasaiago, beraz.
A: Bai. Esan bezala, taldea txikia zen. Irakaslearen laguntzaz, gauzak aurrera ateratzen ziren gure erritmoaren arabera. Kanpoan azkarrago ibili behar da.
Baina barruan soilik ez zarete ibili...
S: Egia da. Enkarguak egin izan ditugu: otorduak prestatu eta, kanporako.
A: Udaletxerako ere, hornikuntza lana egin dugu, luntxen batean zerbitzatu...
M: Mungiako ferian parte hartu dugu, sukalkia eginez..., txakolinarenean, txokolate dastatzea ere egin genuen... hainbat gauza.
Amaitu duzue, beraz. Zerbait botatzen duzue faltan?
Hirurak: Dudarik gabe, eskolako giroa. Taldearen lana, irakasleak gure gainean etengabe. Denbora luzea eman dugu elkarrekin, eta azkenean harreman estua sortzen da. Lan egiteko eremua atsegina zen. Eta inoiz arazoren bat izan dugun arren, denok ibili gara gustura.
Eta aurrerantzean, baduzue planik?
S: Nik lanean jarraitzeko asmoa dut, zerbait aurkitu ezkero. Ikusiko dugu.
A eta M: Seguru asko ikasten jarraituko dugu, batxilergoa (Maitane) edo beste prestakuntza-ziklorik (Amaia). Ikusiko dugu geuk ere.
“Ikasleen lana ikastea euren esku dagoela barneratzea daâ€
Mungialde LH Ikastetxeak beste tailer batzuk ere eskaintzen ditu sukaldaritzaz gain, hala nola, iturgintza, mekanika eta ileapaindegia. Orotara, berrogei eta bost ikasle izan ditu aurten. Denetan daude lan prestakuntzarako eta graduatu titulua ateratzeko klaseak, eta ikasleek urtean birritan (urtarrilean eta maiatzean) izaten dute azterketa egiteko aukera. Ikasturtea amaitu baino lehen praktikak egiten dituzte; kasu honetan, Derion bertan dauden jatetxeetan. Ainara Orue larrabetzuarra izan da gure hiru gazteen (eta beste zazpiren) irakaslea, eta pozik dago izandako esperientziarekin. Bere ustez, ikasleen lana ikastea euren esku dagoela barneratzea da, euren buruarekin konpromiso serioa hartuz. Asko ikasi duela kontatu digu, “irakasten ikasten baita gehienâ€, eta behin eta berriro baieztatzen ditu hiru nesken hitzak, batez ere lantaldeari dagokienez: “Nik uste dut, orokorrean, heldutasuna eskuratu dutela, eta hori lantaldean ikusi da; taldea ona izan da, batua, eta batak besteari lagunduz egin dute aurrera. Eta hori gauza ederra da betiâ€.