Itziar Legarreta autodidakta da. Txikitan etxean altzaririk edo beste edozer hausten bazen, berak konpontzen zuen. Zaharberritze ikastaroak egin ditu, eta Arte Ederretako Fakultatean ikasi du. Baina prestakuntzarik garrantzitsuena León maisuarengandik jaso du. León zur-urreztatzailea zen, eta Itziar hiru urtean izan zen haren tailerrean. Sondikakoak eskarmentu handia du altzarien zaharberritzearen munduan, behar horretan 20 urte daramatza-eta.
Zein helburu du zure lanak?
Gizarteak diseinu berriko altzariak ditu nahien gaur egun, baina oraindik badira oso garrantzitsuak diren antzinako altzariak. Altzariok gure ondarearen zati direlako eta orain erabiltzen ez diren egur eta gaiez eginak direlako dira garrantzitsuak. Artisauek eskuz egindako altzariak dira eta pena izango litzateke galtzea. Ondare hori berreskuratzea da nire helburua.
Zein altzariz ari gara?
Azpilak, euskal komodak, antzinako armairuak edo eskapolotak, aulkiak, mahaiak... Balio gutxi ematen diegun altzariak dira. Zeramikarekin zerikusia duten lan batzuk ere egin ditut.
Nola berritzen da altzari zahar bat?
Sitsek guztiz janda badaude, hau da jarraitu beharreko prozesua: altzariaren atalak askatu, eta txarto dagoen atala berriro egitea. Zein zur edo egur motaz egin zen atala, zur mota horixe erabili behar da atala berregiteko. Altzaria berriro ere osatu, eta eskulangileak bere garaian erabili zuen teknika berdinarekin saiatzen naiz zaharberritzen.
Gaitza izango da material horiek lortzea?
Egurra lortzea izaten da gaitza batzuetan. Altzaria zaharberritzea merezi ez duenean, ondo dauden aleak aprobetxatzen ditut beste altzari batzuetan erabiltzeko. Lagun batzuk arotzak dira eta, ahal izanez gero, eurek ekartzen didate egurra. Gainera, aholkua ematen didate zurgintza eta ebanisteria arloan. Beti dago zer ikasi lanbide honetan, eta horregatik gustatzen zait honenbeste: altzari bakoitzak erronka desberdinei aurre egiteko aukera ematen dizu.
Betiko kontua: ez dakigu artisauaren lana behar bezala baloratzen...
Zaila da aurrekontu bat prestatzea, askotan altzariaren arazoa begiratu batean dirudiena baino sakonagoa da. Batzuek garestia dela diote, baina ezagutu egin behar da atzean dagoen lana: altzariaren atalak askatu, piezak aldatu, kolatu... eta piezaren akabera. Nik ohiko akaberak egiten ditut: argizaria ematea, goma-lakazko bernizak... Eskuz bernizatzen dut: denbora luzea eskatzen du horrek, baina akabera zoragarria da.
Jendeak eskatzen dituen beharrak dira?
Ez naiz geldirik egoten, behinik behin. Hala ere, oso momentu korapilatsua bizi dugu gaur egun. Hau artisau ogibidea da eta, diruari dagokionez, ez da oso errentagarria. Ikastaroak ere ematen ditut, aurrera atera ahal izateko. Artea oso gogokoa izan behar duzu lan honetan jarduteko.
Horren txarto dabil sektorea?
Bilbon feria bi badaude ere, merkatua enkante-etxeek hartu dute eurentzat. Antigoalekoen saltzaile askok negozioa itxi behar izan dute, baita zaharberritzaile batzuek ere. Krisian gaude, eta diseinuaren aldeko joerak eragin zuzena du horretan. Gurea luxuzko artikuluen merkatutzat jotzen dute batzuek, eta ni ez nago ados. Gainera, zerbait dezente erosi nahi bada gaur egun, ordaindu egin behar da.
Baina baikorra zara.
Bai, uste dut urte batzuk txarto pasatuko ditugula, baina sektorea suspertu egingo dela. Antzinako altzariak-eta beti baloratu ditugu era batean edo bestean. Edozein museotan, jauretxetan... beti dago antzinako altzariren bat.
Feriarik bisitatzen duzu?
Enkante-etxeetara joaten naiz, Almoneda Azokara, eta beste azoka batzuetara... Nire lanaren zati da: merkatua nola dagoen ikusten dut, eta harremanak lantzen ditut antigoalekoen saltzaileekin, bezeroekin, beste zaharberritzaile batzuekin...
Lana eta eskola uztartzen dituzu.
Bai, Basaurin, Berangon, Sondikan eta Zamudion ematen ditut eskolak. Ikasleei antzinako altzarietarako zaletasuna txertatzen saiatzen naiz. Galbidean dagoen ondarea berreskuratzeko. Oso pazientzia handia izan behar da behar honetan jarduteko; batzuetan, urtebete eman behar duzu altzairu bat egiteko. Baina emaitza merezi du.