Derioko Merkataritza eta Ostalaritza Asteak gaztea

Aikor aldizkaria 2008ko ira. 23a, 15:10

Argazkiak: José Luis Sodeto

Urriaren 10ean eta 11n, Merkataritza eta Ostalaritza Astea egingo dute Derion. Bigarren aldiz egiten da aste hau, aurtengoak nobedadeak ekarriko dizkigu aurrekoaren aldean. Izan ere, besteak beste, gazteentzako ekintzak eta talde lana bultzatzen duten txapelketak prestatu dituzte antolatzaileek. “Gauza gutxi egiten dira orokorrean 14tik 18 urte bitarteko gazteentzat. Haiek gure bezeroak izan litezke, eta zaindu egin behar ditugula uste dugu. Gurera erakarri behar ditugu; eurekin ere gogoratzen garela ikus dezatela”. Derioko Merkataritza eta Ostalaritzako II. Asteak hainbat txapelketaz gozatzeko aukera emango die herriko eta Txorierriko gazteei. Besteak beste, Hiru vs Hiru Saskibaloi Txapelketa eta Wii Txapelketa izango dituzte. Lehenengoa txapelketa mistoa izango da, eta kirolean mutil eta nesken arteko berdintasuna bultzatzea izango du helburu. Bigarrenak talde lanari egin nahi dio ekarpena, eta irabazleei wii kontsola bana emango zaie saritzat. Bata Udalak ordainduko du, eta bestea, Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak. Etxeko txikiek ere izango dute zer egin eta zer ikusi. Makillaje, birziklatze eta goma-apar tailerrak antolatu dira, eta Toni La Sal aktoreak antzezlana eskainiko du zapatuan. Baina elkarteak familia osoa animatu nahi du Astean parte hartzera, eta, horretarako, “Atxorraren bila” ekimena egingo da. “Euskal pertsonaia historiko bat hartu, eta herriko dendetatik zehar pistak emango dira parte-hartzaileek topa dezaten”. Horrezaz gainera, Dardo Txapelketa, Karaokea eta Txokolatada ere izango dira. Antolatzaileek erosketa txekeak banatuko dituzte txapelketen irabazleen artean, herriko dendetan erabiltzeko. Aurtengo Merkataritza eta Ostalaritza Asteak oso egitarau berria proposatuko digu. “Moda-gala antolatu dugu orain arte. Hori oso ondo atera da beti; hala ere, aurreko formulak ekiditen saiatu gara, eta asteari ukitu berria eman”. Ekitaldiak euskaraz egingo dituzte, hizkuntza bultzatzea ere elkartearen helburuetako bat delako. Webgunea Derioko merkataritza sasoi onean dago, elkartearen ustez. Prezio lehiakorrak, hurbiltasuna eta kalitatea eskaintzen dituzte, eta hori badakite derioztarrek eta Txorierriko beste herrietako lagunek. Enpresetako lagunak ere hurbiltzen dira herriko dendetara, eta askok bertan egiten dituzte erosketak. Beste alde batetik, elkartearen webgunea laster jarriko dute martxan. Webgunea oso dinamikoa eta erabilgarria izango da eta herriko dendetan dauden eskaintzak agertuko dituen atal bat edukiko du. Erabiltzaileek ekarpenak eta iradokizunak egiteko aukera izango dute. “Zerbitzu hobea eman nahi dugu, Txorierriko merkataritzagune bihurtu”.