Eurek egin, eurek jan

Aikor aldizkaria 2008ko ira. 24a, 08:48

argazkiak: Maripi Agirre

Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak ikasturtea inauguratu zuen Sondikan, eta Larrabetzuko umeek sukaldaritza zerbitzu barik eman zioten hasiera kurtsoari. Hezkuntza Sailak langileak kendu ditu zeharkako kudeaketa duten eskola-jantokitik eta ikasleak etxera joan behar izan dira bazkaltzera, edo bazkaria etxetik eraman eskolara. Egoera horrek astebete iraun du eta guraso elkarteak sukaldariak berak kontratatzea erabaki du azkenean. Larrabetzuko gurasoen elkarteak 25 urte daramatza eskola-jantokia kudeatzen eta horrek dituen beharrizanak betetzen. Hezkuntza Sailak dekretu bat atera zuen 2000. urtean eskola-jantokiak arautzeko, eta mota bi ezarri ziren: zuzeneko kudeaketa duten jantokiak eta zeharkako kudeaketakoak. Lehenengoak Administrazioak kudeatzen ditu erabat: catering-enpresa kontratatu, langileak jarri, erantzuna eman beharrizanei... Zeharkako kudeaketa duten jantokiak guraso elkarteen esku daude, eta Administrazioak sukaldaritzako pertsonalaz hornitu ditu duela gutxira arte. Hezkuntza Sailak eredu biak eman zizkien aukeran gurasoen elkarteei, eta Larrabetzukoak zeharkako kudeaketako ereduarekin jarraitzea erabaki zuen. “Harrezkero Administrazioak ez ditu jantokiaren gabeziak bete nahi izan, eredu mota aitzakiatzat hartuz. Eman duten gauza bakarra sukaldaritzako pertsonala izan da; beste guztia geuk jarri dugu: babesleak, tresneria... Horiek ordaintzeko dirua jantokira joaten diranen kuotetatik atera da, eta kuota Administrazioak beste eskoletan ezartzen duena baino merkeagoa izan da”. Apirilean ohar bat zabaldu zen ikastetxeetan eta bertan hau azaltzen zuten: Hezkuntza Sailak sukaldaritzako pertsonala berrantolatu eta zeharkako kudeaketako zentroetatik kenduko zuen denboraren poderioz. Gainera, ez zuen ordezkorik jarriko bajak betetzeko. Guraso elkarteek Koordinadora bat sortu zuten BIGEren (Bizkaiko Ikasleen Guraso Elkartea) bitartez, eta hainbat bilera izan dute Administrazioarekin. “Guztietan erantzun bera eman digute: sindikatuekin akordio batera ailegatu dira eta arrazoi teknikoak direla-eta ezin dutela erabakia aldatu. Luzapena eskatu genuen uda aurretik ikastetxe bakoitzaren egoera aztertzeko eta konponbideak bilatzeko, eta ukatu egin digute irailean. Hala ere, ez digute jantokia kudeatzen jarraitzeko baimena kendu”. Sukaldariak bajan Ikasturtea hasi eta gurasoek aurre egin behar izan diote arazoari: sukaldari biak bajan zeuden eta Administraziorik ez zuten ordezkorik jarriko. Gurasoek aukeratutako ereduari eutsi eta Hezkuntza Sailari presioa egitea erabaki zuten. Bitartean, seme-alabek liburuak ez ezik tupperware-a ere eraman behar izan dute klasera, edo etxera joan dira bazkaltzera. Baina egoera eutsiezina izan da guraso batzuentzat eta, azkenean, gurasoen elkarteak sukaldaritzako pertsonala berak kontratatzea erabaki du. “Dena dela, borrokatzen jarraituko dugu eta aztertuko da Administrazioaren erabakia –bere langileen ordezkorik ez jartzea- legezkoa den”. Langile berriak kontratatzeak gastu gehigarria ekarri die eta horri aurre egiteko Hezkuntza Sailak ezartzen duenarekin parekatuko dute jantokiko kuota. Zailtasunak edo beharrizanak etorri ahala joango dira gainditzen. Larrabetzuko gurasoen elkarteak argi utzi nahi izan du euren jarrera ez dela kapritxoa. “Ez dugu seme-alaben eguneroko menua catering-enpresa batek erabakitzea. Guk dietisteekin egiten dugu behar eta menu orekatuak eta era askotakoak aukeratzen dira. Hainbat urtean zehar seme-alabek eskolako jantokian bazkalduko dute bost egunean, hamar hilabetean, eta ondo jaten ikastea oso inportantea da eurentzat. Gainera, kalitatezko eta sasoiko jangaien alde egiten dugu eta ekarpena ere egiten diogu inguruneko jasangarritasunari, gure hornitzaileak bertokoak baitira”.