Sorkunde Aiarza, Zamudioko alkatea: “Pertsona na

Aikor aldizkaria 2008ko ira. 24a, 15:06

Irailaren 19an Truiuondo zahar egoitza inaugurau dabe Zamudion

Zahar egoitzea oso proiektu garrantzitsua da herriarentzat. Zamudioztarrei ez eze inguruko herrietakoei be emongo deutse zerbitzua, eta lanpostuak sortuko ditu. Sorkunde Aiarza alkateagaz izan gara berbetan. Zahar egoitzea Zamudiok aspalditik izandako beharrizana eta asmoa da, ezta? Bai. Orain arte ez dogu halako zerbitzurik izan herrian, eta gure nagusiek inguruko beste herri batzuetara joan behar eben. Egoitzea bultzatu dogu, pertsona nagusiek be herrian integratu behar dabela pentsatzen dogulako. Nori emongo jako zerbitzua? Zahar egoitzea uztailean zabaldu zan eta gaur egun 12 lagun dagoz bertan. Batez be zamudioztarrentzako zerbitzua da, baina Txorierriko beste herrietako pertsona nagusi batzuk be badagoz. Azken baten, beharrizanak ez dira toki batekoak, inguru osokoak baino. Eguneko zentroan dagozan Lezama eta Larrabetzuko lagun batzuk, esate baterako, egunero joan behar eben Basauriko zentroraino. Eta orain oso hurbil dagoz etxetik. Erosoagoa da bai eurentzat bai familientzat. Erabat pozten zaituen proiektua da, begi-bistan dago. Aurrera ateraten diran proiektu guztiek pozten gaitue; baina askoz poz haundiagoa hartzen dogu proiektuok pertsonei zuzenduta dagozanean. Nagusiek geuretzat egin dabe behar, eta orain geuri dagokigu behar daben bezala zaintzea. Bizi-kalitatea hobetu behar deutsegu; bai eurena eta bai familiarena be. Ganera, inportantea da eurentzat herrian egotea, paseatzera urteteko moduan badagoz, adibidez, bertoko jendeagaz egoteko aukerea dabelako. Ganera, egoitzeak lanpostuak be ekarriko deutsaz herriari... Beharginak aukeratzeko prozesua Behargintzaren bidez egin da, eta prozesu horretan lehentasuna emon jake zamudioztarrei lehenengo, eta txorierritarrei, gero. Oso perfil espezifikoa behar daben lanpostuetatik aparte, geriatriako laguntzaile ikastaroa antolatu da. Ikastaroan parte hartu dabenek praktikak be egin dabez zentro batzuetan. Euskara ikastaroa emon da, zerbitzu elebiduna eskaini behar dauela pentsetan dogulako. Kurtsoetara hurbildu edo beste lanpostuen ganeko informazinoa eskatu daben gehienak emakumezkoak izan dira. Hori kontuan hartzeko datua da, Zamudion ezkutuko beharretan dabilzan emakume kopuru inportantea baitago, eta lanpostua eskuratzeak lagunduko deutse erretreta-pentsioari begira. Zahar egoitzan dagozan lagunen kopurua hazi heinean, jenteari deitzen joango da, sortzen diran beharrizanei erantzuna emoteko. Plaza guztiak beteten diranean, geriatriako 43 laguntzaile izango dira beharrezkoak. Zamudion badago alkarte bat, Alkartasun taldea, gaixoei eta egoitzetan dagozan zaharrei bisitak egiten deutsezana. Behar hori herriko zahar egoitzara be zabalduko dabe? Bai, eta hainbat bisita egin dabez dagoeneko, ganera. Egoitzako zuzendariak hasiera-hasieratik hartu eban pozik iniziatiba hori. Oso behar garrantzitsua da, lehen aitatu dogun integrazino prozesu horretan gure nagusiek ezin dabelako loturea galdu herriagaz. Egoitzeak 160 lagunentzako tokia dau Uztailean zabaldu baeben be, Truiuondo zahar egoitzea irailean inaugurau dabe ofizialki. Inaugurazinoan Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak eta Juan Maria Aburto Gizarte Ekintzako foru diputatuak hartu eben parte, Sorkunde Aiarza Zamudioko alkateagaz eta herritarrakaz batera. Egoitzako beharrak orain urte bi hasi ziran. Udalak 6.970 metro koadroko orubea laga eutsan Foru Aldundiari Torrelarragoiti industrialdean, zahar egoitzea han egiteko. Beharretan 9,1 milioi euroko inbertsinoa egin da, eta Aldundiak Naguspea SL enpresari emon deutso egoitzearen kudeaketa 38 urterako. Truiuondo zahar egoitzan 120 zahar hartzeko tokia dago. Toki horietatik 24 pribatuak dira eta besteak foralak. Eguneko zentroa be badago egoitzan, eta 40 lagunentzako tokia dago han. Plaza guztiak foralak dira kasu horretan, eta horrek esan gura dau Foru Aldundiaren mende dagozala eta, ondorioz, subentzionatuta dagozala. Eraikinak 7.010 metro koadro eta lau solairu ditu. Erdisotoan sarbiderako gunea dago eta beheko solairuan, besteak beste, instalazio honeek jarri dabez: harrera-lekua, guztientzako eremua, bulegoak, egongelea, gimnasioa, jantokia, kafetegia... Solairu horretan eguneko zentroa be badago, psikogeriatiko eta integrazio gelak dituana. Logelak lehen eta bigarren solairuetan dagoz, eta bertan jantokia, okupaziozko terapia egiteko gelea, bisitentzako gelea, erizaintzako postua eta botikina be atondu dabez. Beste alde batetik, ohiko zerbitzuez ganera, egoitzeak honeek be eskaintzen deutseez nagusiei: ortopedia, podologia, protesiak, pelukeria...