Jubilatuen alkarteak pregoia emon eta txupina botako dau arratsaldeko 7:30etan. Handik aurrera, eta bost egunean zehar, jaia, dibertsioa eta herritar guztiei zuzendutako ekitaldiak nagusi izango dira Zamudion.
San Martin jaiek aurreko edizinoen eskema errepikatuko dabe, ekintza batzuk derrigorrean antolatu behar dira-ta urtero. Baina nobedadeak be ekarriko dauz, eta ez dira gitxi izango, ganera!
Zapatuan bertso herri bazkaria egingo dabe frontoian. Bertsolariakaz batera tabernarik taberna ibiliko dira poteoan, eta ekintzan txistulariek eta Zamudioko Kamara Koralak be hartuko dabe parte. Horren ostean, guztiak bazkaltzera! Frontoian goxo egongo dira, hotzari bildur izan barik, berogailuak jarriko dabez-eta. San Martin jaietako menu tipikoa izango da eta 15 euro balio dau nagusientzat eta 10 euro txikientzat. Liburudendan, Marielinean edo udaletxean emon lei izena.
Arratsaldean herri kirolen lehiaketea egongo da: lokotxa, sokatira, trontza... Helburua hauze da: emakumezkoen lau talde eta gizonezkoen beste lau talde osatzea, norgehiagoka aritu daitezan eta giroa sortu daiten herrian.
Zapatua tabernaz taberna hasi, eta tabernarik taberna amaituko dabe. Izan be Taberna Ibiltariak euskal kantutegia birpasatuko dau trago artean.
Kulturak be bere lekua izango dau San Martin jaietan. Juan Manuel Gonzalez Bilboko Eleiz Museoaren zuzendariak azalpenak emongo dauz domekan Zamudioko eleizako erretaularen inguruan.
Nobedade horreetatik aparte, Odoloste eta Txerriki Pintxo Lehiaketea egingo dabe lehenengo aldiz. Txapelketan parte hartu gura daben tabernariek azaroaren 4a baino lehen emon behar dabe izena udaletxean. Tabernetan kutxa bat jarriko da eta pintxoak dastatu ondoren, herritarrek bertan itxiko dabe euren botoa. Pertsona bakotxeko boto bakarra emon leiteke taberna bakotxean. Irabazleak 150 euro jasoko dau saritzat eta boto-emoleen artean lagun birentzako afaria zozketatuko da.
Limusin Albegorrien Txapelketa
Odoloste lehiaketea jai-egitarauaren barruan antolatu dabe oraintsu arte. Baina aurten Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokean egingo dabez lehenengo aldiz. Holan, jente gehiagok izango dau aukerea odolosteak zelan egiten diran ikusteko.
Zamudioko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokea baserri arloko hitzordurik garrantzitsuenetarikoa da, eta hasierea emoten deutse nolabait San Martin jaiei. Azokea azaroaren 1ean eta 2an izango da. Egun horreetan egongo diran ekitaldien artean honeek aitatu leitekez: Bizkaiko Limusin Abelgorrien XVI. Txapelketea, labedun okelaren dastaketea eta idi-probak. Azokan 90 buru gitxi gorabehera jarriko dira ikusgai.
Beste alde batetik, postuak be egongo dira azokarem gunean: ogia eta pastela, barazkiak, fruitak, gaztaia... eta slow food-en ganeko karpea jarriko dabe.
Jai-egitaraua
Azaroak 7, barikua
19:30: Txupina eta pregoia, Jubilatuen alkartearen eskutik
19:30: Kartel lehiaketaren irabazleari, saria emotea.
19:40: Karameluen jaurtiketea
19:45: Kalejira: txistulariak, trikitilariak eta buruhandiak
20:00: Kontzertuak: From Lost To The River + Etsaiak + Akerbeltz
Azaroak 8, zapatua
10:00: Umeen Eguna. Puzgarriak eta jokoak, frontoian
11:30: Kalejira, Bertoko taldeagaz
12:30: Kiki, Koko eta Moko pailazoak.
12:30: Bertso poteoa, txistulariakaz eta Zamudioko Kamara Koralagaz
14:00: Bertso herri bazkaria
17:00: Herri kirolen lehiaketea
20:30: San Martin kontzertua, eleizan. Txistua eta perkusioa
21:30: Taberna ibiltaria
23:00: Kontzertuak: Noizean Behin + Betagarri + Trikizio
Azaroak 9, domeka
11:00: Meza nagusia
11:30: Eleizako erretaularen azalpena, Bilboko Eleiz Museoaren zuzendariaren eskutik
11:30: Kalejira, txistulariakaz
12:30: Dantza agerraldia
16:00: Mus eta briska txapelketak, adinekoen etxean
17:00: Gazteentzako tailerrak
20:00: Musika, adinekoen etxean
Azaroak 10, astelehena
18:30: Fanfarrea
19:30: Pintxoak, tabernetan
Azaroak 11, martitzena
12:00: Mezea
12:30: Kopaua, frontoian
17:00: Goitibeheren jaitsierea
19:00: Fanfarrea
XIV. Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokea
Azaroak 1, zapatua
10:00: Animaliem pisasketea
11:00: Emeen txapelketea
14:00: Labedun okelaren dastaketea
16:00: Arren txapelketea
21:00: Idi-probak, plazan
Azaroak 2, domeka
09:00: Odoloste txapelketea
10:00: Nekazaritza eta abeltzaintzaren erakusketea
11:00: Behirik, zezenik eta ganadutegirik onenak aukeraketea
12:00: Enkantea
13:00: Sari banaketea