Lezama herriak zer beharrizan ditu?
Lezama ez da krisitik kanpo geratu. Udalek esparru horretan ardura zuzenik izan ez arren, ahal dugun guztia egingo dugu Lezamako emakume eta gizonen bizitza kalitatea hobetzeko: enplegua, ekonomia, kultura, aisia... Horiek denak jorratu nahi ditugu, beti pertsona goiburu.
Enplegu alorrean, zer proposamen egiten ditu Lezamako EAJ-PNV-k?
Gure industrialdeak sustatu nahi ditugu enpresa berriak erakartzeko; horrez gain, langabezian dauden herritarren lan munduratzea ahalbidetzea bultzatuko dugu enpresekin akordioak hitzartuz. Enpresa berriak gure herrian ezartzen badira horrek eragingo du langabezi tasa nabarmen jaistea, bereziki gazteen artean.
Eta, kultura eta aisiaren alorrean, zer proposatzen duzue?
Kulturak eta aisiak, dena bateratuta, gizarte dinamikoagoa eta aktiboagoa egiteko tresna izan behar dute. Hori da, hain zuzen, Lezamarentzat nahi duguna: herritarrek Lezama herria Lezaman bertan gozatzea. Horretarako, gure herriko elkarteekin batera arituko gara. Horren herri txikia izan arren, elkarte asko eta asko ditugu eta haiekin negoziatuko dugu jarduera eskaintza hobetzeko. Halaber, Kurtze auzoko baselizan erakusketak antolatu nahi ditugu eta kaleko eskaintza zabaldu. Ludotekari dagokionez, oraingoak baino sarbide hobeak izango dituen tokia prestatuko dugu eta horrek ere suposatuko du oraingo Gaztelekua lekuz aldatzea. Neurri horiekin kalitate handiagoko zerbitzuak eman nahi dizkiegu umeei eta gazteei.
Zein beste egitasmo garatu nahi dituzue?
Alde batetik, Kurtze auzoa Zamudiorekin lotu nahi dugu eta espaloia egingo dugu horretarako. Irisgarritasuna hobetzeko neurri horiei esker Lezamako herritarrak kaletik ibili ahalko dira segurtasun handiagoarekin. Beste alde batetik, EAJ-PNVrentzat kirola osasun iturria delako, herrian bertan gimnasioa eraikitzea sustatuko dugu. Txorierriko kiroldegiak erabiltzeko diru laguntasunak ematen jarraituko dugu eta txirringak garbitzeko gunea egingo dugu eskolen ondoko gunean.
Lantaldea nola deskribatuko zenuke?
Oso argi daukat kudeaketa lan onaren gakoa lan talde ona izatea dela eguneroko lanari behar bezala ekiteko. Horregatik, hauteskundeetarako aurkeztuko dugun lantaldeak Lezamaren alde eta Lezamarentzat lan egingo du. Talde gaztea da, bataz beste 42 urte dituzte, eta, batez ere, ilusioz betetako taldea da. Eguneroko lanerako prest dagoen taldea osatzen dugu, jendearekin arituko dena, kalean, herritarrekin.
Hurbiletik
Jon Ander Aurrekoetxea Artetxe, ‘Txo’ ezizenez ezaguna, Lezaman jaio zen 1969ko maiatzaren 3an eta orain herrigunean bizi den arren, haurtzaroa eta gaztaroa Kurtze auzoan eman zituen. Aurrekoetxea argiketaria da eta bere lanbidea udal kudeaketarekin uztartzen du. Lau urte daramatza Lezamako Udalean, Hirigintza eta Jaiak departamentuetako arduradun gisa; alkate ordea ere bada. Lezama herriaz esan du herritarrak direla herriko onena: “Gustuko dut kalera joan eta herrikideak agurtzea, izena eta abizenez ezagutzen ditudan herrikideak dira”.