Iker bisitaldia zuela harrapatu genuen Bilboko Arte Eder Museoan. Sorolla margolariaren erakusketa dago bertan, eta bisitariek arreta handiz jarraitu diete zamudioztarren azalpenei. Guk ere hartu dugu parte bisitaldian.
Artearekin lehenengo kontaktua unibertsitatean izan zenuen.
Ikus-entzunezkoen mundua izugarri gustatzen zitzaidan eta argazkigintza eta bideogintza ikasi nahi nituen. Arte Ederretako fakultatean sartu eta karrera amaitu nuenean, Artearen Historia ikastea erabaki nuen. Artearen munduan buru-belarri sartu nintzen orduan.
Zertan datza zure lana museoan?
Praktikak egin nituen Guggenheim museoan sei hilabetean, eta handik Arte Eder Museora etorri nintzen. Hezitzaileak behar zituzten eta publiko orokorrari zuzendutako bisitaldiak egiten hasi nintzen. Geroago, museoko hezkuntza sailetik deitu zidaten umeekin ere lan egiteko, eta gaur egun hezitzaile guztien koordinatzailea naiz. Museoan zazpi urte daramatzat guztira, eta lan honetan, bost urte eta erdi.
Radio Euskadiko Graffiti saioan kolaboratzaile ere bazabiltza eta astean bitan irakasle jarduten duzu Clara Campoamor Barakaldoko kultura etxean. Zeinetan zaude erosoen?
Gehien gustatzen zaidana bisitaldi gidatuak egitea da, publikoarekin momentu orotan zaudelako harremanetan. Bost urtetik gorako bisitariak etortzen dira museora eta bisitaldiak taldearen ezaugarrietara egokitzen ditugu. Ekintza osagarriak ere antolatzen dira: tailerrak eta abar.
Gustura irratian?
Kolaborazioa martitzenetan egiten dut. Nahi dudan koadroa aukeratu eta haren gaineko azalpena ematen dut. Oso pozik nago beste modu bat delako artea azaltzeko. Entzuleari, ordea, zaila egingo zaio zertaz ari zaren imajinatzen, eta horregatik oso inportantea da koadroaren oso deskribapen zehatza egitea hasieran.
Ezezagun handia da artea oraindik?
Museo mundua apurka-apurka zabaltzen doa publiko orokorrari. Museoetatik ere hainbat eskaintza egiten ari dira eta horrek jendea erakartzen du. Adibidez, doako bisitaldiak egiten dira taldeentzat, edo gonbidapena egiten zaie ikastetxeei-eta ikasleak museora ekartzeko. Nire ustez, oso inportantea da eskoletatik, ikastetxeetatik... gutxienez urtean behin museora etortzea, ikas dezaten zer den museo bat, zer dagoen hemen, nola portatu behar diren, zelan baloratu behar diren artelanak... Guggenheim museoaren irekierak eragin handia izan du beste museotan, eta lehen ez zegoen publikoa dugu gaur egun. Beste alde batetik, 100 urte bete ditu aurten Bilboko Museoak eta duela urte batzuk “jende oso espezializatua-edo†etortzen bazen, oso publiko zabala dugu orain. Poztekoa da.
Nolako ideiarekin dator jendea museora?
Isil-isilik sartzen dira pentsatzen dutelako hemen ezin dela hitz egin, eta hori ez da egia. Museoan hitz egin dezakegu, baina era moderatuan. Eta batez ere pentsatzen dute ez dutela ezer ulertuko. Eta, jakina, ez da berdin museora zeure kabuz joatea edo bisita gidatua egitea. Museo gidariak hainbat azalpen emango dizkigu artelanei buruz; eta bisitaldia geure kabuz egiten badugu eta ikusiko dugunari buruzko ezagupenik ez badugu, nekez ulertuko ditugu artelan horiek.
Bitartekaria zara artearen eta publikoaren artean, lan zaila da?
Oso erraza da konektatzea museoko hezkuntza sailak jasotzen duen publikoarekin; nagusiekin, batez ere. Oso jarrera ona izaten dutelako eta erakusketa ikusteko ez ezik ikasteko ere etortzen direlako. Txikiekin apur bat gehiago kostatzen da. Taktikak erabili behar izaten ditugu euren arreta erakartzeko, ez aspertzeko.
Museoa eta artea ez direlako aspergarriak.
Ez, nahiz eta ez ulertu. Egilea ezagutzen badugu edo gidari batek lagunduta egiten badugu bisitaldia, askoz hobeto. Baina artelanaren aurrean gaudenean zerbait transmititu edo inspiratzen badigu, nahikoa da ulertzeko.
Bizkarrezur apurtua
Margolan bat aukeratu eta horren gaineko azalpena emateko eskatu diogu Ikerri. Frida Kahloren (1906-1954) Bizkarrezur apurtua aukeratu du.
“Autorretratu hau erabat ezberdina da, Fridak bakarrik margotu baitzuen bere burua; hau da, animalia, landare, zuhaitz... barik. Frida bakarrik azaltzen da, lautada batean negarrez eta zeru ekaiztsupean.
Autorretratua 1944. urtean margotu zuen. Garai hartan okerrera egin zuen haren osasunak eta bost hilabetean altzairuzko kortsea jantzi behar izan zuen bizkarrezurrari eusteko.
Badirudi kortsearen uhalak margolariaren gorputz apurtuari eusten dioten bakarrak direla. Gorputz biluzia zulatzen duten iltzek emakumearen larritasuna azaltzen dute: iltze luzeenak bihotza zulatzen dio eta Diego senarrak egindako mina azaltzen du.
Bizkarrezurra ageria da Fridaren gorputzean eta kokotsa boluta biko kapitel baten gainean du jarrita. Adituen arabera, zutabea falo bat irudikatzen du, izan ere, Fridak sexua eta mina lotzen zituen, 1927. urtean izandako autobus-istripu batean altzairuzko barra batek bagina zeharkatu zion-eta. Bizkarrezurra eta pelbisa hiru zatitan apurtu zitzaizkion istripuan, klabikula eta saihets-hezurrak ere hautsi zituen. Eskuineko hanka hamaika tokitan apurtu eta eskerreko oina eta sorbalda dislokatu zitzaizkion. Mina eta sendotasuna nagusi izango ziren Fridaren bizitzan hortik aurrera.
Paisaia sikuaren pitzatuak artistaren mina eta bakartasuna irudikatzen duten sinboloak dira.
Zeruari kontsolamendua eskatu beharrean, aurrera zuzentzen du begirada, finkotasunez, bere buruari eta ikusleari desafioa bota nahi izango balie bezala.
Teoria bi daude hanken gainean duen oihalari buruz. Lehenengoaren arabera, bere zauriak San Sebastian martiri kristauaren moduan erakusteko erabili zuen. Bigarrenaren arabera, izara geroago margotu zuen. Aurpegian minaz betetako mezua du eta ez zuen nahi pelbis biluziak ikuslearen arreta aurpegitik desbideratzea nahiâ€.