Euskaltzaleek hitzordua dabe Loiun

Aikor aldizkaria 2008ko aza. 19a, 15:53

Abenduaren 3an Euskara Nazioarteko Eguna ospatuko da eta data horren inguruan hainbat ekitaldi izango doguz Txorierrin azaroaren 28tik aurrera. Ekitaldiok Loiun izango dira aurten, eta euskaren normalizazioari ekarpena egitea edukiko dabe helburu nagusia. Euskara Eguna sei egunean zehar ospatuko dogu aurten eta Txorierriko ume guztiei zuzendutako ekitaldia egingo da lehenengo aldiz. Ekitaldi hori Betizu eta oilarraren kukurrukua da eta zapatuan egingo da. Baina Euskara Egunaren inguruan antolatutako ekitaldiak aurreko egunean, barikuan, hasiko dira. Iker Galarza eta Xabier Usabiaga aktoreek Bota patsa antzezlana eskainiko dabe goizean frontoian. Antzezlana Txorierri Institutuko gazteek ikusteko aukerea edukiko dabe. Ekintzei begiratuta egunik potoloena zapatua izango da, antolatzaileen esanetan. Betizu ikuskizuna goizean eukiko dogu eta arratsaldean triki poteoa egongo da, Loiuko kaleak eta tabernak girotzeko. Triki poteoa irailean martxan jarritako Berbalagun ekimenaren barruan antolatu da, eta aitzaki ezin hobea izango da egitasmoan parte hartzen daben txorierritarrek alkar ezagutzeko. Baina noski, gainontzeko herritarrak be gonbidatuta dagoz berbalagunakaz batera euskaraz aritzeko eta ondo pasatzeko. Triki poteoaren ostean, kantaldia emongo dau Amaia Zubiriak. Domekan, ostera, bertsolariek hartuko dabe lekukoa. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Etxahun Lekue eta Xabi Paya bat-batean arituko dira frontoian. Punta-puntako bertsolariak edukiko doguz, beraz. Umeak protagonistak izango dira gainontzeko egunetan. Astelehenean Patxin eta Potxin pailazoen emonaldiak etxeko txikienei gozararazoko deutse, eta Txan Magoak saioa eskainiko dau martitzenean. Zintzoren ametsa antzezlanak amaitutzat emongo dau Euskara Egunaren egitaraua eguaztenean. Eskoletako umeek parte-hartze aktiboa edukiko dabe eurei zuzendutako ekitaldietan. Holan, bertsolaritza klasean dabiltzanek letra barria jarriko deutse euskal kantu ezagun bati, eta gainontzekoei irakatsiko deutsee ekitaldietan kanta dagien. ‘Euskara’ hitza be osatuko dabe ekitaldi bakotxean. Beste alde batetik, aurten Sondikako herri ikastetxeak hartuko dau Euskara Eguna aurkezteko ardurea, Loiun herri ikastetxerik ez dagoanez bertoko umeak Sondikara joaten dira eta. “Gakoa erabileran dago” Eustat Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera, bi urtetik gorako 18.441 biztanle egoan Txorierrin 2006. urtean. Horietako 8.313 euskaldunak ziran; eta 4.563, ia euskaldunak. “Holan ikusita ez dira datu txarrak, kontutan hartu behar dogulako 18.441 biztanletatik 12.826 euskeraz berba egiteko gai dirala. Baina benetan aztertu behar doguna euskeraren erabilera da, eta kalean oraindino oso euskara gitxi entzuten da zoritxarrez, edo behintzat guk gurako geunkena baino gitxiago”, esan deusku Laura Martinez Mankomunitateko euskara teknikariak. Euskararen erabateko normalizazioa lortzea prozesu luzea da eta horren emoitzak apurka-apurka ikusten dira. Mankomunitatetik aurrera eroandako politikek eta egitasmoek oso erantzun positiboa jaso dabe herritarren aldetik. “Halanda be, euskararen erabilera nola sustatu asmatzean dago gakoa, eta horretan ari gara buru-belarri”. Kontzientziazioa lehenengo urratsa da normalizazio bidean eta Euskara Egunak hura dau helburuen artean. “Eskolako umeek ia hiruhileko osoa emoten dabe Euskara Eguna prestatzen, eta oso garrantzitsua da, tarte horretan sikeran euskara hizpide dabelako. Era berean, euskaltegietan, Berbalagun bezalako proiektuetan eta hainbat eta hainbat arlotan egiten dan beharra ezinbestekoa da. Baita euskara alkarteek urte osoan zehar egiten daben beharra be”.