Testua: Pospolin; Argazkiak: Jose Mari eta Pospolin
Basauriar fraidea, San Viator ordenakoa. Bere ama Lezamako Iturribarri baserrikoa zan, eta bere osaba bat, Larrabekoa. Peruko Amazonia lurraldeetatik dabil misiolari lanetan. Geure artean izan da eta bere testigantza eredugarria eta interesgarria jasotzeko aprobetxatu dogu.
Labur-labur, nondik nora joan da zure bizitza?
Basaurin jaio nintzan, 1937ko maiatzaren 14an, gerrako bonben astrapala eta ostaltzeko joan-etorrien azpian. Nire aita “La Vasconia†lantegiko langilea zan, eta ni zazpi neba-arreben arteko bosgarrena. Beste gehienek legez, txarto pasatu genduan umezaroan. Sei urtegaz Arizko eskolara hasi nintzen eta hamarregaz Vasconiako langileen semeentzat zan San Viator ikastetxean onartu ninduen. Egun ha, nire etxeko une oso pozgarri moduan daukat gogoan. Hiru urtez ikastetxean egon ondoren, San Viatorreko kide izateko gonbitea jaso neban. Nik, hori zer zan ondo jakin barik, irakasleen izakerea eta bizi modua gustokoa nabanez, baietza emon neutsen.
Zein da Lezamagaz daukazun hartu-emona?
Nire Lezamarekiko erreferentziak oso argiak dira: ama Iturribarri baserrian jaioa zan eta aitaren parteko osaba bat Larrabekoa. Txikitan, 6-7 urtegaz Larrabera joaten nintzan eta geroago, 10-12 urte bitartean Iturribarrin oso pozik igarotzen nebazan nire oporraldiak, behiak jagoten, txarrientzako jatekoa prestatzen… eta olgetan.
Eta abadetzarako ibilbidea?
Hamairu urtegaz Eskoriatzako gure seminarioan sartu nintzan. Gero Sopuertan, Zaragozan, Gasteizen…, magisteritza, unibertsitate aurreko eta teologia ikasketak burutu arte. Sevillan ordenatu nintzan abade, 1968an Eukaristia kongresu bat aprobetxatuz, eta nire anaia bi han egozelako beharrean eta bizitzen. Nire gurasoentzat lehenago ezineko eztei-bidaia bihurtu zan, bitan pozgarria, seme baten abadetza eta beste seme biri bisita-bidaia.
Hortik aurrera, zer?
San Viatorreko abade bihurtu nintzan. Jendeak jakin behar dau gure kongregazinoaren ezaugarri nagusiak xumetasuna eta txiroei laguntasuna emotea direla. Gero, hor ibili naz gure formazio zentroetan zehar irakasle, bokazioen sustatzaile, gazteen animadore, abesbatzaren eragile… Erromara be joan nintzan ikastera, gero zortzi urtez gure kongregazioaren Espainiako nagusia izateko… Madrilen be egon nintzan urte betez, teologia ikasketak freskatzeko, eta, bide batez, oin-erreflexologia ikastaroak egiteko. Beti esaten dot hiru zutabe direla nire bizitzan: lehenengoa pertsona izatea, bigarrena San Viatorreko kide izatea eta hirugarrena oin-erreflexologia ikasi izana. Azken honek be gizatasun esperientzia handia emon deust, bai pertsonakaz tratuan ibiltzeko eta baita giza gorputzak osatzeko dituen bideak arakatzeko.
Zelan bururatu jatzun 65 urtegaz misiolari joatea?
Pentsatu neban beste gauza bat egiteko eta aldatzeko momentu ona zala. Eskatu neban Afrikako Burkina Faso edo Boli Kostara (frantses hizkuntzagaitik), osterantzean Hego Ameriketara joatea. Peruko mendilerroan dagoen Yungay izeneko herrira bialdu ninduen, eta han urte bete eta erdiz egon ondoren, estatu bereko ohianera, Tamshiyacura, aldatu behar izan neban. Handik ibili naz azken 5 urteotan. Meza eta erlijio kontuetatik aparte, laguntza eta aholkularitza zereginetan ibilten naz, bai hezkuntza zentroetan eta bai parrokia osoan, ahal dodan neurrian oin-erreflexologia terapiaren aplikazioa alde batera itxi barik.
Zelangoa da hango testuingurua?
Nire parrokia osatzen daben 90 komunidadeetatik ez da geratzen tribu aborigenik, galdu dira bertako hizkuntzak espainolaren indarrez. Beste parrokia batzuetan, ostera, gehienak dira bertako lehenengo biztanleetarikoak. Guk antolatzen ditugun katekesi ikastaroetan ekiten deutsogu neska-mutil bakoitzak bere sustraiak bilatu dagiezan. Baditugu espezialista batzuk horretan laguntzeko, karantza, abizen eta beste ezaugarri batzuetatik familia edo tribu batekoa edo bestekoa dan jakiteko. Batzuek ez dabe gura eta ez dabe onartzen nondik datozen agertzerik. Guk, ostera, ahalegina egiten dogu herri edo arraza bezala alkar maite dagien.
Eta zer dino historiak?
Ez da asko idatzi hango historiaz. Labur-labur azalduta, Amazonas deskubritu ebenetik inbasioaren eta jatorrizko produktu naturalen ustiapenaren kontakizuna da. Orain 125 urte sortu zan Tamshiyacu, kautxuaren produkziorako bertako tribuei lurrak kenduz. Gitxi batzuentzat aberastasuna eta bertakoentzat txikizinoa eta hiltzea suposatu eban honek. Kautxuaren ustiapenak behera egin ebanean, ingelesen bitartez beste lurralde batzuetan (Java, Sumatra…) merkeago emoten zalako, pizti-larruaren komertzioa etorri zan, XX. gizaldiaren erdirantz. Oraintsuago arrain koloretsu apaingarrien hazkuntza eta salmenta be sartu da. Eta hemen dator larriena: esaten da Tamshiyacu petroleo poltsa handi baten gainean dagoela eta badakigu horren ondorioak zeintzuk izango diran. Jendea kontzientzia hartzen hasi da horrek dakarren batzuentzako aberastasunaren eta besteentzako kutsaduraren gainean. Amazoniaren deforestazioaren arazo larria be hor dago. Eta azkenik, etorkizunerako beste arazo bat be etorriko jakulakoan gagoz: munduan ur gozoaren urritasuna dala eta, hasi dira Estatu Batuak posizinoak hartzen: ura be kenduko deuskue!
Zeintzuk dira gizon hain dinamikoaren etorkizunerako proiektuak?
71 urte ditut, eta, askotan esaten dodanez, iraungitze-data daukat. Orain ondo sentitzen naz, eta beste urte birako han geratzea eskatu eta baimena lortu dot. Ez dakit azkenak izango diran ala ez, nire osasunaren, familiaren eta proposatzen deustienaren arabera esan beharko da.
Tamshiyacu (Quichueraz “tamshiâ€=soka eta “yacuâ€=ura)
Estatua: Peru; eskualdea: Loreto; herrialdea: Maynas; barrutia: Fernando Lores; herria: Tamshiyacu. Amazonas ibaiaren hertzean kokatuta, 03º 29’ 57’’ hego latitudean eta 73ª 02’ 24’’ mendebal longitudean. Klima tropikala, beroa eta hezetasun handikoa. Arratsalderako freskatu egiten du ibaiak dakarren haizetxuaren eraginez. Barrutiak 22.000 biztanle baditu, Tamshiyacun 8.000 aldera batzen dira. Jose Mariren parrokiaren ardurapean 18.000 eliztar geratzen dira. Parrokiaren lurraldea Bizkaia osoa baino zabalagoa da. Gehienak nekazaritzatik bizi dira. Kalitate handikoak dira ananak eta humariak. Yuka, bananak eta artoak be ondo emoten dira. Hara joateko: Bilbo-Madril-Lima-Iquitos (hegazkinez), Iquitos-Tamshiyacu (txalupaz).
Tamshiyacu-Lezama proiektua
“Azkenengoz Lezamara etorri nintzeneko txispa baten ondorioz sortu zan proiektua. Tamshiyacun, Lezaman bezala, Ama Birjinaren zaindari-jaiak ospatzen doguz irailaren 8an. Hori atxakiatzat hartuta, adiskidetze edo, frantsesek esaten daben moduan, “jumelage†antzeko bat egin leitekeela pentsatu neban. Ideia bota eta Zorrizketanekook hartu dozue, zorionez. Hasteko ez da gauza handirik behar, alkar ezagutzea, alkarrenganako adiskidetasun eta sentsibilidadea izan daitekez helburuak. Gero gerokoak. Eta zuetariko batzuk hara bazatoze, hangoa ezagutzera, ederto!, zuek izango zarie Tamshiyacuren sustatzailerik onenak. Baina etortzekotan, batez be ikastera etorri, ez etorri jauntxo edo tribu-buru modura. Ia datorren udarako danon artean bidaiatxu bat antolatzen dogun!â€
Argazki erakusketa eta proiektuaren zehaztasunak
Lezamako Kultur Aretoan, abenduak 21 (12:00-14:00), 24 (17:00-19:00), 28 (12:00-14:00), 31 (17:00-19:00), urtarrilak 4 (12:00-14:00).
Zorrizketan Euskera Alkartearen eskutik