Testua eta argazkiak: Gaizka Eguskiza
Loiuko txalet bat eta Zamudioko Gaminiz jatetxea aukeratu dituzte Bon Appétit filmaren arduradunek, pelikularen eszena batzuk han filmatzeko. Txorierritar gehienek ez dute horren berririk izan, beharbada, baina AIKOR! aldizkaria filmazioan egon da eta lantaldearen kide batzuekin hitz egiteko aukera izan du.
Goizeko 11ak dira. Zamudioko Gaminiz jatetxeko kafetegian neska gazte batek “isilik†oihukatu du eta bezeroak, zintzo-zintzo, tutik ere esan gabe geratu dira. Minutu pare bat geroago “moztu egin dugu, eskerrik asko†esan du neskak, eta algarada nagusitu da berriro barraren aurrean. Gaminiz jatetxea pil-pilean dago, baina ez betiko moduan lapikoei darien lurrun eta usainagatik; lokala kamera, argi, teknikari eta aktorez beteta dagoelako baizik. Izan ere, Bon Appétit pelikularen zati bat Aitor Elizegiren sukaldean filmatu dute. Suitzako nazioarteko sukaldaritza eskola bateko hiru ikasle gazteen gorabeherak izango ditugu ikusgai zinemetan datorren udan.
Baina zergatik Gaminiz jatetxean? Aitor Elizegi sukaldariak eman digu erantzuna. “Lagun batek filmaren ekoizpen-sailean egiten du lan, eta jatetxe bila zeudela esan zidan. Etorri ziren eta gustatu egin zitzaienâ€. “Jantokia atsegin dut eta sukaldea zabala da. Gainera, Bilbotik gertu egotea nahi genuen, eta etxeko sukaldaritza eta sukaldaritza garaikidea uztartzeaâ€, esan du David Pinillos zuzendariak. Benetako jatetxean filmatu ez balute, estudioan dekoratuak egin beharko zituzketen eta garestia izango zatekeen. “Eta ez zatekeen hain egiazkoa izango. Istorioak benetakoak izatea nahi dutâ€, dio Pinillosek.
Sukaldea eszenatokitzat uzteaz gainera, filmean parte hartu ere egin du Elizegiren taldeak. Agerpen txikiren bat egin –“ez dakit azkenean agertuko den ala ezâ€, dio irribartsu sukaldariak– eta menuak asmatu dituzte. Era berean, sukaldarien jokabideari buruzko aholkuak eman dizkiete aktoreei eta zuzendariari. “Kontrolpeko kaosa izan da. Gogorra, baina aldi berean disfrutatzeko modukoa. Etorkizunean kontatuko dugun istorioa bizitzeko aukera eman digu filmak. Plateraren batean, kartan-edo... pelikularen aipamena egingo dugu, beharbada â€, adierazi digu Elizegik.
Lantaldearen artean oso giro ona dago: Pinillosek argibideak eman dizkie aktoreei, baina eurek iritzia emateko aukera ere izan dute. Besteak beste, argia, enkoadraketa eta makillajea zuzentzen dira probasaioen eta harraldien artean, eta langile guztiak prest agertzen dira lana azkar egiteko. Hala ere, zinemaren xarma eta distira bertan behera gelditzen dira filmatze-egunetan: egunero 10 ordu ematen dute lanean –eta Hego Amerikan, esaterako, denbora handiago–; atsedenaldi asko izaten dira eta, batzuek lan egiten duten bitartean, besteek euren txandari itxaron behar diote. “Askotan oso aspergarria izaten daâ€, esan digu figurante batek.
Xarma bertan behera gelditu da
Aktore hori ez da famatua; hala ere, aurpegi ezagun bat dugu pelikulan, Unax Ugalde gasteiztarrarena, hain zuzen ere. Berarekin batera, Nora Tschirner, Giulio Berruti eta Herbert Knaup aktoreak aritzen dira. Castinga ez ezik, gainerako lan taldea ere da nazioartekoa. Ez da kasualitatea izan, zuzendariak hala nahi izan duelako. “Filma txikia da, baina leku batetik bestera ibili gara. Nazioarte mailan gertatzen da istorioa, eta halako pelikula bat ere nahi dut nikâ€. Gaminiz jatetxean filmatzeaz gain, Landatxuetako txalet batean (Loiu), Negurin, Bilboko Zazpikaleetan, eta Sopelako El Peñón tabernan ere ibili da pelikularen taldea. Gainera, Munichen eta Zurichen ere grabatu dira irudiak.
Film hau, 2,8 milioi euroko aurrekontua duena, Espainia, Suitza eta Alemaniaren arteko koprodukzioa da. Batetik, horrek diru gehiago ekartzen du; baina, bestetik, partaide bakoitzak baldintzak jartzen ditu. Alemanian egingo da postprodukzioa, esaterako. Dena dela, “guztia negoziagarria daâ€, Juanma Pagazaurtundua ekoizpen-zuzendariaren hitzetan. Beste arazoa komunikazioarena da, 11 herrialdetako lagunak egon baitira pelikulan lanean. “Dena dela, jarrera ona dugu eta ingelesez eta gainerako hizkuntzen arteko nahasteaz baliaturik, arazo handirik gabe ulertzen diogu elkarriâ€. Filmaren zatirik gehiena ingelesez filmatu da.
Guztira, 40 lagunek osatzen dute Bon Appétit filmaren lan-taldea. Ez da makala, baina Estatu Batuetako pelikula handi batean “170 pertsonek egiten dute lanâ€, dio Pagazaurtunduak. Zinemari dagokionez, Ipar Amerikako industriaren egoerak ez du zerikusirik Euskal Herrian edo Estatuan dagoenarekin. “Oso zaila da Hollywooden kontra lehiatzea, baliabide gehiago dute-eta. Film gehienak ganorabakoak dira, agian, baina jendeak ikusten ditu. Guk, ordea, ezin dugu izugarrizko efekturik egin, ezta marketin-kanpaina handirik zabaldu ere; beraz, film mamitsuak egin behar dituguâ€.
Unax Ugalde, aktorea
“Nire herrian lan egitea gustatzen zaitâ€
Gustura dabil Unax Ugalde (Gasteiz, 1978) lapikoen artean. Hori dela-eta, primeran datorkio aktoreari Bon appétit pelikulan egiten duen sukaldaritza ikasle euskaldunaren papera. Filmazioaren atseden batean harrapatu dugu, eta atseginez erantzun die gure galderei.
Zein da zure papera pelikulan?
Euskal sukaldari baten papera egiten dut: hura Suitzara joan da jatetxe ospetsu batera lan egitera. Komedia erromantikoa da: alde batetik, gizonen eta emakumeen arteko harremanak lantzen ditu, eta bestetik, sukaldaritza.
Zer da gehien erakartzen zaituena paper horretatik?
David Pinillosen lehenengo filma izan arren, oso zuzendari ona dela uste dut. Gidoia zein aktoreak –nazioartekoak guztiak– ere oso interesgarriak dira, eta egitasmo polita da, nire ustez. Beste alde batetik, sukaldariarena egitea, eta neure burua sukaldari moduan prestatzea ere polita izan da.
Amar en tiempos de cólera, La buena nueva, El Ché... Lanpetuta zaude. Atsedena noizko?
Gure ogibidea ez dabil oso ondo gaur egun, eta etorri ahala egin behar duzu lan. Batzuetan ez dago lanik, eta lana dagoenean aprobetxatu egin behar duzu. Film hau bukatu ondoren Mexikora joango naiz, ziurrenik. Oporrak abuztuan hartuko ditudala uste dut.
“El Cheâ€-ri buruzko pelikulan hartu duzula parte aipatu dut lehen. Zelan izan da?
Oso erakargarria izan da, aktore handiekin lan egin dudalako. Gainera, Estatu Batuetan dirua dutenez, baliabide asko eta denbora luzea erabil ditzakete lan egiteko. Eta dirua da, alegia, gaur egungo zinema europarrak faltan duena. Lehengo egunean irakurri nuen Interneten jendeak ez dekiela hemen zergatik ez diren egiten film edo produkzio handiak. Erantzuna erraza da: hemen ez dago dirurik, ezta produkzio-etxerik, ezta publikorik ere. Dugunarekin egin behar dugu aurrera.
Ez da Hollywooden duzun lehenengo esperientzia. Bertan pelikula gehiago egiteko asmorik baduzu?
Baditut proiektuak Estatu Batuetan, eta beste batzuk ere izan ditut –Amar en tiempos de cólera, esaterako–. Komertzialak izan dira oro har: batzuk oso erakargarriak, eta beste batzuk ez hainbeste; hau da, batzuetan diru asko egon da, baina buru gutxi. Eta hemen ere badaude proiektu politak, txikiak, euskaraz ere bai... Gainera, nire herrian egiten dut lan, eta hori erakargarria da.
Badirudi aktore bat Hollywooden aritzen ez bada, bere lanak garrantzirik ez duela. Zuk Europan ere lan egin duzu...
Bai. Europan oso zine interesgarria egiten da, eta proiektu askotan sartzea gustatuko litzaidake. Baina, Estatu Batuetan ere gauza interesgariak egiten dira. Lan gehiena Latinoamerikatik etortzen zait –Mexiko, Argentina, Colombia–, eta urtean behin joaten naiz pelikularen bat egitera. Gogorra da bertan bakarrik egotea lau hilabetean.
Zure ibilbidea pixkanaka-pixkanaka egin duzu; hau da, ez duzu egundoko paperarik egin, baina pelikula eta telesail askotan ikusi zaitugu...
Nire agentearekin egiten dut lan. Lehen beste bat nuen, baina orain aldatu egin dut eta oso gustura nabil. Eta berari esana diot nik aktorea izan nahi dudala betiko. Ibilbidea luzea da, eta proiektuak ondo aukeratu behar dira: interesgarriak badira, aurrera, egin egiten ditut. Pausuak eman behar ditut, baina presarik gabe. Horregatik, ezin zara aldizkari guztietako lehenengo orrialdeetan agertu. Bestela, “erre†egiten zara.
Filma inglesez egiten da, batez ere, eta zuk euskaraz eta gaztelaniaz ere jardun duzu. Zaila da arrotz egiten zaizun hizkuntzatan lan egitea?
Bai, oso zaila da. Izan ere, inprobisazioa oso inportantea da nire ustez, eta euskaraz ere inprobisatzea zaila egiten zait. Beti ibili izan naiz euskaraz, hau da, natural ateratzen zaidan hizkuntzan. Ingelesez lan egiten dudanean gidoia ikusi behar dut eta zerbait bururatzen bazait, coachari –ingelesezko tutorea– galdetu behar diot: “Aizu!, nola esaten da hori?â€. Ez, ez da batere erraza beste hizkuntza batean egitea.
Lehen film batzuk aipatu ditugu eta hor Julianne Moore, Benicio del Toro, Viggo Mortensen edo Natalie Portmanekin ibili zara, besteak beste. Zein da gehien harritu zaituena, edo bereziena dena?
Egia esan, Julianne Moore emakume itzela da, oso neska jatorra eta kide ona da; Natalie Portmanek ere ederto hartu ninduen. Nire lehenengo pelikula ingelesez berarekin egin nuen, eta esaldiren bat ahaztu egiten zitzaidanean berak esaten zidan. Viggo eta Benicio ere oso jatorrak dira. Zortea handia izan dut, topatu ditudanak oso atseginak izan direlako. Nik ez ditut izarrak balira moduan ikusten, lankideak eta lagunak dira guztiak.
Gasteiztik Madrilera joan behar izan zenuen lan egitera. Madrilera joatea beharrezkoa da benetan aktore lan egiteko?
Estatu honetan dena dago zentralitatuta. Aktorea izanda, muga duzu Euskal Herrian kanal autonomikoa edo antzerkia, hain zuzen ere. Berton, zinematografia-produkzioak ere egiten dira, baina gehiena Madrilen dago: castingak, esaterako, bertan egiten dira, nahiz eta gero filmazioa hemen egin. Beraz, gauza interesgarriak egin nahi izanez gero, Madrilera joan behar da.
Baten batek esan zuen aktore on guztiek dute zuzendaria izateko grina. Zuk ere baduzu halakorik?
Bai, noski. Aspalditik zuzendu nahi izan dut. Baditut nire gidoiak idatzita, eta inoiz zuzenduko ditut. Dena dela, errespetu handia diot zuzendaritzari, asko ikasi eta gauza asko kontrolatu behar dela uste dudalako. Momentuz oso ondo nago aktore lanetan, baina ziur nago egunen batean zuzenduko dudana.