Irakurtzea da gauzea!

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 26a, 11:05

Testua: Gaizka Eguskiza

Gazteek aisialdiaz gozatzeko era barriak ditue orain. Lehen, lagunakaz ibilten ziran kaleetatik, eta etxean telebistea ikusten edo liburuaren bat irakurtzen emoten eben denborea. “María Moliner” sariek irakurtzeko ohiturea ez galtzea dabe helburu, eta Zamudioko liburutegiak sariotako bat lortu dau bosgarren aldiz. Liburuak dagozan lekua da liburutegia. Eta liburuak eta irakurketa abiapuntutzat harturik, hainbat ekimen egiten dira liburutegietan, irakurtzeko ohiturea bultzatzeko. Zamudion, behintzat, hilabetean behin egiten dabe. Eta hori dala-eta, Espainiako Kultura Ministerioak banatzen dituan “María Moliner” sarietako bat irabazi dabe bosgarren aldiz. Guztira, haur eta nagusientzako gaztelerazko 200 liburu jaso ditu Amagoia Guezuragak kudeatzen dauen liburutegiak. “Liburu barriak dira. Ganera, beste liburu batzuk (beste era baten erosiko ez geunkezanak) erosteko aukerea emoten deusku horrek”, dino Amagoiak. Gabonak pasa dira, baina Olentzerok opari berezia itxi deutso, bai noski! Gaztelaniaz idatzitako liburuak be behar ditu liburutegiak, inguruko gazte gehienak euskaldunak izan arren. “Txikiek euskeraz irakurten dabe eta, eskaera beteteko, Eusko Jaurlaritzaren babesa eta laguntzea doguz. Gaztelaniaz, barriz, galdezka ibili behar izaten dogu leku batetik bestera, aproposenak edo arrakastatsuenak zeintzuk diran ez dakigulako. Sari horren bidez, argibideak ez eze, liburuak be jasotzen doguz Ministeriotik”. Besteak beste, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako liburuek osatzen dabe liburutegia. Azken hizkuntza bi horreetan jasoten da eskaera gehiena, jakina. “Txikienek euskarazko liburuak hartzen ditue, eta nagusiek, ostera, gaztelaniaz idatzitakoak. Nagusi batzuk euskaldunak dira, baina nahiago dabe gazteleraz irakurri. Batzuetan, gazte batzuk etorri jakuz uda garaian, eta gaztelaniazko liburuak eskatu deuskuez, hizkuntza horretan gitxitan egiten dabelako eta institutuan eskatzen deutseelako. Hau da, gaztelaniari indarra emotera etorten dira. Berdin da, irakurtzea da gauzea!”. “Amagoiak ez dau ahalegin berezirik egin behar izan María Moliner” sarien deialdian parte hartzeko, ekitaldiok aspalditik antolatzen dituelako. “Txosten baten, praktikan egiten dogunaren barri emon, besterik ez dogu egin behar izan. Bertan kronogramea, helburuak eta halako kontuak adierazi behar izan doguz”. Bere esanetan, “ahalegina, berez, ekitaldiak antolatzea da”. Eta horri lotuta dagoena, noski: “zer egin, noiz, helburuak zeintzuk diran, norentzat… Horrezaz ganera, umeak eskolan zertan dabiltzan be jakin behar dogu, horren inguruan gai bat edo bestea jorratzeko”. Hileko azken zapatuetan Amagoiak eskolaz kanpoko beste jarduera bat balira legez antolatu gura ditu ekimenak. Hori dala eta, iaztik hona, hileko azken zapatuetan egiten dau ekintzaren bat liburutegian. “Holan, umeek ohiturea hartzen dabe. Astelehenetan musikea edo ingelesa ikastera edo kirola egitera joaten diran moduan, hileko azken zapatuetan liburutegira etortzea gura dogu”. Sari horien deialdira aurkeztu dan Txorierriko liburutegi bakarra dogu Zamudiokoa. Bertan, danetariko ekintzak egiten dira eta egun esanguratsuak be (Liburuen Eguna edo Inauteriak, esaterako) hartzen dira kontuan. Halakoez eta liburutegiko liburuez baliaturik, eskulanak edo txotxongiloak egiten ditue, ipuinak asmatzen ditue, ipuin-kontalariei entzuten deutsee... Eta urtarrilean bi eta hiru urteko haurrentzat animazino saioa izan dabe, adibidez. Jenteak parte hartzen dau eta Amagoia pozik dago. Baina, irakurri egiten da Txorierrin? “Ez asko”, erantzun deusku Amagoiak. “Etorten jakuzanak betiko irakurleak dira eta sarritan etorten dira”. Eta horrexegaitik egiten dira jarduerak: “hona etorri, karneta egin eta liburuak aterateko”. “Gurasoen erantzunkizuna da umeak hona ekartzea. Irakurri, irakurri egiten da, baina ez dago aisialdiari lotuta. Ganera, egunero ez da liburutegira etorri behar; hamabostero egiten doguz maileguak, eta aste bitik behin etortzen badira, fenomeno! Etorteko eta saltsan ibilteko gonbidapena egiten dot. Izan be, hona etorten diranak liluratuta gelditzen dira. Txikienak ez dira irakurtzera soilik etorten, baita marrazkiak ikustera be, eta horren bidez, irakurtzeko ohiturea bultzatzen da umeen artean”. “María Moliner” sariak Sariak Espainiako Kultura Ministerioak sortu zituan 1998an, irakurtzeko ohiturea gazte eta umeen artean bultzatu nahian. Eta horretarako, lehiaketan parte hartzen daben liburutegiek jarduerak antolatu behar ditue. Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazinoak (FEMP), eta Coca-cola fundazinoak be babesa emoten dabe gaur egun. Lehiaketea 50.000 biztanle baino gitxiagoko udalerriei dago zuzenduta. Zamudiokoagaz batera, Estatuko beste 350 liburutegik jaso ditue hiru liburu bilduma. Guztira, 200 haur eta gazte liburuk osatzen ditue hiru sortak. Ganera, hiru egitasmorik onenek be lortu dabe dirua: irakurketa bultzatzeko proiekturik onena; liburuzaintza lanik onena; eta gizarte-integrazinoaren aldeko ekimenik onena saritu dira aurten. Estrategikoki, oso sari garrantzitsuak ei dira, Estatuko biztanleriaren erdia herri txikietan bizi dalako, eta normalean ez dalako erraza liburuak halako herriotan eskuratzea. Aurreko edizinoetan 2.000 udalerri aurkeztu, eta 7.550 egitasmo egin dira, guztira. Proiektu saridun guztiek osatzen dabe irakurketa bultzatzeko jardueren errolda. Era horretan, ekintzaren bat antolatu nahi dauen edonork kontsultatzeko aukerea dau. Zamudioko liburutegiaren ibilbidea: 2003an: “Tximeletak liburutegian” proiektua, saritua 2004an: aurkeztu bai, baina saririk ez 2005ean: “Aniversarios/Urteurrenak” proiektua, saritua 2006an: “Liburutegia kalera” proiektua, saritua 2007an: “Ale! Ale! Aupa! Ale! Animatzen” proiektua, saritua 2008an: “Animación lectiro” proiektua, saritua