Jainkosen dantza

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 26a, 11:28

Zapi monetaduna gerrikoari lotu eta hasi da eskola. Luzatze ariketak egin ostean, musika jarri du irakasleak: Shakiraren abesti bat, “suabe” hasteko; eta horren ostean, danborrak nagusi diren arabiar erritmoak. Zaila izan behar du, benetan, aldaka, sabela, besoak, hankak, lepoa, bularra... erritmo azkar horretan mugitzeak. Eta gorputz atal guztiak aldi berean, gainera. Loiuko gimnasioan dantzan zebiltzan sei emakumeen mugimenduak ikusten genituen bitartean, sabel-dantza oso dibertigarria dela pentsatu dugu lehenengo. Baina Claudia irakasleak azaldu digunez, dibertigarria ez ezik oso dantza onuragarria ere bada. Alde batetik, gorputz atal guztiak lantzen dira: aldaka, besoak, bularra... eta horren ondorioz, muskuluak sendotu eta bizkortu egiten dira. Dantza hori egiten dutenek elastikotasun handiagoa ere badute. Bestetik, onura psikologikoak ekartzen dizkie dantzariei. “Arazoak ahazten dituzu. Negatibotasuna gorputzetik ateratzen da musikaren eta danbor doinuaren bidez; gorputza desblokeatu egiten da”. Zapi monetaduna janztea ere ez da kasualitatea. “Armonia ematen dio gorputzari, eta moneten hotsak askatasuna ematen dio sabelari”. Sabel-dantza ikastaroa 2007-2008 ikasturtean jarri zuten martxan Loiun. Gimnasioan 30 urtetik 52ra bitarteko sei emakume batzen dira barikuetan. Emakumeok arretaz jarraitzen dizkie Claudiaren azalpenei eta mugimenduei. Horma osoa hartzen duen ispilua lagungarri dute behar horretan. Arnasketak, beroketak eta luzatze ariketak egin dituzte lehenago. Claudiak pauso batzuk irakatsi eta haiek interpretatu dituzte musikaren erritmora. “Ikaskuntza prozesua progresiboa da. Oinarrizko pausoekin hasten da eta, haiek ikasi ahala, pauso zailagoak egiten dira. Dantza erakargarriagoa egiteko, beste elementu batzuk erabiltzen dira: beloak, kortaloak (atzamarretan jartzeko metalezko aleak), makilak...”. Shakira abeslaria datorkigu burura sabel-dantzari buruz hitz egiten dugunean. Hark eta haren moduko artistak ezagutarazi dute dantza hori Mendebaldean. Dantza akademiaren mugak gainditu eta dantza hori ikasi nahi duten emakumeez bete dira kultura etxeak, kiroldegiak eta gimnasioak. “Ikasle batzuek Shakiraren mugimenduak egiteko eskatzen didate eta nik baietz esaten diet, bai, egingo ditugula!”. Aldaka kolonbiarrak bezain ondo eta azkar mugituko dute inoiz? Hori posible da? “Ziur nago baietz. Ekinaren ekinez dena da posible”. Auto-estimua igo Kaloria asko erretzen dira saio bakoitzean: oso saio bizia eginez gero, 300 kaloria baino gehiago gal daitezke. Sabel-dantzak norberaren estimua igotzen duela aipatu digu Claudiak, eta ez da makala. “Emakumezkoaren energia lantzen dugu, eta Egiptoko jainkosek egiten zituzten posturetan oinarritzen gara. Horrek kontaktuan jartzen gaitu emakume guztiok barruan dugun jainkosarekin”. Eta ez da txantxa. “Beste zentro bateko ikasle batekin gertatu zen. Zapi barik eta aurpegia garbituta etortzen zen klasera hasieran, baina handik aste bira zapia gerrikoan zuela eta begiak margotuta agertu zen. Urtebete pasa da eta ezagutu ere ez dugu egiten orain!”. “Sabel-dantzak alaitasuna ematen digu”, esan dute Itxik, Yolandak eta Belenek aho batez. Eta egia dela egiaztatzeko aukera izan dugu, dantzatzen egon diren bitartean ez baitute irribarrea galdu. “Lotan dugun zati hori deskubritu dugu. Hau da, jaso dugun hezkuntzaren eraginez, lotsa ematen digu besteen aurrean aldaka, bularra, sabela... mugitzeak, eta dantzaz baliaturik kendu dugu lotsa hori”, gehitu du Itxik. Are gehiago, sabel-dantza ikastaroan ikasi dituzten mugimenduak eta arnasa hartzeko teknika eskolan ere irakatsi beharko zirela dio. “Emakumeok pelbis aldean arazo asko izaten ditugu 40 urtetik aurrera, eta haiek joan daitezke dira ariketa egokiak eginez gero”. Ez dute zalantzarik. Sabel-dantza egiteko aholkua ematen die emakume guztiei. “Oso dantza bizia delako, onuragarria gorputzerako, eta ondo sentiarazten zaituelako”. Horrezaz gainera, Ekialdeko kulturara eta musikara hurbildu ditu. Klasea amaitu baino apur bat lehenago egin dugu alde. Zapia lotu eta eurekin batera dantza egiteko gonbidapena luzatu digute. Baina ez gara ausartu, Itxik aipatu duen lotsagatik, beharbada. Atea itxi dugunean, danbor hotsak entzun dira berriro aretoan. Leihotik begiratu eta dantzan ikusi ditugu emakumeak: ispiluan euren buruari begiratzen ziotela... pozik, ederrak, euren buruan konfiantza zutela. “Oso dantza onuragarria da bai fisikoki, bai psikologikoki” Jatorria Sabel-dantza edo ekialdeko dantza munduko dantzarik zaharrenetarikoa da. Teoria asko daude haren jatorriari buruz: Egiptotik datorrela; emakume apaizek tenpluetan egiten zuten erlijio dantza zela; erditze errituala zela hainbat herritan; ugalkortasun errituala ere bai; eta ijitoen eta haien moduko herrien migrazioaren bitartez zabaldu zela mundura. Era berean, kondaira mitologikoak eta erritualak ezagutarazteko bidea zen, dantzaren bidez gorputzak eta arimak bat egiten zutelako. Nolanahi ere, ikerketen arabera, dantza mota hau hainbat kulturatan egin da antzinatik mendez mende: Indian, Ekialdeko herrialdeetan, Afrikan eta Hawaiin, besteak beste.