Urtarrilaren 27tik otsailaren 1era bitartean Munduko Jendarte Foroa (MJF) izan da Belem do Paranen, Amazoniako hiriburuan (Brasil). Foroan mundu osotik ailegatutako 133.000 lagun inguruk eta 5.176 delegaziok hartu zuten parte. Euren artean, Igor Urrutikoetxea lezamarra eta Iñaki Barcena larrabetzuarra egon ziren. Igor LAB sindikatuko nazioarteko harremanetarako idazkaria da; eta Iñaki, unibertsitateko irakaslea eta Ekologistak Martxan taldeko kidea.
Munduko Jendarte Foroa 2001. urtean egin zen lehenengo aldiz Porto Alegren. Foroa kapitalismoaren aurkako fenomeno bezala sortu zen, eta bertan, globalizazio neoliberala eta merkatu librearen logika totalitarioa kritikatzen duten ehunka ezkerreko erakunde eta milaka lagun biltzen dira. “Davos Suitzako hirian urtero egiten den Munduko Forum Ekonomikoaren kontrapuntua da. Han mundu kapitalistaren aditu eta ordezkariak batzen badira; indarrak biltzen dira MJFn, “beste mundu posible hori†martxan jartzekoâ€, azaldu du Iñakik.
Foroan jarrera nagusi bi antzeman daitezke: bata, foroa debaterako gune hustzat hartzen duena; eta bestea, munduko ezkerraren aukerak planteatu eta borroka-estrategia zehatzak suspertzeko gunea izan behar dela uste dutena. “Izan ere, eztabaida helburu praktiko argi batekin egin behar da: gaur egungo munduko errealitate injustuak eraldatzea. Foroa helburu horretarako tresna izan behar daâ€, dio Igorrek.
Eztabaida-guneak hainbat gai izan ditu hizpide: justizia soziala, emakumeen askapena, ingurugiroa, herri indigenen eskubideak, eta giza eta lan-eskubideak, besteak beste. Horrezaz gainera, autodeterminazio eskubidea lehendabizikoz egon da egitarau ofizialaren barruan. Hori Foroaren Kontseilu Presidentzialean parte hartzen duten herri ezberdinetako kideen lanaren fruitua izan da, katalan eta euskaldunena bereziki. “Gaiak eduki duen protagonismoak argi erakutsi du globalizazio kapitalistari herrien autodeterminazio eskubidea errespetatuz egin behar zaiola aurre. Herriek askatasuna izan behar dute euren etorkizuna erabakitzeko; beharrezkoa da etorkizun politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala eraiki ditzatenâ€.
Euskal Herria, presente
Estaturik gabeko herrien karpa oso hurbil egon da indigenen karpatik aurten; jazoera bitxia Iñakirentzat. “Kuriosoa izan da nola uztartu diren estaturik gabeko nazioen errebindikazio politikoak eta indigenen erresistentzia-mugimendua. Mestizaje hori MJF Amazonian ospatzeak egin du posibleâ€. Baina munduan bezala, foroan ere agerian gelditu dira ezberdintasunak eta kontrasteak. “Gutxi batzuk luxuzko hoteletan egon dira; eta milaka gazte, kanpadendetan edo Belemeko etxeetan. Ugariak dira errealitate sozialak, eta zaila, batasuna. Hala ere, sareak sortzen dituzte hango harremanek eta eztabaidekâ€.
Igor LABeko ordezkari eta Euskal Herriko delegazio kide joan da Belemera, eta Borroka soziala estaturik gabeko nazioetan hitzaldian, eta elikagai eta energi burujabetzaren gaineko tailerrean aritu izan da hizlari. Era berean, bilerak egin ditu Amerikako hainbat sindikaturekin. “Pozik irten gara Euskal Herriak presentzia nabaria izan duelako Foroan. Gainera, han egindako lanak berton ere eduki du isla; adibidez, LABek proposatuta, Euskal Herriko Laborantza Ganbararekiko (EHLG) elkartasun-adierazpena onartu zen Belemen, Frantziak EHLG auzitara eraman zuen egun berean, urtarrilaren 29anâ€.
Iñaki Ekologistak Martxan taldeko beste kide batekin abiatu zen Brasilera, eta hiruzpalau ekitaldi/tailerretan hartu zuten parte: Abiadura Handiko Trena, gizarte mugimenduak eta demokrazia, justizia klimatikoa, eta zientzia eta demokrazia. “Planeta osoko aktibismo soziopolitikoaren aniztasuna ezagutzeko aukera eduki dugu eta oso aberasgarria izan daâ€.
Aldarrikapenak
Munduko krisiak ere lekua izan du MJFn. “Munduko krisia baino, sistema kapitalistak bultzatutako ekoizpen ereduaren krisia esango nuke nikâ€, argitu du Igorrek. Gaia hainbat tailer tematikotan aztertu dute, eta aldizkatzeak planteatu dira hori gainditzeko. Aldizkatzeok helburu bateratsuaa dute: etekinak pilatzeko, edozerk balio duela defendatzen duen kapitalismo basatiaren aurrean posible dela ikustaraztea gizabanako, Amalur eta herrien eskubideak lehentasuntzat dituen munduko orden berria. “Eta hori borroka orokorra egunero elikatuko duten arloz arloko borrokak suspertuz lortzen daâ€.
Beste alde batetik, Lula, Chavez, Correa, Lugo eta Morales Latinoamerikako presidenteek ere parte hartu dute foroaren eztabaidetan; han gertatzen ari diren aldaketa sakonen isla, Iñakiren iritziz. “Beste mundu posible hori gauzatzen ari da, baina ez da prozesu lineal bat; dialektikoa eta korapilatsua baizik. Eta bere bermea gizarte-mugimenduen mobilizazioetan eta kanpainetan datza. Ondo dakiteâ€.
Makina bat aldarrikapen plazaratu zituzten MJFn. Euren artean hauek azpimarra daitezke: egungo jendarte kapitalista eta materialista gaindituko duen eredu berri baten beharra, zeina justizia sozialean oinarrituta baitago; giza eskubideak errespetatzearen ezinbestekotasuna; eta herri indigenen eskubideak oso lotuta daudela estaturik gabeko nazioek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearekin. “Kulturen arteko komunikazioa eta errespetua nahitaezko baldintzak dira, beste mundu bat posible egitekoâ€, esan du Igorrek.
Era berean, mundu mailako mobilizazioetara deitu zuten Belemen. Martxoaren 30ean Palestinarekiko atxikimendua adierazteko manifestazioak antolatuko dituzte, eta uztailean G8ren aurkako mobilizazioa egingo da Sardinian. Urriaren 12an ekintzak egingo dira herri indigenen alde.