Zezeilaren 11z geroztik martxan dago, non eta Zamudion, Teknologia Mikroelektronikoaren Institutuaren (TMI) egoitza berria, eguzki-energiaren arloan ikertzeko puntako laborategia. Zelula fotovoltaikoak oinarrizko osagaiak dira argia elektrizitate bihurtzeko. Hortaz, zelulen etekina hobetzeko teknika berritzaileak ezagutzea eta ezagutaraztea izango du lan-ardatz Juan Carlos Jimeno EHUko katedradunaren gidaritzapeko ikerlari-taldeak.
Inaugurazio-ekitaldia bera ere ez zen makala izan. Mundu mailako erreferenteetako bat izan genuen luxuzko gonbidatu, Antonio Luque katedradun espainiarra hain zuzen ere. Bere egote hutsa gutxi balitz, hitzaldi mamitsua ere eskaini zuen. Arlo honetan gaur egun arte izandako aurrerapenak errepasatu ostean, hasi berri dugun XXI. menderako zenbait aurrikuspen mahaigaineratu zizkigun. Bereziki, bere esanetan, nanoteknologiaren laguntzaz posible izango zaigu teoria mailan ondo garatuta dauden hainbat zelula-egitura berritzaile gauzatzea. Azkenik, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak (katedraduna bera ere) berba batzuk bota zituen, honelako jardunguneek duten garrantzia azpimarratuz.
Ondoren, laborategiaren barrenetan ibiltzeko aukera izan genuen. Adituen azalpenez lagunduta, bertatik bertara egiaztatu ahal izan genuen goi-teknologiako tresneria txukuna daukatela benetan, inguruko (eta urrutiko) unibertsitate askok eurentzat gurako luketena. Izan ere, zelula fotovoltaikoen oinarri diren silizio-olatak sano mengelak dira; eta eurekin egin beharreko lanak, fin-finak. Ondorioz, prozesatzeko, manipulatzeko, neurtzeko... tresna egokiak eduki ezean, alferrik dira ahalegin guztiak. Alde guztietatik zorionekotzat jo behar dugu izaera honetako langune batek bere egoitza Txorierrin aukeratu izana.
Nekane Alzola eta Aloña Otaegi, TMIko ikerlariak: “Eguzkia ezagutuko ote dute ilobek?â€
Biak dira telekomunikazio ingeniariak. Karrera amaierako proiektua Polonian egin zuen Nekanek, eta jarraian ikertzeari ekin zion TMIn. Aloña, ordea, zazpi urtean ibili da sektore pribatuan, eta oraintsu hasi da TMIn. Elektronika irakaslea ere bada EHUn.
Zeintzuk dira gaur egungo erronkak eguzki-energia arloko ikerkuntzan?
N: Zelulen etekina gehitzea eta guztirako produkzioa merkatzea.
A: Hauxe frogatu behar da: eguzki-energia energia-iturri garbia, emankorra eta baliagarria dela, petrolioaren nagusitasunari aurre egiteko gai dena.
Zein proiektu daramazue eskuartean? Zertan datza zuen eguneroko lana?
N: Zelulak egiten ditugu eta horretarako, olata finagoak eta serigrafiaren bidezko igorle eta metalizazioa erabiltzen ditugu. Hau da, merkeagoak eta azkarragoak diren prozesuak garatzen ditugu, baina, aldi berean, aplikagarriak direnak industria mailan. Beste alde batetik, karakterizazioa egiteko teknika esperimentalen erabilgarritasunaren azterketa ere egiten dugu.
A: Makina berria erosi dugu laborategirako, laserra hain zuzen ere. Eguzki-zelulak fabrikatzeko, laserraren aplikagarritasuna hainbat fasetan aztertzen dabiltza atzerriko punta-puntako laborategietan, eta ni neu ere horretan nabil.
Inguru egokia da Zamudioko Teknologi Parkea ikerketan jarduteko? Zer gehitu edo kenduko zeniokete?
N: Ingurune polita da eta ahalbidetzen du laborategi handia izatea, hirigunean zaila dena. Baina Bilbon egoteak ere bazituen abantailak: denetarik dago bertan eta tramite pertsonalen bat egin behar izanez gero, momentu bat galtzen zenuen eta ez goiz erdia, orain bezala. Autoa dutenek ez dute hainbeste nabarituko, beharbada. Baina Parkeak lotura txarra du nire ikuspuntutik, eta eskerrak orain zuzen datozen autobus gehiago jarri dituztela!
A: Oso toki egokia da ikertzeko. Laborategia Bilbon genuen lehen. Ikerketaren bat gaizki atera eta ideiak argitzeko aire freskoa behar zenuenean, laborategitik irten eta autoak eta hiria genituen aurrez aurre. Berton, aldiz, autoen zaratarik ez dago; eta bai, txorien txorrotxioa... eta berdea. Asko irabazi dugu. Hala ere, Bilborako garraio publikoa hobetuko nuke eta sukurtsal txikia jartzeko eskatuko nieke aurrezki-kutxei (nirea ez dago Parkean). Zerbait kendu? Ezer ere ez oraingoz.
Eguzkia inoiz amatatuko den izarra omen da... imajinatzen duzue eguzkirik gabeko Lurrik?
N: Inoiz amatatuko da, eta ordurako mundua ere guztiz hondatuta ez badugu... Ikusten dugun azken gauza izango da, beraz...
A: Ez dut eguzkirik gabeko Lurrik imajinatzen. Baina daramagun martxa honekin, ez dakit bilobek eguzkia ezagutuko duten! Ama Lurraren baliabideak ezerezten gabiltza. Energia-fakturak gero eta handiagoak dira, baina hotz garenean berogailua pizten dugu jertsea jantzi beharrean. Herrialde txiroetakoek ez dute ezta jertserik ere.
Zer da eguzki-energia fotovoltaikoa?
Eguzkitiko argia elektrizitate bihurtu daiteke zuzen-zuzenean, efektu fotovoltaiko deritzon gertaera fisikoaz baliatuz. Nork ez ditu ikusi, etxe-teilatuetan zein soloartean, zirkinik egin barik, zeruari begira dauden panel urdinxkak? Bada, hurretik erreparatuz gero, 30-40 laukitxoz osatuta daudela ikusiko dugu: horiexek dira zelula fotovoltaikoak.
Instalazioei dagokienez, mota nagusi bi daude: argindar sarera konektatutakoak eta konektatu gabekoak (edo autonomoak). Sarera konektatukoetan, esate baterako, nahitaezkoak dira inbertsoreak, DC-AC bihurketa burutzeko ekipo elektronikoak, zelulek ematen duten elektrizitatea zuzena (DC) izanik, sareak garraiatzen duena alternoa (AC) delako.
Autonomoetan, ordea, inbertsorea aukerakoa da, baina energia gordetzeko moduren bat eduki behar dute (berun-azidoko bateriak, gehienbat) egunez jasotzen den elektrizitatea gorde eta gauez kontsumitu ahal izateko, ez dago-eta inongo sarerekin energia trukatzerik.
Hala ere, badago salbuespen aipagarri oso zabaldua: lurrazpiko ura (edatekoa) azaleratzeko motoponpak elikatzea. Horrelakoetan, elektrizitatea barik uraren energia potentziala metatzen da: eguzkiak jo ahala ponpatzen da ura, eta biltegian gordetzen da, eskaria dagoenean (egunez nahiz gauez) eskuragarri egon dadin.