Testua eta argazkiak: Gaizka Eguskiza
Ordubete ematen du egunero autobusez Getxoko Antzerki Eskolara joateko. Baina Juan Yusteri berdin dio, interpretazioa bere pasioa baita, “betidanik barruan eraman†duen gauza bat, alegia. Lezamarrak aurten amaituko du karrera, eta antzerkia nahiago du zinema baino. Horregatik, Laiak Emakumeen Taldeak laguntza eskatu dio bere urteroko antzezlana aurrera eramateko.
Zelan hasi zinen arte dramatikoa ikasten?
Iruñera joan nintzen Ikus-entzunezko Komunikazioa ikastera, baina utzi egin nuen. Antzerkia betidanik gustatu izan zait, eta zaletu mailan ibili naiz. Hori dela-eta, Iruñetik bueltan, antzerkia ikastea erabaki nuen.
Zer esan zizuten etxean aktorea izan nahi zenuela esan zenienean?
Esatea kostatu egin zitzaidan, baina gurasoek primeran hartu zuten. Beti utzi didate nahi dudana egiten. Azken batean, betidanik izan nahi izan dut aktorea, barruan eraman dudan gauza bat da.
Aktore lanetan zer da garrantzitsuagoa, talentua izatea ala ondo prestatzea?
Biak dira garrantzitsuak. Batzuek talentua dute jaio direnetik, eta beste batzuok ikasi behar dugu. Hala ere, talentua ere landu behar da, bestela nekez lortzen da aktorea izatea. Ni ez naiz oso talentutsua, baina gogor egiten dut lan.
Arte dramatikoa ez da karrera ofizial bat, ezta?
Hemen, ez, baina Estatuan, zenbait lekutan badaude eskola homologatuak: Madril, Bartzelona, Gijon… Dena dela, arte dramatiko eskola bat instituzionalizatzen baduzu, bere sena galtzen du: irakasleak funtzionario, eta ikasleak zenbaki bihurtzen dira. Artea eta erakundeak ez datoz bat.
Zer ikasten duzu eskolan?
Interpretazioa, dantza, mugimendua, kantua, historia… Denetarik. Eta gu geu sortzaileak izateko trebakuntza eta bultzada ere ematen digute. Gainera, batzuetan aste biko tailerrak antolatzen dira kanpotik etorritako irakasleen eskutik. Askoz bereziagoak dira horiek: klown, musika…. Beste alde batetik, arte dramatikoaz gain, dantza klasikoa zein garaikidea, eta kantu lirikoa ere ikasten ditut, baina eskolatik kanpo. Nik aktoretzat hartzen dut nire burua; gainontzekoa heziketa osagarria da.
Antzerkia beti omen dago krisian. Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Langabezia nagusi da. Espezializazioren bat aukeratu ahal da, eta horren arabera, irtenbidea erraza ala zailagoa da. Telebista eta zinema aukeratuz gero, Madrilen-edo castingak egin behar dira, besterik ez duzu; antzerkia hautatuz gero, aldiz, aukera gehiago dago: zure konpainia sortu ahal duzu, eta testuak idatzi (ala idatzitakoak hartu) eta taularatu.
Eta zuk zein nahiago duzu?
Antzerkia, duda barik. Beste era batean egiten da lan: zineman 20 segundoko hartualdiak grabatzen dira eta jarraipen kronologikorik ez duenez, aktorearentzat zailagoa da emozioak ondo helaraztea. Beste alde batetik, zinemak duen glamourra ez zait batere gustatzen.
Non ibiliko zara 10 urte barru?
Auskalo! Nire arte-irizpideei jarraituz, antzezlanak egin nahiko nituzke, bai horixe! Epe laburrean, aurten amaituko dut eskolan, eta apur bat gehiago ikasten jarraitu nahi dut: dramaturgia, sormen eszenikoa, zuzendaritza… Testu batzuk dauzkat idatzita, eta nire estiloa hobetu nahi dut. Izan ere, nahiago dut nik neuk sortu, beste edonork idatzi baino.
Eta zeintzuk dira zure arte-irizpide horiek?
Nire ustez, ohiko antzerkia hil da. Antzerkia uztartu behar da beste arteekin – poesia, pintura…– erabateko artea lortzeko. Nik arte antisoziala dut gustuko, eta publikoa hunkitu nahi dut. Egileak nolako mezua zabaldu nahi duen izan behar du kontuan, baina baita zelan egin ere: nire ustez, era arriskutsua eta apurtzailea nagusitu behar da, entzuleriarengana heltzeko erarik onena horixe baita. Egile batzuek esaten dute bakoitzak nahi duena ulertu behar duela, baina ez nago ados; nik azalduko dizut nahi dudana, eta zuk argi eta garbi ulertuko duzu. Subjektibitatea atsegin dut. Jendea telebistan ikusten duena ikustera joaten da antzokira, entretenimendua ikustera, baina nik ez dut hori ematen. Jendeak nekez onartzen ditu horrelako proposamenak, baina horixe da niri gustatzen zaidana.
Zeintzuk dira aktore edo egilerik kuttunenak?
Antonin Artaud edo Pier Paolo Pasolini gustuko ditut: oso iraultzaileak izan dira euren garaietan. Gaur egun, Rodrigo GarcÃa eta Angélica Liddell, batez ere, atsegin ditut.
Prest zaude kanpora joateko, edo hemen gelditzea gustatuko litzaizuke?
Madrilera joango nintzateke, aukera gehiago dagoelako, hots, antzoki gehiago. Hemen, ez dago ia aretorik, Bilbon eta Barakaldon izan ezik, eta oso zaila da bertan sartzea. Gainera, antzerki alternatiboa egiteko hiruzpalau antzoki baino ez daude.
Lehenengo pausuak
Juanek ez du oraindik karrera amaitu, baina lantxo bat atera zaio. Izan ere, Laiak Emakumeen taldeari laguntza eman dio, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta aurkeztu duten antzezlana prestatzen. “Ama elkartearen kidea da eta laguntza eskatu zidatenâ€, azaldu digu Juanek. Hasieran ez zen erraza izan. “Lehenengo saioak oso txarto atera ziren, nire lanean konfiantzarik ez zutelako. Gainera, helduak direnez, oso pentsamendu finkoak dituzte eta nekez konbentzitzen dituzu gauza ezberdinak egitekoâ€. Hala ere, ondo moldatu dira azkenean, eta harremana oso “aberasgarria†izan dela dio Juanek.