Euskerea, Bilbon mintzagai

Aikor aldizkaria 2009ko api. 23a, 14:54

Mendebalde alkarteak jardunaldiak antolatu ditu maiatzerako

Gero eta euskaltzale gehiagok aldarrikatzen dabe euskalkien garrantzia. Mendebalde Kultura Alkartekoek be ildo horri jarraitzen deutsie. Eta horretarako, urtero euskerearen inguruko jardunaldiak antolatzen ditue orain dala 13 urtetik hona. Aurreko urteetan, esaterako, literaturea, administrazinoa, euskera teknikoa edo hezkuntza jorratu ditue. Aurten, aldiz, euskerearen erabilerea eta transmisinoa izango ditue mintzagai maiatzaren 8an eta 9an, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, Bilboko Plaza Barrian. “Gure ustez, badago preminea euskerearen inguruko alderdi batzuk lantzeko eta ikertzeko. Eta eztabaida zabala pizteko helburuagaz sortu genduzan jardunaldiak”, esan deusku Eneko Barrutia alkartearen presidenteak. Gai nagusiaren haritik, hainbat konturen ganean egingo da berba jardunaldietan: euskaldun izatea zer dan zehaztuko dabe, gizarte globalizatu bateko euskerearen erronkak azalduko dira, edo euskereak izan dituan aldaketen barri emongo da, besteak beste. Hizlariei jagokenez, honeek hartuko dabe parte: Iñaki Martinez de Luna, Iziar Basterretxea, Iñaki Gaminde, Kike Amonarriz, Mattin Irigoien, Estepan Plazaola, Juanjo Zorrilla, Alberto Mardonese, Manu Etxebarria, Akaitze Kamiruaga, Fredi Paia eta Esti Amorrortu. Hitzaldiak ez dira goi-mailakoak izango eta aurreko urteetan be “jente arruntari” egon dira zuzenduta. “Adituentzat badagoz unibertsitateko kongresuak. Gure jardunaldietan, berriz, gaiak ez dira oso teknikoak, edozeinek ulertzeko modukoak dira. Giza-gaiak dira, interesa pizten daben horreetakoak”. Hori dala-eta, hitzaldietan parte hartzeko gonbita egin dabe antolatzaileek. “Jardunaldiak ez dira eskola modukoak, hau da, adi egotekoak eta gero etxera joatekoak; alkarregaz egon, hitz egin, aburua trukatu alkarragaz... Aberasgarria da guztion eritxia entzutea”. Parte hartzea bultzateko, liburua plazaratzen dabe Mendebaldekoek jardunaldiak egin baino lehen, eta ha hitzaldietara joaten diranen artean banatzen da. Bertan gaien ganeko bibliografia, eta hitzaldien mamiak azaltzen dira. Liburuak xede bi betetzen ditu: “Alde batetik, materiala jartzen dogu ikertzaileen eskura; bestetik, hitzaldiei adi-adi egoten laguntzen deutsegu entzuleei. Holan, ez dabe apunterik hartu behar”. Edonork dau hitzaldietara joateko aukerea, baina 30 euroko matrikula ordaindu beharko dau –10 euro, ikaslea bada–. Dirua emoteko eperik ez dago. “Askotan hitzaldiaren egunean bertan etorri jakuz diruagaz sartu gura dauen bat baino gehiago. Baina ez kezkatu, kanpoan inor ez da geldituko eta”. Orain arte pozik dagoz Mendebalde Alkartean eduki dauen asistentzia kopuruagaz, baina euren ustez jardunaldietara jente gehiago etorri ahal izango zan. “Batzuetan ez dogu ekimena behar dan moduan jakinarazo, ziurrenik. Ganera, kultura kontuetara nekez joaten da jentea; nahiago dabez kirola edo beste ekitaldi mota batzuk”. Bizkaiera indartuz Mendebalde Kultura Alkartea 1996an sortu zan Alfonso Irigoienen zuzendaritzapean. Mendebaldeko hizkerea aztertzea, egokitzea eta prestigioa emotea, eta euskara bera indartzea dira helburuak. “Irakasle talde batek, lagun talde batek, osatu eban Mendebalde taldea. Hilean behin egiten zituen bilerak, eta bertan eztabaidatu egiten genduan. Horreetan jarri zan jardunaldien hazia, talde zabalago bat osatu gura gendualako”, azaldu deusku Barrutiak. Jardunaldiez ganera, Euskalingua aldizkari digitala –urtean bitan– eta beste zenbait argitalpen plazaratzen ditu taldeak. Mendebalde alkartea bizkaiera bultzatzearren sortu zan. Eta hori Bizkaian ez eze, Arabako eta Gipuzkoako herri batzuetan be egiten da. Hori dala-eta, Mendebalde jarri eben izena. “Gure ustez, gauza batzuk ondo finkatuta dagoz: morfologia, aditzak... Halandaze be, hainbat arlotan behar itzela dago egiteke, erabilera aldetik, esaterako. Era berean, batueran ez da bizkaiera aintzat hartzen, eta presentzia nabarmenagoa izatea gustatuko litxakigu. Horren alde Euskaltzaindiak zerbait gehiago egin ahal izango leuke, ziurrenik, baina ez deutsagu ezer leporatu gura akademiari. Gauza batzuk ondo egin dira eta beste batzuk ez, beste barik. Eta gu ez gagoz inondik inora batuaren kontra, baina uste dogu euskalkiek euskereari aberastasuna emoten deutsiela”.