Literaturaren haritik

Aikor aldizkaria 2009ko api. 23a, 15:04

Literaturia ekimenak herriko hainbat eragile batu ditu bere inguruan. Solasaldia izan dogu batzukaz

Leire Etxebarria, Hori Baiko kidea “Literatura modu asko dagoz” Hori Bai gaztetxea eszenatoki erraldoi bihurtuko da apiriletik ekainera bitartean; besteak beste, poesia emanaldiak, kontzertuak eta antzerkia hartuko ditu. Gazteok ez dozuela irakurtzen entzun dogu behin baino gehiagotan. Eskolatik hasita eta bizitza akademikoan zehar ezarri deuskuez derrigorrean irakurri behar doguzan liburuak eta idazleak, eta hori arrazoietako bat izan daiteke, beharbada. Uste dot eskolak eskaintza zabalagoa emon beharko leuskigula, gazteok aukeratu daigun zer irakurri gura dogun, eta literatura geure kabuz deskubritu daigun. Beste alde batetik, literaturaz dihardugunean, liburuak baino ez dira kontuan hartzen. Eta, nire eritxiz, literatura modu asko badagoz, poesia emanaldiek, antzerkiak, ipuin kontalariek... be badabelako zerikusia literatureagaz. Gitxi irakurtzen badozue orokorrean, askoz gitxiago euskaraz? Lagun eta ezagunengana joten badot, ziur nago hamarretik bederatzik erderazko liburuak irakurriko dituela. Ohitura faltagaitik da eta horretan be uste dot eskolak izan leikela eragina. Eskola garaian, adibidez, guk liburu gehiago irakurtzen genduzan gazteleraz euskaraz baino. Zelango ekarpena egingo deutsue Literaturia ekimenak? Gazteriari orokorrean euskal literaturaren ganeko ikuspegi zabala hurbilduko deutse; eta Hori Baikooi be hainbat ekarpen egingo deuskuz, antolatzen doguzan beste ekitaldien moduan. Gutariko askok literaturea hurbilagotik ezagutzeko aukerea izango dogu, eta zaletu geintekez, ziur. Eta zuk, irakurtzeko ohiturarik badozu? Aitortu behar dot oso liburu gitxi irakurtzen dodala. Baina, halanda be, aldizkariak eta egunkariak irakurtzeko ohiturea dot; baita interneten topatutako hainbat artikulu be. Eta gustura. Izan be, horreek be badira literatura. Biotz Zulueta eta Ainhoa Artesano, Guraso elkarteko kideak “Gaztetxoeentzako bilduma arrakastatsuak argitaratu beharko lirateke euskeraz” Umeak be Literaturia ekimeneko protagonistak izango dira, azokan eurentzako gunea iminiko da eta. Besteak beste, ipuin kontalariak eta antzerkia be izango ditue ekainera arte. Umeak eta irakurzaletasuna, zelan imini bikote hori hartu-emonetan? Uste dan baino gehiago irakurtzen dabe. Umea jaioten den momentutik hurbil dogu literatura; izan be, nork ez deutse seme-alabei ipuinik irakurtzen, abestirik kantau, hitz jokorik esan...? Etxeko giroaz ganera, eskolako beharra be ezinbestekoa da. Nahiko behar egiten da? Beste erkidego batzuetan irakurzaletasun plan orokorrak imini ditue martxan, eta gu nahiko motel gabilz alde horretatik. Hezkuntza Sailak apustu handiagoa egin beharko leuke horretan, eta eskola liburutegien liburu partida, esate baterako, handiagoa izan beharko litzateke. Umeentzako liburuek be leku handiagoa izan beharko leukie komunikabideetan... Baina gauza onak be egin dira eta oso pozgarria da herri guztiek udal liburutegia izatea. Larrabetzun liburutegi ederra dogu, eta umeek euren lekua dabe han. Era berean, ekimen sorta zabala egiten da eurentzat. Zer ekarriko deutse ekimenak umeei? Oso ekimen positiboa eta aberasgarria izango da eurentzat, literatura oso hurbiletik ikusiko dabelako. Baina eurentzat ez eze, helduontzat be bai. Jentea literaturara era positiboan hurbiltzea gura dogu eta, horretarako, ekimen asko izango doguz herrian. Besteak beste, solasaldiak egingo dira idazleakaz. Beste alde batetik, beste ekimen bi ezagutzera emoteko aprobetxatuko dogu: eskolako jantokiaren kudeaketa eredua eta Larrabetzuko Azoka. Kalitatezko euskerazko libururik argitaratzen da umeentzat? Ipuinak-eta badagoz, baina bederatzi urtetik gorako umeek gaztelaniazko liburuetara jotzen dabe, euskeraz ez dagoelako eurentzat idatzitako literatura erakargarririk. Euskerazko argitaletxeek kalitatea buztartu beharko leukie gaztetxoen artean arrakasta haundia daben bildumakaz: Harry Potter, Las crónicas de Spiderwick... Gurasoek eredua izan behar dabe. Irakurri egiten dozue? Ni (Bihotz) Eleonor Marxen biografia irakurtzen nabil; eta nik (Ainhoa) Katixa Agirreren Habitat irakurri barri dot. Bai, gurasook eredua izan behar dogu, baina batzuetan gertatzen da, seme-alabakaz ibilbide bera egin arren, batak irakurzaletasun handia dauela, eta besteak, ez hainbeste. Kultura batzordea, Mari Feli Etxeandia, Iñigo Martinez de Alegria eta Jose Martin Hormaetxe “Topaketa interesgarria bihurtu daiteke” Literaturia Larrabetzun bertan sortutako ekimena da, kultura ingurukoa, eta bereziki euskerazko literatura bultzatuko dauena. Udalak baiezkoa emon deutso hain polita ikusi dauen proiektuari. Zertan aberastuko dau herria? Lehenengo eta behin, Udala eta hainbat alkarte batu dira proiektuaren inguruan, eta hori oso positiboa da. Bestetik, idazleak herrian bertan egotea erabat erakargarria izango da larrabetzuarrentzat, eta, makina bat ekitaldi antolatuko diranez, giroa sortuko da herrian. Gitxi irakurtzen dogula dinoe, eta ekimenak balio leike jentea liburuetara hurbiltzeko; euskarazko literaturara, zehazki. Zelango iniziatibeari ekin deutsazue, irakurzaletasuna bultzatzeko? Liburuak erosteko diru partida igon genduan iaz, eta kultura buletinean liburuak gomendatzen dira hilero. Liburutegian be hainbat ekimen antolatzen dira eta, norbaitek proposamen bat egiten dauenean, beti laguntzen jako. Literaturia ekimenari jagokonez, antolatze beharretan hartuko dogu parte, eta beharrezkoak diran tramiteak erraztuko doguz, azpiegiturak itxi... Zer espero dozue egun horretatik? Herritarrek parte hartzea, eta kanpoko jentea be gurera etortera animatzea. Bizkaian ez dago hau bezalako ekimenik, eta, harrera ona badau, topaketa interesgarria bihurtu daiteke etorkizunari begira. Irakurtzeko ohiturarik dozue? Ahal dogun guztietan (Mari Feli eta Jose Martin). Nik iruntsi egiten dodaz liburuak; El certificado amaitu barri dot (Iñigo). Irakurri dodan azkena Gau ilunekoak/, Munduko zazpi herrialdeetako ipuinak? izan da (MF); eta nik, Lur bat haratago (JM). Literaturia maiatzean DERIO Helduentzako ipuin kontalaria, Iñaki Lasaren eskutik. Apirilaren 30ean, 20:00etan, Larrabarri baserrian. LEZAMA Juan Luis Goikoetxearen Euskaldunen anekdotak 2 liburuaren aurkezpena Maiatzaren 14an, 19:00etan, Uribarri topalekua. ZAMUDIO Hamar mezu eta dei bat ikuskizuna. Patxi Zubizarreta idazlea eta Txema Garces eta Josetxo Goia-Aribe musikariak, maiatzaren 25ean, 20:00etan, Dorretxean. LARRABETZU •Maiatzaren 21ean Literaturaz berbetan: Uxue Alberdik Aulki-jokoa liburua aurkeztuko du, 20:00etan, Anguleri kultur etxean. •Maiatzaren 22an Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarritutako Aulki hutsa antzezlana aurkeztuko du Le Petit Theatre de Pain taldeak. 22:00etan, HORI BAI gaztetxean. ORERETA •Maiatzaren 6an Harkaitz Canok Zinea eta literatura liburua aurkeztuko du 16:00etan Udal Euskaltegian. •Maiatzaren 23an Literatura Eskola: 36ko gerra euskal li-teraturan berbagai hartuko du Edorta Jimenezek 10:00etatik 14:00etara bitartean Mikelazulo elkartean. www.literaturaeskola.org Antolatzaileak: Txorierriko Berbalagun, Zorrizketan, Lagatzu, Arrekikili, Txinpasmendi guraso elkartea, HORI BAI gaztetxea, TOTOAN, Larrabetzuko udala, Larrabetzuko liburutegia, Mikelazulo elkartea, Topagunea eta Literatura Eskola