Oihala ireki dute Derion

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 26a, 10:14

Maiatzean Txorierriko I. Antzerki Topaketak izan ziren Derion. Ekitaldian umeei zuzendutako antzerki eskola aurkeztu zuten Tximintx euskara elkarteak eta Kurkuluxetan Bilboko elkarteak. Antzerki Topaketetan Bilboko Antzerki Eskolako hiru ume taldek hartu zuten parte, eta aretoan bildutako Txorierriko umeei eskolan egiten duten lanaren zati bat erakutsi zien: antzezlana. Hala ere, beste zatia ere ezagutu nahi badute, antzerki eskolan izena ematera animatu beharko dira. Tximitx Derioko euskara elkarteak buruan izan du umeei zuzendutako antzerki tailerra egitea. Kurkuluxetan elkartekoek urteetako eskarmentua dute mundu horretan, eta eurengana jo zuten, proiektua bideratzen laguntzeko. Baina hasieran tailerra zena eskola bihurtzeko bidetik doa. Are gehiago, denboraren poderioz Deriotik Txorierri osora zabal liteke. Koldo Zelestino Kurkuluxetan elkartearen kidea izateaz gainera antzerki zuzendaria ere bada. Bere esanetan, antzerki eskola sortzea posible da Txorierrin eta edonon. Ikastetxeetan matematikak, natura-zientziak eta abarreko ikasgaiak ikasten dira, baina, eta legeak hala esan arren, antzerkiaren bezalako iniziatibarik ez da egiten. Eta egiten bada, irakasleren batek bere kabuz bultzatzea erabaki duelako izan ohi da. Antzerkiko pedagogoek eta adituez, berriz, behin baino gehiagotan azpimarratu dute antzezpena eta dramatizazioa lantzeak umeen garapenerako duen garrantzia. “Lanak antzeztea ez da inportanteena, hainbat atal lantzea baizik: ahotsa, gorputzaren mugimendua, hizkuntza... bizitzan zehar ezinbestekoak izango dituztelako umeek”. Bilboko Antzerki Eskola duela bost urte zabaldu bazuten ere, Kurkuluxetan elkarteak bederatzi urte inguru darama antzerki munduan murgilduta. Eskolara “arazotxoak” eduki dituzten umeak hurbildu dira: lotsatiak izan dira batzuk, beste batzuek zailtasunak eduki dituzte hitz egiteko orduan, edo besteekin harremanak izateko... Eta aste gutxitan oso aldaketa eta hobekuntza nabarmenak izan dituzte, gurasoak harritu dituztenak. “Antzerki eta jolas dramatikoen bidez era naturalean ikasten dute beste era batean funtzionatzen. Gure helburua ez da aktoreak lortzea, pertsonak heztea baizik. Antzerki eskola hezkuntza prozesu bat da azken batean, ikastetxean daramatenarekin lotuta dagoena”. Euskarazko bigarren pertsonaia Aurreko lerroetan aipatutakoaz gainera, antzerki eskolak badu beste helburu nagusi bat: euskara lantzea. Ume askok eskolako hizkuntzatzat dute euskara, eta zaila da euren artean euskaraz egitea lortzea, euskaraz bizi daitezela. Antzerkia bidea ere bada umeek ulertzeko eskolatik kanpo ere ekintzak euskaraz egin ditzaketela, euskaraz naturaltasunez bizi daitezkeela. Gainera, antzerkiak beste diziplina batzuek ematen ez duten aukera eskaintzen du, komunikazioa ez baita inoiz etetzen: gidoiak asmatu behar dira, esketxak prestatu behar dira, inprobisazioa, adierazpenak... Antzerkiaren parte ludikoari bizitzaren beste elementu batzuk gehitzen zaizkio, ondorioz. “Eta horiek gure mundu txikira eramaten ditugu. Haurrak zabaldu egiten dira eta barruan duten bigarren pertsonaia hori ateratzen dute, euskaraz”. Antzerki Eskola urrian martxan jartzeko asmoa dute. Lehen hezkuntzako umeei zuzenduta egongo da, eta eskola astean behin emango da. Ordubete eta erdiko saioa izango da, eta besteak beste, hauek ikasiko dituzte han: clown, mimika, interpretazioa, gidoiak... Lehen esan moduan, gorputzaren adierazpena, ahotsa, harremanak... hobetuko dituzte, eta gatazkak konpontzen ikasi ere egingo dute. “Umeen munduan gertatzen diren eta aurrera begira baliagarriak izango zaizkien gauzak landu eta sakonduko ditugu dramatizazioa erabiliz”. Txorierriko harrobia Tximintx eta Kurkuluxetan elkartekoek antzerki irakaslea izateko tailerra antolatuko dute ekainean. Koldok azaldu duen moduan, oso inportantea da bertoko protagonistak sortzea eta Txorierriko etorkizuneko eskola horretan aritzen diren irakasleak haztea. “Haurrengandik hurbilago daudelako. Atheticek bezala, geuk ere zaindu behar dugu harrobia”. Derioko institutua Txorierriko I. Antzerki Topaketen eszenatokia izan da. Datorren urtean bigarren edizioa egingo da, eta orduan bertoko umeak ere igoko dira taulara.