Eguzkibegi ikastola, Ibilaldiaren aurtengo antolat

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 26a, 10:38

Galdakaoraino 100.000 lagun baino gehiago hurbiltzea espero da maiatzaren 31rako; txorierritar asko, tartean. Izan be, bertako Eguzkibegi ikastolak Ibilaldia antolatzeko ardurea hartu dau aurten. Mikel Urdanpilleta ikastolaren zuzendariagaz eta Mari Jose Arriandiaga ikastolaren presidenteagaz izan gara berbetan. Dana prest? Hainbat erabagi hartu behar izan doguz orain arte, eta dan-dana prestatzea ez da erraza izaten. Gauza batzuk azken momentuan lotzeko beharra dago, baina gauzak ondo bideratuta dagoz eta hainbat lagun dabilz beharrean honen inguruan. Ziur gagoz maiatzaren 31n dana behar moduan urtengo dauena. Ekintzak Ibilaldiaren egunari begira ez eze ikasturtean zehar be antolatu dozuez. Behar handia eskatzen dau halango jaialdi batek, ezta? Bai, maiatzaren 31ren haritik ibilbidea, guneak... atontzen ibili gara oraintsu arte, baina ikasturtean zehar be ekitaldi sorta zabala egin da: kirol ekintzak, kultura arlokoak... Horreek be antolaketea dakarre, eta beharra egon da alde horretatik. Ikasleen parte-hartzea handia izan da, eta eurei eskatutako guztiari baietz esan deutsie. Ikasle ohien parte-hartzea be itzela izan dala aitatu behar dogu, baita prestatze-beharretan jente asko ibili dala be: gurasoak, kide ohiak, Udala, herriko kirol eta kultura taldeak, laguntzaile asko... Zer itxaroten dozue egun horretatik? Jentea Galdakaora eroso etorri eta pozik alde egitea gura dogu. Horretarako, asko zaindu doguz ibilbide osoan eta herrian zehar egingo diran ekintza, emonaldi eta jarduera ezbardinak, jentea giro ederrean egoteko. Gurea jai hutsa izatea ez dogulako gura; jaiegun biribila, osatua, izan daiten ahalegindu gara. Ibilbide aldapatsua baina polita izango da. Zer eukiko dogu zain gune bakotxean? Guneak aniztasuna eta ugaritasuna kontuan hartuta atondu dira, leku gehienetan pitin bat danetarik egotea izanik gogoan. Umeentzako gunean, esate baterako, hainbat ekintza erakargarri eta egoki egingo dira, eta gazten gustuko ekintza guztiak euren gunean batuko doguz. Beste gune batzuetan danetarik egongo da: emonaldiak, musika ekitaldiak, ikusgarriak... Gune politak dagoz, zabalak, erosoak... Gure eritxiz, guztientzako beharrizanei begirako eraketea egin da guneei jagokenez. Zelan sartuko da herrira? Ahal dan neurrian garraio publikoa erabiltzea eskatzen dogu, autobusak zein trenak maiztasun handiz ibiliko diralako. Bestetik, aparkaleku nagusi bi atonduko dira Bilbondo merkataritza gunean eta Erletxen. Eta handik autobus-anezkak iminiko doguz herriraino helduteko. Errepide nazionala norabide baten itxiko da, autobus pribatuak han aparkatu ahal izateko eta ibiltariak hortik oinez hurreratu daitezan zirkuitura. Gerizpetik Eguzkibegire aukeratu dozue lelotzat, zergaitik? Leloa Arkaitz Estiballes ikasle ohiak asmatu dau, eta horretan euskeraren historia eta ikastolen historia bera islatu gura izan ditu. Gure ikastolearen izena erabili dau horretarako. Eta Piku pertsonaia logotzat hartu dozue; nor da Piku? Beste ikasle ohi batzuk asmatutako mozoilo koloretsua eta alaia. Txorierritarrek ondo dakizuen legez, galdakoztarroi “mozoiloak” esaten jaku. Aitatu behar da gure ikastolako umeak eta gaztetxoak erraz eta gogoz identifikatzen dirala Pikugaz. Ibilaldia inoiz baino indartsuago dator musika aldetik. Pozik gagoz emoitzagaz, gure erabagia izan dalako ikasle ohiek parte hartzea letra eta musikan. Letra Arkaitz Estiballesek idatzi dau, eta musika BIOK taldeak konposatu dau. Behar polita eta txukuna egin dabela uste dogu. Egia da abestia nahiko gogorra dala hasierako zatian, baina gustura geratu gara akabuagaz: barria da, honelako ospakizunetan normalean erabilten ez dan estilokoa. Gobernu-aldaketea euki dogu oraintsu, zelango eragina izango dau horrek ikastolen egoeran, zeure ustez? Horren ganean ezin dogu ezer esan momentu honetan; ez dakigu eraginik izango dauen diru-laguntzetan, horren barririk ez dogulako euki. Bizkaiko Ikastolen Elkartetik gonbidapena luzatu jake agintari guztiei, aurreko edizinoetan egin dan moduan. Eta itxaroten dogu ordezkariak etortzea Eusko Jaurlaritzatik zein Bizkaiko Foru Aldunditik, beti halan egin dabelako eta eurek etortea garrantzi handikoa dala uste dogulako. “Lotan egon dan gogoa berpiztuz” Eguzkibegi ikastolea 1966. urtean sortu zan, euskerea eta euskal kultura bultzatu gura zituan lagun-talde baten ahaleginari esker. Gaur egungo eraikina 1978. urtean altxatu eben, eta ordura arte ikasketak beste eraikin baten eta lonjetan be jaso ebezen ikasleek. Ikastoleak irakasle bi eta 35 ikasle zituala emon zituan lehenengo urratsak; gaur egun 682 ikasle eta 55 irakasle ditu, eta 0 urtetik 16 urtera bitarteko ume eta gazteei zuzendutako hezkuntza-eskaintza dau. Bizkaiko Ikastolen jaialdian batzen dan dirua eraikinaren azpiegiturak erabarritzeko erabiliko dabe. “Ganera, eraikina egin zanean, ez ziran kontuan hartu gaur egunean ezinbestekoak diran egokitzapenak. Gimnasioa, dinamika-gelea eta bestelako espazioak berratondu eta egokitu beharko doguz”. EUSTATen datuen arabera, Galdakaoko herritarren %40a euskalduna da. Gero eta ume gehiago dabil euskeraz ikasten, eta gero eta jente gehiagok daki euskerea. Baina Euskal Herriko beste herri askotan gertatzen dan bezala, datu horreek ez dabe islarik kalean. “Guk uste dogu Ibilaldiak, urtean zehar dakarzan ekintzen bidez, lagundu egiten dauela euskerearen aldeko giroa eta euskerea bera erabiltearen aldeko kontzientzia sendotzen. Lotan egon dan gogoa berpizten laguntzen dau”. Egitaraua Guneak: 1. Udaletxea Puzgarriak 10:00: Goloka kale antzerkia 11:30: Ibilaldia 09 omenaldia 12:00: Pencak Silat 13:00: Mihiluze jokoa 14:00: Pencak Silat 2. Iturrondo Futbol-zelaia 09:30: Umeentzako tailerrak 11:30: Erromeria, Aiko taldearekin 13:30: Four Friends 17:00: Erromeria, Oxabi taldearekin 3. Muguru Ardoen dastatzea 10:00: Txahal errea eta herri kirolak 13:00: Bertsolariak 15:30: Marmara Dixieland Band 4. Anbulatorioa 10:30: Andra Mari eta Oinarin dantza taldeak 12:00: Bertsolariak 12:30: Andra Mari eta Oinarin dantza taldeak 15:00: Antzar erakustaldia 5. Ikastola Rokodromoa 09:30: Hasiera-ekitaldia 10:00: Umeentzako tailerrak 11:30: Txan magoa 13:30: Antton Irusta, ipuin kontalaria 15:30: Txirri, Mirri eta Txiribiton junior 6. K-2000 Izenaduba basoko pertsonaiak 11:00: Betizu 13:00: Euskal kantak 14:30: Kukubiltxo 15:30: Anje Duhalde 7. Elexalde Globo aerostatikoa 09:30: Xiba herri kirolak 11:30: Funkamena 14:30: Harrobi 8. Tiro-zelaia Askagintza 12:00: Biok 13:30: Sagarroi 15:00: Esne Beltza