Maiatzaren 9a, zapatuz. Gaueko hamarrak laurden gutxi. Athletic-en partida bukatu egin da (eta irabazi, gainera), eta afaltzera abiatu gara. Baina ez etxera. Gaur Larrabetzuko eskolan afalduko dugu. Goi mailako afaria. Afari paregabea.
Zer dela eta? Herriko eskolako jantokia Guraso Elkarteak kudeatzen du. Gurasoak dira elikagaiak aukeratzen, menuak antolatzen eta azpiegitura kontuak bermatzen dituztenak. Horrela izan da urteetan eta horrela jarraitzen du. Oraingoz, behintzat. Izan ere, aspaldi honetan egoera honek beste eskolek jasotzen duten diru laguntzarik ez hartzea ekarri du, beharginen ordezkorik ez izatea, eta bestelako eragozpenak. Eta jantokiak, autokudeatzeko ahalmena izan arren, ezin du enpresa handiek hartzen dituzten beste eskolen baldintzekin lehiatu.
Beraz, bestelako irtenbideak etorri bitartean diru iturri berriak lortzeari ekiten dio, ahal dela. Oraingoan afari desberdin bat eskaintzea pentsatu da. Eta baita egin ere. Lau sukaldari, sumiller bat eta hamabost zerbitzari, laurogeita hamazazpi jale gogotsuei zenbait “delicatessen†mahai gainean aurkeztu gurean. Sarrerako platerak, plater nagusiak eta postreak; eta jaki bakoitzari dagokion ardo hautatuaz lagunduta, gauean zehar “maridaje†deitzen zaion ariketa gastronomikoa osatzen joan zen.
Auzolanaren uzta
Lekua okasiorako bereziki prestatua zen: argi meheak, mahai koloretsu apainduak, musika goxoa… Mahai bakoitzeko zerbitzari bat, eta jakiak eta edarien arteko lotura eta egokitasuna azaltzen sumillerra, eskolako gurasoa, Aikor! aldizkariaren laguntzailea, antolatzaile aparta. Izan ere, ekimena aurrera ateratzen hainbat eta hainbat guraso eta lagunek hartu dute parte, bakoitza bere alorrean, kartelaren diseinua, dekorazioa, menuen eraketa, azpiegitura, garbikuzia… Elkarlanaren emaitza, auzolanaren uzta, aho zapore goxoa utzi duena. Hori behintzat adierazi zuten bertan afaldutako guztiek, urdaila ondo beteta, eta gauari jarraipena emateko gogoz. Ordutik aurrerakoak beste kronika baterako utziko ditugu…