Euskal Asteak hasiera eman dio Lagatzuren urteurre

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 28a, 09:32

Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak 10 urte bete ditu eta urteurrena handitasunez ospatzen dabiltza. Aurreko urteetan bezala, Euskal Astea antolatu dute maiatzean, baina aurtengoa bereziagoa egin nahi izan dute, “datozen hilabeteetan herrian izango dugunari begira, motorrak berotzeko”. Horrela, bada, urte osorako prestatu ohi dituzten ekitaldien artean aukeraketa adierazgarria egin, eta ekintza sorta zabala antolatu dute hilaren 22tik 27ra bitartean. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Piratak ikuskizuna Euskal Astearen lehenengo hitzordua izan da. Pailazook euskal umeengan sortzen duten ikusmina nahiko ezaguna da; beraz, ezer gutxi aipatu behar da: kiroldegia umez gainezka egon zen, zein baino zein pozago. Zapatuan umeentzako beste ekintza bat egin zuten: ibilaldi didaktikoa, Zamudion zehar. Umeentzako ibilaldia antolatu den lehenengo aldia izan da, eta umeek herriko txokoak eta eraikinak ezagutzea izan du helburu. Parte-hartzaileei gida didaktiko bana eman zitzaien, Zamudioko ondareari buruzko ariketak lantzeko. Hala ere, zapatuak beste ekitaldi bi ekarri zizkigun. Bertoko soinu tresnen elkarteak Lagatzuren urteurrenaren haritik konposatutako kanta aurkeztu zuen goizean, eta Erramun Martikorenak kantaldia eskaini zuen iluntzean. Eta hurrengo egunean, goiz altxatu behar. Erabateko arrakasta Domeka goizean “Zamudio ezagutu” mendi ibilaldia egin zuten hamargarren aldiz. Horren ostean, txakolin dastatzea izan zen, indarrak-edo berritzeko. Patxi Zubizarretaren Hamar mezu eta dei bat errezitaldi musikatua astelehenean izan zen, eta martitzenean euskararen etorkizuna izan zuten hizpide mahai-inguru batean. Mahai-ingurua Udane Goikoetxea kazetariak zuzendu zuen eta Juan Luis Goikoetxea euskaltzain urgazleak, Xabier Goienetxe Totoaneko presidenteak, Asun Basaras Txorierri Institutuko irakasleak eta Sorkunde Aiarza Zamudioko alkateak hartu zuten parte. Euskal Kanten X. Ikastaroaren lehenengo saioak amaiera eman zion eguaztenean Euskal Asteari. Antolatutako ekitaldi guztiak arrakastatsuak izan dira, jendetsuak, eta pozarren daude elkartekoak. Orain buru-belarri dabiltza Lagatzu Eguna prestatzen. Hura ekainaren 27an ospatuko dute eta, zalantza barik, egun berezia izango da. Aurten, Euskal Jaia antolatuko dute herriko beste elkarteekin batera. Ziur gaude Zamudioztarrek ez ezik Txorierriko euskaltzaleek eta lagunek ere egingo dutela bat ekimenarekin.