Atseden barik dabilz behar egiten Sarrikola ogitegiko labeak. Ogia egin behar dalako, tartak, erroskilak, magdalenak... Asier Bengoa ogitegiaren buru da. Negozioa ondotxo ezagutzen dau, lanbide honetan 11 urte daroaz-eta.
Zein da Sarrikolaren istorioa?
Beste ogitegi bat genduan hasikerean. Gurasoek eta anaiak laguntzen eusten beharrean eta pitika-pitika jente gehiago hartzen joan ginan. Ogitegi hori txiki lotu jakun eta Sarrikola ireki genduan dala sei urte. Sarrikola Larrabetzuko auzoan, gure baserriaren ondoan. Gaur egun 10 langile gagoz berton.
Zelango produktuak egiten dozuez?
Baserriko ogia, ogi integrala, arto-ogia, anoakoa... ogi beteak, erroskilak, kokoak... Azken horreek biak gure produktu izarrak dira. Euskal pastelak be egiten doguz, erroskoak eta hainbat tarta mota: txokolatezkoa, laranjazkoa, ananazkoa, Santiago...
Ene! Zerk bereizten dau baserriko ogia ohiko dendetan eros daikegunetik?
Baserriko ogia egiteko, ogi-urina erabiltzen dogu, baina indar eta elastikotasun handiagoak dituena. Era berean, ez dogu ez kontserbagarririk ez gehigarririk erabiltzen. Ogia legamia-amagaz egiten dogu; hau da, orea egiteko beharrezkoak diren osagaiak –urina, ura eta gatza- nahastu, eta egun batetik bestera ixten da jaikitzen. Guk kilo bateko ogi biribilak egiten doguz. Oreari eskuz emoten jako formea eta 50 minutu inguruan sartzen da egurrezko labean.
Jenteak estimatzen dau mota honetako ogia?
Produktu naturalak gero eta gehiago kontsumitzen dira, jenteak pitika-pitika kontzientzia hartu eta kalitatea gurago daualako. Prezio aldetik ezin dogu merkataritza-gune handiakaz lehiatu; halanda be, proportzioa ateraz gero, prezio antzekoa da, eurek 300 gramoko ogi biribilak saltzen dabezalako; eta guk, kilo batekoak. Guk kalidadea eskaintzen dogu.
Gozogintzan be filosofia bera jarraituko dozuela suposatzen dogu, ezta?
Bai. Industria-okintzan erabiltzen dan txerri-gantza, esate baterako, guk ez dogu erabiltzen. Guk dena euskuz egiten dogu eta ez dogu ez gehigarririk ez koloratzailerik ez aromarik... erabiltzen. Eta tartak egiteko erabiltzen doguzan produktu guztiak be kalitatezkoak dira. Nahiz eta apur bat garestiagoa izan, kalidadea gurago dogu eskaini, eta gura dauanak eros dagiala. Gure helburua hau da: azoketara-eta produktu freskoak eta kalidadezkoak eroatea.
Zelango bezeroak dozuez?
Ogitegian denda txiki bat dogu, eta bezero batzuk hona etortzen dira erostera. Produktuak lauzpabost dendatara eroaten doguz, baina batez be azoketan eta jatetxeetan saltzen dogu.
Azokak dirala-ta, leku batetik bestera zabilzela esan deuskue.
Hemendik Gabonetara arte lotu gabe egiten dogu behar. Euskal Herritik ez eze Estatutik eta Portugaletik be ibiltzen gara. Astebururo hiru edo lau azoka eukitzen doguz; edo gehiago! Ekinaren bigarren asteburuan, adibidez, Bilbo, Lemona, Lezama eta Butroiko azoketan izan ginan, baita Madrilen, Cuencan eta Zaragozan be.
Zelan saltzen dira bertoko produktuak kanpoan?
Madriletik gorantz, ondo; baina Madriletik beherantz, ez hain ondo. Une latzak jasaten gabilz eta krisialdiak eragina handiagoa dau hegoaldean, beharbada.
Krisialdiak eraginik dau bertoko azoketan be bai?
Salmentak jaitsi egin dira, eta lehen azoka bitan ateratzen zan dirua hiru azokatan ateratzen da orain. Baina jenteak azoketara joaten jarraitzen dau, eta produktuak erosten. Gu oso pozik gagoz bezeroen erantzunagaz. Asko aspaldiko bezeroak dira eta azoketan gure bila dabilz. Batzuek, lehen euskal pastel osoa erosten baeben, orain pastel erdia erosiko dabe, beharbada. Baina hori ez da inportanteena. Inportanteena hau da: konfiantza dabela gugan eta gure produktuetan, eta harreman polita sortu dala gure artean. Oso pozgarria da guretzat, benetan.
Esker oneko beharra da zuena?
Negozioa mantendu eta aurrera jarraitzeko beste ateratzen da; halanda be, exijentzia handiko ogibidea da, beharrean astelehenetik domekara bitartean egon behar baita erne eta tinko. Ganera, asteburuetan azokatara joan behar da, eta hareetan goiz-goizetik hasi eta berandu amaitu egiten da.
Etorkizuneko produktuak dira?
Beno, badakit une honetan jenteak prezioari erreparatu behar deutsola, baina kalitatea ez eze gure osasuna be kontuan hartu behar doguzala uste dot. Ea gero eta jente gehiago horretaz jabetzen joaten dan, eta produktu naturalen alde egiten dogun!