Literaturia euskera hutsezko Larrabetzuko Literatura Azokak nota ezin hobea atera dau lehenengo edizinoan. Herritarrek indarrak batu dabez ekitaldiaren inguruan eta antolatzaileak zein literaturazaleak pozik lotu dira emoitzagaz. Kalidadezko ekintzak antolatu ziran, ume, gazte zein helduei zuzenduta.
Larrabetzu Literaturaren uria bihurtu zan ekainaren 5etik 7ra bitartean. Anguleri kultura etxea, eskolea eta Hori Bai gaztetxea azokearen hiru eszenatoki nagusiak izan ziran, eta bertan publiko orokorrari zuzendutako ekitaldi sorta zabala egin zan. Umeek be euki eben euren gunea: Literaturiatxua.
Azokari barikuan emon jakon hasierea, eta handik aurrera Literaturaren ganeko solasaldiak nagusi izan ziran herrian. Baina Literatura ez eze genero horregaz lotura estua daben beste genero batzuk be jorratu ziran: musikea, poesia edo antzerkia, esate baterako. Horretara, bada, letrek eta arteak herria hartu eben asteburu osoan zehar. Besteak beste, disko eta liburu aurkezpenak, poesia emonaldiak, antzezlanak, irakurraldiak eta berbaldiak antolatu ziran. Aspertzeko astirik ez zan egon!
Azokan euskaraz kaleratzen daben argitaletxerik gehienek hartu eben parte eta azken nobedadeak aurkeztu eutsiezan literaturzale zein jakin-minak animatuta hara hurreratu ziranei. Era berean, hamazazpi idazle inguruk aurkeztu eben euren azken lana, esate baterako Uxue Alberdik, Edorta Jimenezek edo Koldo Izagirrek, batzuk aitatzearren. Beste batzuk be bat egin eben ekimenagaz: Angel Erro, Igor Estankona, Iñaki Friera, Nora Alberbide eta Jon Alonso, tartean.
Guztiak kalidadezko ekintzak izan zirala esan dabe aho batez irakurleek zein idazleek. Ekitaldi bakotxean batu zan jente kopurua kalidade horren adierazlea izan da, duda barik. “Maila handiko ekintzak izan dira, arrakastatsuak, eta jentea oso gustura ibili daâ€.
Parte-hartze itzela
Larrabetzuarrak harro egon laitekez euren buruaz eta egindako beharraz. Kritika onak baino ez dabez jaso. Eta ez da gitxigorako. Herri osoak parte-hartze itzela izan dau antolatze beharretan: alkarteak, umeak, gazteak zein helduak; eta emoitza nota altuagaz gainditu dauan euskera hutsezko Literatura Azokea izan da. Hurbiltasuna azokearen beste alde erakargarrienetariko bat izan da, irakurleek aurrez aurre euki dabezalako idazleak.
Jentea pozik ibili zan Literatura munduan murgilduta. Hedoi Etxarte idazleak, adibidez, asteburu osoa emon eban Larrabetzun. Ederki hartu eben herritarrek, eta gazteak ekitaldi guztietan hartu eban parte, egunez zein gauez, oso gustura egon zan-eta.
Literaturia azokeak Literatura kalera atera eta herritarrei hurbiltzea izan dau helburu nagusia. Azokearen lehenengo edizinoak euki dauan arrakastak datorren urtean be egitera behartuko dabe antolatzaileek, zalantzarik ez. Are gehiago, askok hori eskatu dabe dagoanako. “Ikusiko dogu datorren urteak zer ekarriko deuskun, eta zer eskainiko deutson Larrabetzuk Literaturaren unibertsoariâ€.