Loiuko San Pedro eta Santa Luzia jaiak: Jai goxo-g

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 22a, 15:02

Argazkiak: Ixone Urrutikoetxea

Uda jaietako garaia da Euskal Herrian. Txorierrin ere hainbat ekitaldi antolatu eta antolatzen ari dira. Ekainean Loiuren txanda da, bertan San Pedro eta Santa Luzia jaiak egiten baitira hilaren 23tik 30ra bitartean. Aurten oso pertsonaia ospetsuak ikusteko aukera izango dugu Loiun, Julio Ibarra kazetaria eta Metro Bilbaoko komunikazio arduraduna, esate baterako. Iñaki eta Inaxio Perurena harrijasotzaileek ere lagunduko dute jaiak girotzen. Gainera, paella lehiaketa ekitaldirik jendetsuenetarikoa izango da, betiko moduan. Pregoia Ana Landa aurreko kultura teknikari eta gaur egun Berangoko alkateak emango du. Ohiko datetan egingo dira aurten Loiuko jaiak. Iaz, egutegiaren kapritxoa zela-eta, ostiraletik astelehenera bitartean egon ziren ekitaldiak, baina aurten asteartean ere antolatu dira ekimenak. Egun bat gehiago, beraz, jaiez gozatzeko! Hala ere, jaiak hasi baino lehen, entsegua izango balitz moduan, San Juanada egingo da udaletxearen atzeko zelaian astebete lehenago, ekainaren 23an, alegia. Gau magiko horretan, txokolatea eskainiko zaie hortik hurbiltzen diren guztiei. Benetako jaia ekainaren 26an hasiko da. Arratsaldeko 7:30ean Ana Landak pregoia irakurriko du, eta ongi etorria emango die jaiei udaletxeko balkoitik. Osterako, pala txapelketa antolatu du Irtxan taldeak. Kirola gustatzen ez zaienentzat, ordea, sardina jana eskainiko da ordu berean. Gaua heldu orduko, musikaren doinuak izango ditugu entzungai herrian: lehenik eta behin, Kresala taldeak jardungo du; era berean, 03:00tik aurrera, diskoteka batek lagunduko ditu gautxoriak. Paellak nagusi Hurrengo egunari, zapatuari, kalejirak emango dio hasiera, goizeko 10:00etan. Egun nagusia da larunbata, paella lehiaketa egiten baita. Normalean, 2.000 lagun biltzen dira udaletxearen inguruko landetan. Kodrilek 10:00etan eman behar dute izena, eta hortik aurrera egun osoan ibiliko dira lapikoen artean. Paellak 14:00etan aurkeztuko dira, eta Julio Ibarra animatzaile arituko da. Sariak 17:00etan banatuko dira. Baina jaia ez da orduan bertan behera geldituko, giro ederra ordu txikietara arte luzatuko da-eta. Arratsaldean The McKensis Clan Band Loiun gora eta behera ikusteko aukera egongo da. Era berean, Egan Berri eta La década prodigiosa taldeek saioak eskainiko dituzte gauean. Igandean kalejira eta mezara joan ahal izango dira indarrik gabe gelditu ez direnak. Geroago, aita-seme Perurenatarrek harriak jasoko dituzte. Arratsalderako, haurrentzako baserri jokoak, Leke taldearen dantza-erakustaldia , eta pala txapelketaren finalak antolatu dira. Gauean, betiko legez, musika izango dugu entzungai, Luhartz taldearen eskutik, hain zuzen ere. Astelehenean ere egingo dira kalejira eta meza. Ondoren, organo kontzertua eskainiko du Pedro Guallarrek. Musika-saioa entzun eta gero, bazkaltzeko ordua izango da, eta jai-batzordeak otordu bi proposatu ditu: bata, nagusiei zuzendua Zabaloetxe pilotalekuan; bestea, gainontzeko herritarrentzat antolatua udaletxearen inguruko zelaietan. Arratsaldean skate tailerrean parte hartu ahal izango dute kirol horren zaletuek, batez ere. Asteartean amaituko dira jaiak. Goizean, kalejira eta meza egongo dira, eta arratsaldean Zaki magoa herritarrak harritzen saiatuko da. Ondoren, fanfarrea eta erraldoien tailerra izango ditugu. Txokolateak hasiera eman zion jaiari, eta amaiera ere emango dio. Era berean, 20:00etan Patxikori agurra egingo diogu. Egitaraua Ekainaren 23a, martitzena 21:30: San Juanada, txokolatea. Udaletxe atzeko zelaietan Ekainaren 26a, barikua 19:30: Pregoiaren irakurketa, Ana Landaren eskutik 20:00: Sardina jana 20:00: Pala Txapelketaren finalerdia, Irtxan taldeak antolatua 23:00: Gau dantza, Kresala taldearekin 03:00: Diskoteka Ekainaren 27a, zapatua 10:00: Kalejira 10:00: “Loiuko jaiak” V. Paella Txapelketa 11:00: Pintura Lehiaketa, haurrentzat 12:00: Herri-jolasak, haurrentzat 14:00: Paellen aurkezpena Julio Ibarraren laguntzarekin 16:00: Bitsaren jaia 17:00: Paella Txapelketaren sari banaketa 17:15: The McKensis Clan Band 21:00: The McKensis Clan Band 22:30: Gau dantza, Egan Berri taldearekin 00:00: La Década Prodigiosa 01:00: Gau dantza, Egan Berri taldearekin Ekainaren 28a, domeka 10:00: Kalejira 11:00: Meza 13:00: Iñaki eta Inazio Perurena harrijasotzaileak 17:30: Haurrentzako baserri jokoak 18:30: Loiuko Leke dantza taldearen erakustaldia, plazan 19:00: Pala Txapelketaren finala, Irtxan taldearen eskutik 20:30: Gau dantza, Luhartz taldearekin Ekainaren 29a, astelehena 10:00: Kalejira 12:30: Meza 13:15: Organo kontzertua, Pedro Guallarren eskutik 14:30: Nagusientzako bazkaria, Zabaloetxeko frontoian 14:30: Herri-bazkaria, udaletxe inguruko zelaietan 17.00-21:00: Skate tailerrak, skateko pistan 21:30: Hotza Ekainaren 30a, martitzena 10:00: Kalejira 12:30: Meza 17:30: Zaki magoa …eta ondoren erraldoien tailerra eta fanfarria 20:00: Patxikori agurra eta txokolatada