“San Martin baso†lorategi botanikoa irailean zabalduko dabe. Bertoko flora ez eze bost kontinenteetako zuhaitzak eta lorak be ezagutzeko aukerea emongo deusku.
“San Martin baso†lorategi botanikoa hektarea biko altxor berdea da. Eta altxorra Txorierrin bertan dogu; Lezaman, hain zuzen be. Lorategi botanikoa Kima Landarak garden center-rak dala hiru urte martxan jarritako proiektua da. San Martin basoan dagoan hariztia abiapuntutzat hartuta, bertoko zuhaitzak, lorak eta zuhaixkak bost kontinenteetatik ekarritako espezie ez inbaditzaileakaz uztartu dabez han. Lorategiak Txorierrin antxina egozan basoetara eroaten gaitu ibilbide lasai eta atsegin baten zehar; baina, era berean, keinua egiten deutso mundu osoko florari. Hala, 200 urteko haritzak harmoniaz bizi dira Australia, Zeelanda Berri edo Txinako zuhaitzakaz. Paisaia ia mila espezie ezberdinek apaintzen dabe: lizarrak, hurrondoak, gorostiak, pagoak, sekuoiak, kaktusak, palmondoak, astigarrak, Tasmaniako iratzeak, azaleak, kameliak, arteak eta itsas pinuak, batzuk aitatzearren.
Basoak bitxiak be ezkutatzen ditu. Ibilbidean ginkgo biloba zuhaitzagaz egiten dogu topo. Zuhaitz hori oso zaharra da; hain zaharra, ezen dinosauroen garaian baiegoan. Zuhandorra desagertzeko zorian dagoen espeziea da, eta hori be lorategian miretsi daikegu. Arduradunek omenaldi txiki bat egin gura izan deutsee Txorierriko txakolingileei, eta zuhaitz eta loren artean txakolina egiteko erabiltzen diran hiru mahatsondo mota landatu dabez.
Ikaztegi bat eta San Martin baselizaren aztarnak zuhaitzen artean nahasten dira. Lorategi japoniar batek ukitu exotikoa emoten deutso inguruari. Laster urmael bat egingo dabe, eta bertan uretako lorak iminiko dira. Baina horreek guztiak zuzenean ezagutzeko, “San Martin baso†lorategi botanikoraino hurbildu beharko geunke. Lorategian bisitaldi gidatuak egingo dabez ikastetxe zein partikularrei zuzenduta. Aukerea irailetik aurrera izango dogu.