Jurgi Kintanak liburu bi argitaratu berri ditu: Urre urdinaren lurrina. Euskal idazle galduaren bila eta Intelektuala nazioa eraikitzen. RM Azkueren pentsaera eta obra. Lehenengoan ezagutzera eman ditu XIX. mende eta XX. mendearen lehen erdiko autore ezezagunak; eta bigarrenean, errepasoa egin die Euskaltzaindiaren sortzailearen pentsaera eta obrari.
Urre urdinaren lurrina. Euskal idazle galduaren bila liburua blog batean egindako aipamen baten du hazia, antza.
Iban Zaldua idazleak hau aipatu zuen: euskal literatura izan zena izan beharrean; hau da, abadeek idatzitako liburuez aparte, oso kostunbristak eta tradizionalistak zirenak, interesante izango zela Europako beste herrialdeetan dauden bezalako nobelak egotea: burgesia girokoak, erdi mailako klaseen gorabeherak kontatzen dituztenak, industrializazioa... Eta halakorik gure literatura-tradizioan egon ez denez, idazle faltsu bat asmatzea proposatu zuen, eta halako nobela bat gaur egun idaztea, antzinakoa izango balitz bezala. Ideia horretatik abiatuta, ezaugarri horiek betetzen zituen XIX. mendeko idazle bat non topa nezakeen hasi nintzen pentsatzen, ea halako idazlerik existitu zen. Liburuan bilaketa horren berri eman dut.
Eta non bilatu duzu?
Burges-klasean, Bilbon, Donostian, Iruñean... Idazleak banan-banan aztertu ditut: batzuk baztertu egin ditut; eta beste batzuek zer egin zuten kontatu dut.
Lan zaila izan da?
Zaila ez; interesantea. Lan bat zaila eta aspergarria bada, ez dut egiten. Gainera, hau nik nahi izan dudalako idatzitako liburua da. Nire ustez, interesantea izan da, eta zailtasuna ere beste eragingarri bat izan da lanean jarraitzeko.
Zein idazlerekin egin duzu topo?
Euskal literaturan lehendik ezagunak ziren hainbat idazlerekin: Antton Abbadia edo Arturo Campion, batzuk aipatzearren. Baina beste prisma batetik aztertu ditut, eta haiengandik hain ezagunak ez diren gauzak ezagutzeko aukera izan dut. Liburuan agertzen direnak euren garaian beste modu bateko literatura egin zuten idazleak dira. Egia da 500 orrialdetako nobelarik ez dudala topatu; baina bai, bitxiak eta ezezagunak diren gauzak. Horiek autoreren batek inoiz aipatu izana baliteke, baina gainetik. Nik bildu eta kontatu egin ditut liburuan.
Emakumerik badago idazle horien artean?
Bai, Francisca Astibia bilbotarra, esate baterako. Emakumeak poema batzuk-eta idatzi zituen gerra aurrean, gero, gerra ostean, Jon Mirandek idatziko zituenen antzekoak direnak eta Lauaxetarekin ere harremana dutenak. Baina emakume hori ez du ia inork ezagutzen.
Zergatik ahaztu gara idazle horiekin?
Batetik, pertsonaia horiek gerra zibilaren aurrekoak dira, eta gerraren aurretik egin ziren hainbat gauza gerraren ondorioz galdu egin dira: batzuk hil zirelako, edo beste batzuek egunkarietan edo aldizkarietan idatzi zutena gerraren ostean ez delako aztertu... Bestetik, eredu nagusi bat ezarri da literaturan, eta horren historia idatzi dutenek inportantzia handiagoa eman diete autore batzuei, besteei baino.
Gure literatura berrikustea merezi duela diozu; horregatik, beharbada?
Euskal literatura oso txikia delako ustea dago. Eta, hainbat arrazoi tartean, egia da, beste herri batzuetako literaturarekin konparatzen bada. Baina txikia izanda ere, txiki hori ez dugu guztiz ezagutzen. Badago oraindik zer aztertu, gauza politak.
Intelektuala nazioa eraikitzen. RM Azkueren pentsaera eta obra liburuan zure tesiaren zati nagusia bildu duzu. Azkueren obra oso-osorik hartzen duen lehenengo lana omen da...
Lan asko daude Azkueri buruz; nirea ez da bakarra. Gertatzen dena hau da: lan batzuk filologoek, esate baterako, egin dituztela eta eurei interesatzen zaizkien gaiak aztertu dituztela; eta folkloristek, folklorearekin zerikusia dutenak. Ni historialaria naiz eta hau egin dut: Azkueren bizitza aztertu, bere garaian kokatu, eta bere obra bere bizitza pertsonal eta garaiko zirkunstantzien arabera azaldu. Landu zituen arlo ezberdinak –literatura, hizkuntzalaritza, musika...- aztertu ditut, eta zein helbururekin jorratu zituen azaldu dut.
Zer nabarmenduko zenuke bere pentsaeratik?
Karlista zela uste bada ere, Azkue abertzalea izan zen, eta bere obra guztia ideologia nazionalista batean azaltzen da. Hala ere, eta alderdi politikoekin harremanak izan bazituen ere, Azkue ez zen alderdi gizona izan. Berak euskal kultura nazionala sortu nahi zuen; herri-tradizioak hartu, eta horietan oinarrituz, proiektu nazional moderno bat sortu.
Eta bere obratik?
Kultua zen guztia interesatzen zitzaion. Euskaltzaindia sortzea bere obrarik nagusienetarikoa izan zen, nire ustez. Hizkuntza babesteko, erakunde sendo baten beharra zegoela ikusi zuen, eta 30 urtean izan zen harremanetan erakunde publikoekin, Euskaltzaindia sortzeko. Euskal Akademia 1919n sortu zuen eta Euskaltzaindiaren lehenengo burua izan zen. Frankistek Akademia itxi zuten gerra zibilean, eta berak berriro zabaldu zuen gerraren ostean. Beste lan batzuk ere baditu: herri-tradizio bilketak, kantutegia... eta horiek guztiak lehen aipatutako kultura nazionala sortzeko ikuspegitik ulertzen dira.
Zergatik Azkue?
Euskal kulturari buruzko zerbait aztertu nahi nuen tesirako, eta Euskaltzaindian bazeuden Azkuek idatzitako 6.000 gutun, sakonki aztertu barik. Gutun horietan gauza asko kontatzen dira, publikazioetan-eta agertu ez direnak, eta lantzea merezi zuen.
Loturarik topa daiteke liburu bien artean?
Bai. Tesia lehenago idatzi nuen eta egiaztatu ahal izan nuen moduan, Azkuek harremana zuen bere garaiko ia euskaltzale guztiekin. Urre urdinaren lurrina liburuan agertzen diren idazle asko Azkueren gutunei esker ezagutu ditut, eta Azkue bera ere aipatzen dut liburuan.