Derioztarrek denboran zeharreko bidaia egin dute

Aikor aldizkaria 2009ko aza. 20a, 14:17

Elizatea orain 321 urte Gernikako Batzar Nagusietan sartu zela ospatzeko. Argazkiak: Ane Bores (DerioKOmunikazioa)

Ikusmin handia zegoen eta kiroldegia leporaino bete zen saio bietan. Gernikako Batzar Nagusiek 1688ko irailaren 24an onartu zuten San Kristobal Derioko elizatea, eta derioztarrek onarpen prozesua antzeztu zuten urriaren 24an, urteurrena zela eta. Antzezlana Fernando Ansoleagak zuzendu du eta 100 herritar inguruk hartu dute parte; zinegotziak eta kultura nahiz kirol elkarteetako kideak tartean direla. Entseguak apirilean hasi ziren egiten eta, guztiek euren papera ondo baino hobeto ezagutzen bazuten ere, aktoreen artean urduritasuna zen nagusi oihala ireki baino lehen. Baina primeran irten zen dena, eta aktoreek antzezpen bikaina egin zuten. Lanaren kokatzea ere oso egokia izan zen, eta pertsonaiek Madrilgo denda batean erositako arropa jantzi zuten. Alatriste filmeko jantziak ere denda horretan erosi ziren. “Guztiok pozik gaude: zuzendaria, aktoreak, Udala...” esan digu Jesus Lagunas kultura zinegotziak. “Herritarrek oso erantzun ona eman digute eta 1.000 bat derioztarrek ikusi dute lana. Gonbidapenak berehala agortu ziren, saio bietarako. Arrakasta itzela izan du ekimenak”. Nondik gatoz Antzezlana bost zatik osatu dute, eta haietan garai hartako bizimodua, ohiturak eta egoera politikoa islatu dira. Lehenengo ekitaldian, hiru belaunalditako emakumeak azaldu ziren etxean. Bigarrenean, eliztarrak mezatatik irten ziren. Hirugarren ekitaldian, baserritarrak agertu ziren azokara bidean, eta laugarrenean Martin obrako protagonistak eta lagunek solasaldia izan zuten Batzar Nagusietan sartzeko beharrei buruz. Antonio Miguel de Zaldua eta Ugarte jaunak Derio onartzeko eskaera eraman zuen Batzar Nagusietara bosgarren ekitaldian, eta batzarkideek eman zuten botoa. Antzezlanaren amaieran desfile bat egin zen, danbor-adarrak lagundurik. Desfileko pertsonaia bakoitzak garai hartan Derion zeuden 20 baserrietariko bat adierazi zuen. “Oso ekitaldi polita izan da, herritarrei udalerriaren sorrera eman zaie ezagutzera. Izan ere, aurrera begiratu behar dugu, baina nondik gatozen jakinda”. Besteak beste, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Batzar Nagusietako ordezkariak eta Txorierriko alkateak izan ziren Derion, antzezlana ikusten eta herriaren historia hobeto ezagutzen.