Adin guztiei zuzendutako ekitaldi sorta zabala, Eu

Aikor aldizkaria 2009ko aza. 20a, 14:29

Besteak beste, goi mailako bertso saioa, antzerkiak eta musika-ekimena izango dira azaroaren 28tik abenduaren 3ra bitartean, Zamudion. Derioko Institutuan hitzaldiak egingo dira abenduan zehar.

Euskararen Eguna Zamudion izango da aurten. Mankomunitateko Euskara Zerbitzua eta bertako kultura eta kirol elkarteak buru-belarri ibili dira txorierritar guztientzako ekitaldiak antolatzen eta emaitza erabat aberasgarria izan da. “Parte-hartzea oso handia izan da eta herriko talde guztiek, euskaldunek zein euskara ez dakitenek, egin dituzte ekarpenak” esan digute Euskara Zerbitzutik. Denen artean, egitarau dotorea antolatu dute euskara eta euskal ohituren inguruan. Goi mailako bertso saioak hasiera emango dio aurtengo Euskararen Egunari. Ekitaldia azaroaren 27an, 20:00etan, izango da Zamudioko frontoian, eta han punta-puntako bertsolariak arituko dira bat-batean: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Igor Elortza, hain zuzen ere. Gai jartzailea Arkaitz Estiballes izango da. Hurrengo egunerako, zapaturako, hainbat ekitaldi antolatu dira familia osoarentzat. Frontoian puzgarriak jarriko dira bi urtetik sei urtera bitarteko umeei zuzenduta, eta zazpi urtetik gorakoek tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute. Hiru tailer egingo dira: herri kirolak, txalaparta eta buztinezko euskal figurak. Seme-alabak puzgarrietan eta tailerretan ederto pasatzen duten bitartean, gurasoak Zamudiotorreraino hurbildu ahalko dira; gurasoak eta nahi duen jende guztia, noski. Jon Aroztegi eta Gotzon Zubiaur mendizaleek GI eta GII zortzimiletan udan izandako esperientziaren berri emango dute bertan. Hitzaldia eguerdiko ordu batean izango da. Eta eguna borobiltzeko, Taberna Ibiltaria taldeak saioa eskainiko du iluntzean. Hitzordua arratsaldeko 7etan jarri dute, frontoian. Euskal Kantutegitik kantak aukeratu eta horien hitzak idatziko dituzte paperean. Ekitaldian parte hartzen dutenen artean orriak banatuko dira, kantak mundu guztiak abestu ahal izateko. Eguraldi ona izanez gero, tabernaz taberna ibiliko dira; eta eguraldi txarra badago, frontoian bertan egingo dute saioa. Izan ere, astebururako frontoia hotzetik babesteko apainduko dute eta berogailuak ere jarriko dira. Erreminta, bizitzarako Eskoletako umeentzako ekitaldiak astegunetan zehar egingo dira eta orotara, 1.029 lagunek gozatuko dute horietaz. Ekitaldiok Zamudioko kiroldegian izango dira. Zazpi urtetik bederatzi urtera arteko umeek ederto pasatuko dute astelehenean Barre Laborategia ekimenarekin, eta Zirika Zirkus pailazoen emanaldiak lau urtetik sei urtera bitarteko umetxoei gozararaziko die martitzenean. Ostegunean Sun Magoaren txanda izango da. Saioa 10 eta 11 urteko gazteontzat da. Bertsolaritza klasean dabiltzanek letra berria jarriko diote euskal kantu ezagun bati, eta gainontzekoei irakatsiko diete ekitaldietan kanta dezaten. Ekitaldi bakoitzaren aurkezpena Zamudioko herri ikastetxeko ikasleek egingo dute. Beste alde batetik, hitzaldi zikloa egingo dute abenduaren 9tik 23ra bitartean institutuan. Hitzaldiok hauek emango dituzte: Kukubiltxo antzerki taldea, Jon aroztegi mendizalea, Gaizka Peñafiel trikitilaria eta Juan Luis Goikoetxea idazlea. Hasieran aipatu bezala, oso parte-hartze handia egon da Euskararen Eguna antolatzeko batzarretan eta ondorioz, ekitaldiak ere erabat arrakastatsuak izatea espero dute antolatzaileek. Zamudioztarrek ez ezik Txorierriko gainontzeko euskaltzaleek ere hitzordua dute Zamudion. “Saiatu gara euskara eta euskal kulturarekin lotutako ahalik eta egitaraurik erakargarriena txorierritarrei eskaintzen”. Datu eta inkesten arabera, euskararen ezagutza gero eta handiagoa da, eta gero eta lagun gehiago dira euskarazko tituluren bat dutenak. Hala ere, kalean euskara gutxi entzuten jarraitzen da, batez ere gazteen artean. Ahaleginak egin arren, hori gainditzen zaila den handicapa da. “Euskara izan behar da gure erreminta bizitzarako, eta lortzen ez dugun bitartean txarto gabiltza. Gakoa gazteengan dago. Eurengana hurbiltzeko modua lortu behar dugu, pixkanaka-pixkanaka euren artean ere euskararen normalizazioa lortzeko. Gazteentzat antolatzen diren aisialdiko ekimenak abiapuntua izan litezke”.