Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren kide diren herri aldizkariek horien elkarlana eta talde-izaera azpimarratzea helburu duen TOKIKOM marka bateratua sortu berri dute. Txorierriko irakurleok TOKIKOM ikurra ikusita duzue dagoeneko Aikor! aldizkariaren mantxeta berriaren alboan. Proiektuaren arduradunek eman dizkigute zehetasunak.
Zer da TOKIKOM?
Joxe Rojas (Topagunea): Ditugun azken datuen arabera, tokiko aldizkariak hedabiderik indartsuenak dira bakoitza bere esparruan, baina ezezagunak dira euren mugetatik kanpo. TOKIKOM proiektuaren asmoa hedabideon talde-izaera eta kohesioa indartzea da, barrura zein kanpora begira. Tokiko hedabideen sektorea irudikatzen duen ikurra da.
Zergatik sortu da?
Eneko Azkarate (Goienkaria): Topaguneko euskarazko hedabideok anitzak gara, maiztasun, formatu eta itxurari dagokienez. Baina badira guztiok komunean ditugun ezaugarriak: populazio osoari zuzendutako hurbileko informazioa lantzen dugu, gai orotarikoak... Liderrak gara gure esparruan, eta, era berean, tokian tokiko hedabide guztien baturak lider bihurtzen gaitu euskarazko zein erdarazko hedabideen artean.
Xabier Goienetxe (Aikor!): Ezaugarri komun horiek azpimarratzea eta indartzea da kontua. Aniztasunari uko egin gabe, talde-izaera ere badugula gizarteratzea. Eibarko lagun batek beste herri bateko aldizkaria topatzen duenean, horrek bere herrikoarekin zerikusia duela jakin dezan. Eta elkarlanerako kanalak irekitzea ere bai, noski. Zenbait arlotako informazioa partekatzea, eta, zergatik ez, guztiok batuta 220.000 irakurle baino gehiago izateak ematen digun indarra baliatu ahal izatea ere bada gure helburua.
Zein berritasun eskainiko dio TOKIKOMek irakurleari? Eta aldizkariei?
JR: Lehenengo eta behin webgunea: tokikom.com. Bertan, irakurleak aldizkari guztien titularrak jaso ahal izango ditu zuzenean; eta gehiago sakondu nahi izanez gero, tokiko aldizkariaren webgunera jotzeko aukera izango du. Gainera, RSS teknologiaz baliatuz, oso erraza da titular horien harpidedun egin eta albisteak hamaika formatu ezberdinetan jasotzea.
EA: Aldizkariei baliabide gehiago emango die besteen ibilbidea ezagutzeko, informazioa elkartrukatzeko, gabeziak gainditzeko, lan poltsa sortzeko eta orain arte eskuraezina ziren enpresetan publizitatea lortzeko. TOKIKOMen publizitatea kontratatzen duenentzat ere bada aparteko euskarria, aukera duelako hedabide askotan agertzeko, eta inbertsio eraginkor eta errentagarria egiteko.
Aldizkarien barne-antolakuntzari ere ekarriko dio onurarik?
Koldo Mitxelena (...eta kitto!): Bai, bakoitzaren produktuak hobetu eta produktu osagarri komunak ateratzeko aukera emango digu: umeentzako gehigarriak, denbora-pasak... Barne-antolakuntza eraginkorragoa egiten ere lagunduko digu: taldean arituz gero, gaur egun aldizkari guztietan egiten diren lan errepikatuak saihestu ditzakegu, eta gure baliabideak gauza berriak edota hobeak egitera bideratu.
Topagunearen barruan 36 herri aldizkari daude; hala ere, 20k baino ez dute bat egin proiektuarekin. Noizko hedabide guztiak TOKIKOMen barruan?
Jasone Mendizabal (Topagunea): Esan bezala, aniztasuna da nagusi tokiko hedabideen artean, baita indar eta baliabideei dagokienez ere. Horren arabera, bazkideetako batzuek euren egoera finkatzeari begirako lehentasunak ezarri dituzte, eta TOKIKOMen sartu ala ez aurrerago erabakiko dute. Guk aniztasun hori errespetatu nahi izan dugu lehen momentutik, eta ziur gaude epe ertainera hedabide bazkide guztiak egongo direla proiektuaren barruan. Baina argi dugu bakoitzak bere erritmoan egin behar duela.
TOKIKOM osatzen duten aldizkariak
•  ...eta kitto! (Eibar)
•  Aikor (Txorierri)
•  Aiurri astekaria (Beterri – Buruntza)
•  Aiurri hamaboskaria (Beterri – Aiztondo)
•  Anboto (Durangaldea)
•  Asteleheneko Goienkaria (Debagoiena)
•  Barren (Elgoibar)
•  Begitu (Arratia)
•  Berton (Mahatserria)
•  Drogetenitturri (Ermua, Mallabia)
•  Goienkaria (Debagoiena)
•  Guaixe (Sakana)
•  Hernaniko Kronika (Hernani)
•  Karkara (Aia, Orio)
•  Otamotz (Urretxu-Zumarraga)
•  Pil-Pilean (Soraluze)
•  Prest (Deustualdea)
•  Ttipi-Ttapa (Baztan-Bidasoa-Malerreka)
•  Txintxarri (Lasarte-Oria)
•  UK (Uribe Kosta)