Xabier Oleaga, <i>Egunkaria</i>ko erredaktoreburua

Aikor aldizkaria 2009ko abe. 15a, 15:11

Testua: Gotzon Barandiaran

2003ko otsailaren 20an, Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuen, Juan del Olmo epailearen aginduz. Epaiketa gaur hasi da eta akusazio bakarra AVT eta Dignidad y Justicia elkarteena izan da; fiskalak, ordea, kasua artxibatzeko eskatu du. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleagari ETAko kide izatea leporatu diete eta 12tik 14 urte bitarteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat. Horrezaz gainera, beste zortzi lagun daude auzipetuta auzi ekonomikoaren barruan. Oleaga Zamudiora etorri zen, epaiketa hasi baino lehen, Egunkaria kasuari buruzko zehaztasunak ematera. AIKOR! kalean egon orduko hasita egongo da epaiketa. Zelako itxaropenarekin zoazte? Egunkaria kasua hain da salbuespenezkoa, non zaila egiten zaigun nola amaituko den aurreikustea. Gurea bezalako akusazio-oinarria duten beste kasu batzuetan zer pasatu den ikusiz gero, inola ere ezin gara baikorrak izan. Eta Egunkaria kasuak berak orain arte nolako ibilbidea izan duen ikusten bada, horretan ere ezin gara baikorrak izan. Baina Auzitegi Nazionalaren historia osoan, gurea bezalako akusazio-oinarria izan duten kasuak kontuan izaten baditugu, ez dago kasu bakar bat ere fiskalak artxibatzeko eskatu duenik; gurea da bakarra. Ikuspegi juridiko batetik begiratuta, hori da aldaketarik handiena beste kasu guztiekin alderatuta. Hori horrela izanik, geure buruari galdetzen diogu Egunkaria kasuan ez ote den beste mota bateko epaia izango. Baina epaiketa hau ez da juridikoa... Konbentziturik gaude ez dela juridikoa; beraz, egoera politikoak eragina izango du, ziur asko. Eta horretan bai ez garela aurreikuspen bat egitera ausartzen. Herritarren erantzunak, Euskal Herritik egiten den presioak, zelanbaiteko eraginik izango du epaian, zure ustez? Distantzia handia dago Euskal Herritik Espainiako erreinuaren metropolira; eta distantzia kulturala, soziala eta politikoa, askoz handiagoa da. Ez dakigu Auzitegi Nazionaleko epaileen belarrietara iristen den euskal gizartearen oihartzuna. Baina hara iritsi edo ez, euskal gizartea ezin da ezaxola izan ez Egunkaria kasuan, ezta beste hainbatetan ere. Ezaxola balitz, orduan bai, Madrilgo epaile eta politikarien belarrietara iritsiko litzateke oihartzuna, eta jasango genituzke ondorioak. Fiskalak ez du ezer agertu zuen kontra; bai, ostera, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek. Argia aldizkarian argitaratu dute, esate baterako, badela susmoa harreman estu-estua dagoela poliziaren eta azken elkarte horren artean. Faisan auzia etorri zait gogora. Zerga iraultzailea deitutakoaren harira, atxiloketa batzuk izan ziren, baina auzia judizialki itxi zen azkenean. Partido Popular alderdia eta poliziaren zati batzuk —Guardia Zibila, zehazki— horren kontra azaldu ziren. Dignidad y Justicia elkarteak ekimen juridiko bat eraman zuen aurrera, kasua berriro ireki zedin. Eta orduan argudiatu zuten kasuak ikerketa independente bat behar zuela eta horretarako egokiena Guardia Zibila zela. Neurria gauzatu bezain laster, Guardia Zibileko Union de Oficiales erakundea agertu zen, Dignidad y Justicia elkarteak eskatutako ekimenarekin bat egiten zuela esanez. Hortik aurrera bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Laster zazpi urte beteko dira hau guztia hasi zenetik. Zelako eragina du zuen bizimoduan? Honelako zama bat bizkarrean eroateak luzeago bihurtzen ditu urteak; eta pisutsuago. Ez da soilik norbera, baizik eta norberaren familia, ingurua... Zama hori familiaren etorkizunaren gainean sentitzen da. Eta ziurgabetasunak ere pisu handia du; nire kasuan, adibidez, zigor epaia aterako balitz, 12 urte eman nitzake espetxean, eta hirurogeitaz urterekin irtengo nintzen handik... Eta familia hor gelditzen da; gelditzen den moduan...