Jorge Dueñasen (Bilbo, 1962) izena ez da ezaguna, eskubaloia ez delako entzute handiko kirola. Baina Sondikan bizi den entrenatzaile hau, besteak beste, Arrate eta Zuazo taldeetan ibili da. Gaur egun, Emakumezkoen Espainiako selekzioaren arduraduna da, eta haren eskutik taldea inoiz baino emaitza hobeak ari da lortzen: iaz Europako txapeldunordea izan zen, eta abenduan laugarren postuan lotu zen Munduko Txapelketan.
Zelan Munduko Txapelketan?
Laugarren postuan amaitu dugu, emaitza ederra, Espainiak bere ibilbidean lortu duen onena. Lehenengo fasean Afrika eta Asiako talde ezezagun batzuen kontra aritu ginen. Primeran jokatu genuen eta taldea finalerdietara ailegatu zen. Patxadaz heldu ginen hara, lasaiegi agian. Euforia handiegi hori kaltegarria izan zen guretzat Frantziaren kontrako partidan, finalerdian. Izan ere, kaskar ibili ginen defentsan, eta ez genion geure mailari eutsi. Partida horretan ez ezik, 3. eta 4. postua erabakitzeko partidan ere galdu egin genuen. Dominarik lortu ez dugunez, badirudi lana ez dela hain ona izan, baina poz-pozik egon behar dugu.
Eta finalerdian?
Oso ondo ezagutzen dugu elkar Frantziak eta guk. Guk gabeziak ditugu; kanpoko jaurtiketari dagokionez, batez ere. Horrek baldintzatzen du gure jokoa, eta horregatik baloia azkar mugitu behar dugu, eta pibota ere funtsezkoa da. Frantziak ondo defendatu zuen eta irabazi egin zigun.
Iaz txapeldunordeak izan zineten Europako Txapelketan. Horrek presioa eragin du ala akuilutzat hartu duzue hobeto aritzeko?
Hasiera batean kaltegarria izan zen, emaitzak onak direnean, anbizioa galtzen duzulako. Hala ere, taldeak gogor egin zuen lan txapelketan, eta badakigu, geure mailari eusten badiogu, edonori aurre egiteko gauza garela. Munduko txapelketan agerian utzi dugu Europako txapelketan lortu duguna ez dela kasualitatea izan. Gaur egun, begirunea digute gainontzeko taldeek.
Zein da talde honen indarra?
Taldea bera. Harreman ona dute jokalariek euren artean, eta batasun hori lagungarria da une larriak gainditzeko. Gainera, kalitate handiko jokalariak ditugu. Jokalarien maila ona ez bada, entrenatzaileek ezin dute ezer egin. Guk taldea finkatzea lortu dugu. Baina horretarako jokalariek lan egiteko gogoa eta inplikazioa erakutsi behar dituzte.
Nolako egutegia duzu etorkizunari begira?
2012ko Joku Olinpiarrak ditugu helburu. Lehenago, aurten, Danimarkan eta Norvegian Europako Txapelketa jokatuko dugu; eta 2011n, Brasilen Munduko Txapelketa. Txapelketa bi horietan ahalik eta ondoen ibili behar dugu Joku Olinpiarretarako txartela lortu ahal izateko, eta Londresera sasoi onean heltzeko. Eskubaloian Olinpiar Jokoak dira hitzordu nagusia. Ez dira irabazteko zailenak, baina osperik handiena ematen dutenak, bai.
“Poz-pozik bizi naiz Sondikanâ€
Eskubaloiak Estatuko leku batetik bestera eraman du Jorge Dueñas bilbotarra, baina gaur egun Sondikan bizi da. Bere emaztea bertokoa da eta Txorierrira bizi izatera etorri behar izan zuen Jorgek. “Hirikumetzat†jotzen du bere burua. Izan ere, Bilbo, Madril edo Valladolid bezalako hirietan bizi izan da. Ez da harritzekoa, beraz, hasierak gogorrak izatea Sondikan. “Hala ere, denboraren poderioz egokitu egin naiz eta gaur egun poz-pozik bizi naiz hemen. Sondika leku erosoa eta segurua da, batez ere umeentzatâ€.
Izugarri gustatzen zaio Jorgeri kirola. Hori dela-eta, eskubaloi jokalari ohia eta entrenatzailea izateaz gain, Soin Hezkuntza ikasi zuen. “Jokalaria nintzela, behe mailetako taldeak entrenatu nituen eta, erretiratu nintzenean, jarraitu egin nuen behar honetanâ€. Neskak zein mutilak entrenatu ditu bilbotarrak, baina berdin dio. “Mutilak neskak baino azkarragoak eta indartsuagoak dira, baina teknika aldetik parekoak dira. Taldearekiko harremana ere antzekoa da, garrantzitsuena lan egiteko gogoa baitaâ€.