Behargintza Txorierrik bazkaria etxera eramateko zerbitzua jarri du abian. Programa pilotu honetan, zortzi lagun dabiltza prestakuntza hartzen gastronomia arloan, eta zerbitzua 20 nagusiri ematen zaie.
Behargintzak eta Gizarte Zerbitzuek duela hiru urte egindako bileratik hau atera zuten ondorio: Txorierriko populazioa zahartzen zihoan eta horrek arazoak ekarriko zituen etorkizunari begira. Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen zen zerbitzua ez zen nahikoa nagusi guztien beharrizanei erantzuna emateko eta, gainera, gizarte-laguntzaileek susmatzen zuten adineko batzuek ez zutela behar bezala jaten. Hiru urte pasa ostean, egoera areagotu egin da ekonomia-krisiaren ondorioz. “Programak helburu bikoitza du: alde batetik, langabeak ogibide batean trebatzea; eta bestetik, nagusiak apur bat hobeto elika daitezelaâ€, azaldu dute Alex Loustaunau Behargintzako gerenteak eta Amaia Diaz Prestakuntza eta Enplegu Sustapenerako arduradunak.
Behargintzaren eskutik hiru Auzolan antolatu dira, eta bazkaria etxera eramateko zerbitzuaren ardura Auzolan horietako batek hartu du. Langileen prestakuntzari dagokionez, programa abenduan jarri zen martxan eta ekainera arte iraungo du. Parte-hartzaileek Izarza-Fundación Peñascal Sondikako jatetxean jaso dute sukaldaritza arloko prestakuntza eta egunero banatzen dituzten menuak bertan ere prestatzen dituzte. Menuak jatetxeko sukaldeburuaren agindupean egiten dituzte. Zerbitzua maiatzean amaituko da eskaintzen, eta ikasle/langileek prestakuntza osagarria jasoko dute orduan. “Helburua ez da soilik pertsona horiek sei hilabetean kontratatzea; aukera soziolaboral bat izatea nahi dugu eta, ildo horretan, gizarteratzeko enpresak bide egokia izan daitezkeâ€.
Mugimendua goiz-goizetik hasten da jatetxeko sukaldean. Programako langileek arreta handiz jarraitzen diete sukaldeburuaren azalpenei, eta platerak arduraz prestatzen dituzte.
Menuek lehenengo platera dute, bigarrena, postrea eta ogia. Menu orekatuak dira, era askotakoak, eta nagusi bakoitzaren beharrizanak eta dieta kontuan hartuta egiten dituzte.
Motibazio handia
Sukaldean zortzi lagun dabiltza lanean: 20 urtetik 40 urtera bitarteko bost emakumezko eta hiru gizonezko, eta guztiek oso konpromiso maila handia dute. “Izan ere, ogibidea benetako egoera batean ikasten dabiltza eta, ondorioz, harreman zuzena dute zerbitzua ematen dieten pertsonekin. Motibazioa beste Auzolanetan baino handiagoa daâ€.
Bazkariak erretilu termikoetan sartzen dira. Horien banaketa Txorierri osoan egiten da eta horretarako gizarte-laguntzaileen laguntzaz prestatutako ibilbide bati jarraitzen zaio. Banaketa goizeko 12etan hasten da eta normalean eguerdiko 13:30etarako dute bukatuta. Jasone Behargintzako orientatzaileak lanari buruz dituzten kezkak argitzeaz gainera, banaketarekin lagundu ere egiten die, leku batetik bestera furgonetaz eramanez.
Programak 65 urtetik gorako 20 txorierritarri ematen dio zerbitzua. Lehenengo banaketa abenduaren 16an izan zen eta azkena maiatzaren 31n egingo da. “Adinetik aparte, besteak beste baldintza hauek bete behar dira zerbitzuaz baliatzeko: mugikortasun-arazoak edo arazo psikikoak edukitzea, mendeko pertsona izatea edo bakarrik bizi izatea. Hala ere, 65 urte baino gutxiago eduki arren, lagun bat egoera horietako batean badago, horrek ere badu zerbitzuan sartzeko aukeraâ€.
Nagusiek hiru euro ordaintzen dute bazkari bakoitzeko, eta zerbitzuak kostatzen duen gainontzekoa Auzolan programa eta Behargintzaren bitartez finantzatzen da. Lehen esan bezala, programa pilotua da eta hori bukatu ostean aztertuko dute arduradunek ea bazitekeen zerbitzua etorkizunean ematen jarraitzea. “Gizarte-ikuspuntu batetik programa bideragarria da, baina beste aspektu batzuk ere hartu behar dira kontuan, ekonomikoa adibidezâ€.
“Jendearekiko harremana da gehien gustatzen zaidanaâ€
Eguerdiko ordu bata da eta Ariane, Jesus eta Jasone garaiz ailegatu dira Mariaren etxera. Txirrina jo eta apur bat itxaron behar izan dugu.
Maria 86 urteko zamudioztarra da eta bakarrik bizi da. Hankako mina du eta horrek zailtasunak eragiten dizkio ibiltzeko orduan. Etxean beharren bat egiten badu ere, ez da kalera irteten beste pertsona batek laguntzen ez badio. Eta bazkaria ere ozta-ozta prestatzen du. “Alabak niri begira ditut beti, gabeziarik ez dezadan eduki. Baina lan egiten dute, eta zerbitzu hau ondo datorkigu guztioiâ€.
Gaurko menua Mariaren gustukoa da: txanpinoi-krema, karioka eta goxua. Mariak denetarik jaten du eta ez du dieta berezirik egin behar. Normalean bazkaria goxo dagoela dio, baina okela behin gogorra egon zela, “eta ez zegoen nork jango zuenik!â€. Barre egin dute. “Bai, bai; ez da berriro gertatuko!â€.
Aurreko eguneko erretilua hartu eta furgonetara abiatu dira, banaketarekin jarraitzeko.
Ematen duten zerbitzuarekin oso pozik daudela diote. “Eurentzat ez ezik guretzat ere onuragarria den lana egiten duguâ€, aipatu du neskak. “Jendearekiko harremana da gehien gustatzen zaidana lan honetatikâ€. Hala ere, programa ekainean amaituko da eta ez dakite jarraipenik izango duen. “Oso ideia ona da, eta behar beste publizitate eta laguntza edukiko balitu erabat arrakastatsua izango litzateke, zerbitzua behar duten pertsona asko daudelako gureanâ€.