Igor Petralanda zamudioztarra telekomunikazioetako teknikaria da eta ogibidea zaletasunarekin uztartzen du: helikopteroak. Duela urtebete eta erdi helikoptero-pilotu komertzialaren lizentzia atera zuen eta gaur egun irakasle dabil aireportuko terminal zaharrean, Sondikan.
Noiz erabaki zenuen hegan egin nahi zenuela?
Helikoptero-pilotua izan nahi nuela betidanik eduki dut argi. Baina lehen kanpora atera behar zen ikastaroa egitera. Sondikan eskola zabaltzea mesedegarria izan da afizioa dugun askorentzat.
Zaila da helikopteroa gidatzea?
Apur bat konplexua bada, eskuak eta oinak ezin direlako inoiz aginteetatik kendu. Maparen bat kontsultatu edo kontrol-dorrearekin harremanetan jarri behar bada, hobe da ondoan lagunen bat izatea. Eta haizea badabil, zer esanik ez, askoz konplexuagoa da.
Polito ikusten da mundua hain altuera handitik?
Beno, normalean ez dugu oso altu hegan egiten, 100-150 metrotara. Hala ere, egia da maniobra zehatz batzuk egiten direnean altuera handiagoa hartzen dela. Eta bai, paisaia polito ikusten da zerutik. Gainera, helikopteroak badu abantaila bat: ikus-eremua askoz zabalagoa da hegazkin batean baino. Hori da helikopteroz hegan egitea hainbeste gustatzen zaidan arrazoietariko bat.
Besteren bat?
Aparatuak nahi duzun lekura eramaten zaituela. Helikopteroa edonon lurrera daiteke, gutxieneko segurtasun-tartea badago. Ondorioz, hegalaldian bertan erabaki dezakezu leku batera edo bestera joatea. Mendien artean hegan egitea ere oso polita da.
Badu alde txarrik?
Bai, zaletasun garestia dela. Ikastaroa garestia da eta hegalaldi-ordu bakoitzak ere dirutza balio du. Horregatik, ikastaroa egin ostean, askok denbora luzea eman dute hegan egin barik. Lizentzia berritzea ere garestia da eta hori urtero egin behar da. Ni zorionekoa naiz. Eskolan nabilenez, aukera dut noizean behin helikopteroa gidatzeko.
Helikopteroa gidatzea izugarri gustatzen zaizu; irakastea?
Bai. Erraztasuna dut gauzak azaltzeko eta horregatik animatu ninduten eskolak ematera. Nik teoria-irakasgai batzuk ematen ditut eta tutorea ere banaiz. Horrezaz gainera, hastapen-hegalaldiak ere egiten ditut. Ikaslea hartu eta buelta bat ematen diot helikopteroz, hark ikastaroa hasi baino lehen.
Zein baldintzak bete behar dira pilotua izateko?
Adin nagusikoa izan eta Batxilergo edo LH2ko ikasketak burutu izana. Era berean, azterketa medikua ere gainditu behar da. Helikoptero-gidaria izateak lan aukera gutxi ditu Euskal Herrian, baina Estatuko leku batetik bestera ibiltzeko arazorik eduki ezean, badago lana.
Arlo honetan, beste pausuren bat ematea gustatuko litzaizuke?
Irakastea gustatzen zait, eta gaur egun pozik nago lana eta zaletasuna uztartu ahal ditudalako. Hala ere, hegalaldi-irakaslea izateko beharrezkoak diren gutxieneko orduak inoiz betetzea lortzen badut, eta nire ogibidean eraginik ez badu, arlo horretan ere aritzea gustatuko litzaidake.
Anekdotarik badago zeruan?
Behin, irakasleak eta biok Plentziatik Sondikara gentozela, enara akrobatiko bat azaldu zitzaigun bidean. Txoria zuzen-zuzen zetorren gugana eta helikopteroaren kabina zeharkatuko zuela pentsatu genuen. Aparatua neuk gidatzen nuen eta txoria saihesteko helikopteroa biratzen banuen okerrago izan litekeela pentsatu nuen. Helikopteroa zuzen eramatea erabaki nuen, “berak saihestuko gaitu gu!â€. Hegaztiak gure kontra jotzear zegoenean irakasleak eta biok erreakzio bera izan genuen: gorputza ezkerrera mugitzea. Xelebrea izan zen; eta bai, enarak gu saihestu gintuen arazo barik.