Aurten bi eta hiru urteko 196 umek egin dute matrikula Txorierriko herri-ikastetxeetan: 48 ume, Sondikan; 55, Derion; 31, Zamudion; 18, Lezaman; eta 44, Larrabetzun. Bertoko herri-ikastetxean D eredua baino ez da eskaintzen, eta hori, hain zuzen ere, izan da guraso guztiek aukeratu dutena. Hala ere, salbuespena egon da Derion, ume baten gurasoek lehenengo aukeratzat A eredua hartu baitute. Iratxe Aiarza eskolako zuzendariak azaldutakoaren arabera, gurasoek jakin bazekten eskola D eredukoa dela, baina A eredua errebindikazio moduan aukeratu dute. Umea eskolan matrikulatu dute, D ereduan. Beste alde batetik, Sondikan ere egon da eskaera bat A eredurako. Hura herritik kanpo ikasten duen 3. mailako ikasle baten gurasoek egin dute. Ikastetxetik esan duten bezala, umea dabilen eskolatik agindu dituzte Sondikara, “matrikula egitea berton zegokiolakoan. Baina guk D eredua baino ez dugu eskolanâ€. Umeak gaur egungo ikastetxean jarraituko du datorren ikasturtean.
Guraso batzuek zalantzak izan dituzte seme-alabak eredu batean edo bestean matrikulatzeko orduan. Izan ere, bestelako informazioa zabaldu da leku batetik eta bestetik, eta aspaldiko kezkak azaldu dira berriro. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aukera eman die gurasoei nahiago duten eredua lehenengo aukeratzat hartzeko, nahiz eta hori eskolan ez egon. Horrezaz gainera, ikastetxe edo eskualde baten A edo B eredua nahiago duten 20 ume baleude, eurentzako gela zabaltzeko aukera egon liteke. “Hau da, Txorierriko 20 umek A ereduan ikasi nahi izanez gero, eredu horretako gela zabaltzeko aukera egon liteke edozein herri-ikastetxetanâ€, aipatu du Belen Mellado Zamudioko eskolako zuzendariak.
Txorierriko Mankomunitateak D ereduaren aldeko kanpaina zabaldu zuen matrikulazioen aurretik, eta, jakin izan dugun bezala, Derioko gurasoek A eta B ereduen aldeko informazioa ere jaso dute. “Aurreko urteetan ez bezala, guraso batzuk zalantza handiak zituztela etorri dira gugana aurten: zein eredu den onena, unibertsitateari begira zein den egokiena...â€, esan du Aiarzak. “Gurasoak nahastu baino ez da eginâ€.
Herrian integratzea
Duela 20 urte inguru apustu sendoa egin zen Txorierrin D ereduaren alde, eta handik hona eredu hori nagusi izan da bertoko herri-ikastetxetan. Gaur egungo datuak eta egoera kontuan hartuta, Zamudio eta Derioko zuzendariek argi dute gurean beste eredurik ez dela posible.
Euskara hutsean ikasteak ekar ditzakeen ondorio negatiboak azpimarratu dira sektore batzuetatik: umeek gaztelania ondo ez menperatzea, ikasteko zailtasunak, edo gurasoak erdaldunak badira, seme-alabei etxerako lanekin lagundu ezin izatea, tartean. “Hezkuntza-eredu guztiak dira onak: A, B edo D. Eta umeak era egokian eta ondo prestatuta hezten dira edozeinetanâ€, aipatu du Melladok. Bere ustez, ikasleak ikasgai batekin arazorik badu, hori ikasgaiaren beraren ondorioa da; ez hizkuntzarena.
“Argudio horiek soilik erabiltzen dira euskararen kontraâ€, gaineratu du Aiarzak. “Seme-alabak ikastetxe frantses edo ingelesera eramaten direnean, ez da zalantzarik azaltzen hizkuntza dela-eta. Zergatik bai euskararekin?â€.
Ondorio negatiboak baino, abantailak dakartza euskaraz ikasteak. “Lehenengo eta behin, eta gure ustez inportanteena dena, umea bere herrian integratu egiten da. Era berean, gaztelaniak gure inguruan duen eragina kontuan hartuta, hizkuntza biak menperatuko ditu arazo barik. Are gehiago, gaitasun handiagoa izango du, beste hizkuntza batzuk ikastekoâ€. Edozelan ere, irakasle bien iritziz, gaur egun arte umeak edozein hezkuntza eredutan hezi dira ondo, eta hemendik aurrera ere heziko dira ondo. “Eta hori ezin da zalantzatan jarriâ€.