Harrien artisauak

Aikor aldizkaria 2010ko api. 26a, 10:28

Testua: Gaizka Eguskiza

Hainbat txalet eta baserri daude Txorierrin barreiatuta. Batzuk harriz eginda daude, eta haietako batzuk Trikuharri enpresako harginek egingo zituzten, ziur asko. Txorierriko hiru mutil horiek lana eskuz egiten duten harginak dira. Harrien benetako artisauak dira. Hamasei-hamazazpi urte zituztela, Fran Calvente eta Felipe Duran derioztarrak Derioko tailer-eskolara joan ziren harriak lantzen ikastera. Iñigo Bilbao loiuztarra ezagutu zuten bertan, eta, eskolan hiru urte egin eta gero, Trikuharri enpresa eratu zuten. “Gazte-gazte joan ginen hara, eta garai hartan aitzurra zelan erabili ere ez genekien. Eskolan ogibidearen oinarriak ikasi genituen, baina benetako lana ekinaren ekinez ikasi dugu geroago. Enpresa sortu genuenean, harriak behar genituen lan egiteko, eta harrobian lortzen genituen. Horrela, Durangoko hargin batzuekin jarri ginen harremanetan. Harginok semetzat hartu gintuzten eta ogibide hau benetan nolako den irakatsi ziguten, hau da, harriak zelan landu, nondik moztu...”, aipatu digu Felipek. Hargin hauek antzinako eran egiten dute lan, hau da, eskuz egiten dute dena. Ez dute tresneria handirik erabiltzen, rotaflex zerra izan ezik. “Baina zerra horrek zazpi zentimetroko zulotxoa baino ez du egiten. Gainerako lan guztia eskuz egiten dugu”. Horretarako, gaur egun egiten ez diren tresnez baliatzen dira: falkak, aizkora bereziak, matxeteak, harri-zulatzaileek erabiltzen dituzten antzinako barrak... Harginak izan arren, errementari lanak ere egin behar izaten dituzte, tresneria prestatzeko. Falkak, esate baterako, Land Rover kotxeetako baleztetatik ateratzen dira. Harri handiak mugitzeko ere ez dute erabiltzen ez garabirik ez hondeagailurik. Harginen lana hiru zatitan banatzen da: harria harrobitik ateratzea, harria lantzea eta harria jartzea. Trikuharriko lagunek bigarren atala lantzen dute, batez ere. “Trebeagoak gara hori egiten. Lan horrek espezializazio handiagoa eskatzen du, zailagoa da egiten, nolabait esatearren. Hori dela-eta, diru gehiago ateratzen dugu harriak lantzen harriak kokatzen baino. Guztira, lau hilabete ematen dute etxe bakoitza altxatzeko, eta, batez beste, 50.000 euro kobratzen dute bere lanaren truke. “Harriak eskuz lantzeak lantegi batean lantzeak beste diru balio du, baina lanak ez du zerikusirik. Makina bat ez da gauza guk egiten duguna egiteko. Guk beste ukitu bat ematen diogu lanari. Bezero batzuek ez dute hori aintzat hartzen, baina beste batzuek bai, eta haiek deitzen digute euren etxeak egiteko. Beste alde batetik, lantegietan erabiltzen diren tresnak erosteko dirutza beharko genuke eta, egia esateko, ez digu merezi”. Edozein gauza egiteko gai dira Trikuharriko harginak: normalean txaletak edo baserriak egiten dituzte, baina azken bolada honetan etxe batzuk ere berritu dituzte. Batzuetan, enkargu xelebreei egin behar izan diete aurre. “Batek harrizko bainuontzia egiteko eskatu zigun”. “Arkitektoek etxearen diseinua egiten dute eta hori ukaezina da. Hala ere, gomendio batzuk ematen dizkiegu bezeroei: adibidez, tximinia zelan egin; edo egin dugun azken etxean esku bat zizelkatu dugu harriaren gainean, apaingarri moduan. Normalean, apalategiak harriz eraikitzen ditugu, eremuak atontzen ditugu...”. Ahoz aho Eta arrakastatsua da bere jarduera, antza. Izan ere, nahiz eta publizitaterik ez egin, lana ez zaie falta. “Bezeroak poz-pozik daude gurekin, eta ahoz aho zabaltzen dute gure lana. Bezero berriei gure aurreko lanen argazkiak erakusten dizkiegu. Eurek gustatu zaiena aukeratu, eta zuzenean ikustera goaz. Aurreko bezeroek besoak zabalik hartzen gaituzte eta problema barik uzten digute euren etxea ikusten”. Hargina izatea oso lan gogorra da, eta batzuetan ez da erabat osasungarria. Esaterako, Iñigo arnas gaixotasun bat du, silikosia. Bizkarrean ere arazoak izaten ditu. Izan ere, fisikoki oso lan gogorra da. Horregatik, harginek neguan udan baino arinago egiten dute lan. “Udan egunak luzeagoak izan arren, beroa datorrenean ezin dugu jarraian lan egin, ito egiten gara. Neguan, berriz, gustura egiten duzu lan, eta etengabe egon ahal zara harriari kolpeak ematen”. Gogortasuna alde batera utzita, harginak artisauak dira eta euren lana polita eta ikusgarria da. “Etxea egiten dugunean, igeltseroekin batera egiten dugu lan, eta askotan, harriak lantzen ditugun bitartean, besteek utzi egiten diote lanari, eta geuri begira gelditzen dira”.