Zazpi urte pasa dira Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenetik. Urte gogorrak izan dira Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleagarentzat, baina azkenean epaileak absolbitu egin ditu. Hala ere, auzia irekita dago oraindik, akusazioak helegitea jartzeko aukera duelako, eta auzi ekonomikoa ere epaitzeko dagoelako.
Zorionak. Ustekabean harrapatu zaituzte epaiak?
Eskerrik asko. Ez, ez gaitu ustekabean harrapatu. Hala ere, Auzitegi Nazionalaz ari gara hitz egiten, eta bertan jarrera prebentiboa izaten dute geroago etorri litekeenari buruz. Epaiketa zelan izan den kontuan hartuta, epai logikoa atera da.
Amaitu da epaiketa edo espero duzue akusazioaren helegitea?
Oraindik ez dakigu. Aikor! aldizkariaren hurrengo alea ateratzen denerako jakingo dugu, ziur asko. Guk pentsatzen genuen epaia kaleratu bezain pronto jarriko zutela helegitea, baina oraindik ez dute egin. Dena dela, uste dugu helegitea jarriko dutela. Gure abokatuek eta kontsultatu ditugun jurista guztiek esan digute epaia oso ondo argudiatuta dagoela. Ondorioz, helegiteak aurrera ateratzeko aukera gutxi edo bat bera ere ez lukeela izango Auzitegi Gorenaren aurrean. Horrela izango balitz, bigarren porrot handia izango luke akusazioak, eta horrek baldintzatuko du bere erabakia. Gorenera auzia ailegatzen bada, beste gauza bi hartu behar dira kontuan: alde batetik, epaiketa galtzen duenak ordainduko ditu epaiketaren gastuak; eta bestetik, auziak jurisprudentzia ezarriko du. Azken hori akusazioaren interesen kontra joan daiteke. Jarri ala ez jarri, Egunkaria auzia ez dago oraindik itxita. Izan ere, auzi ekonomikoa ez da oraindik epaitu.
Epaiak hainbat gauza aipatzen ditu. Zeintzuk dira azpimagarrienak, zure ustez?
Nik hiru nabarmenduko nituzke bereziki: batetik, egunkari bat ixtea antikonstituzionala da; bestetik, epaiak egurra ematen die bai instrukzio-epaileari, bai Guardia Zibilari, bere jokabidea zuzena izan ez delako. Epaiak dio atxiloketak egin dituztenak, hau da, guardia zibilak, peritu ere aritu direla. Eta azkenik, torturaren inguruan egiten den adierazpena azpimarratuko nuke. Epaiaren arabera, epaileari ez dagokio torturak egon diren ala ez epaitzea. Hala ere, sinesgarritasuna ematen dio nire testigantzari. Baina hori baino garrantzitsuagoa hau da: epaiak dio inkomunikatuta ibili ginen bost egun horietan epaileak ez zuela benetako kontrolik egin.
Zelan egin du aurrera epaiketak Egunkaria itxi izana antikonstituzionala bada?
Galdera horrek gauza interesgarri bat jartzen du mahai gainean. Esan da epaian argudio on eta berriak daudela. Baina hori ez da egia. Hala ere, gauza berria da epaile batek horrelako argudioak aintzat hartu eta ontzat ematea. Gure abokatuetako bat Iñigo Iruin izan da eta bera ere izan zen Egin egunkariko auziaz arduratu zenetako bat. Auzi hartan hainbat helegite jarri zituen Iruinek, Egin itxi izana antikonstituzionala zela argudiatuz. Baina horiek ez ziren inoiz kontuan hartu. Egunkari bat ixtea antikonstituzionala da, Konstituzioaren 20. artikuluaren kontra, eta Zigor Kodearen 129. artikuluaren kontra doalako. Horrek agerian uzten du Auzitegi Nazionala den “oilategi†zabal horretan mota ezberdinetako “oilarrak†daudela, eta bakoitzak komeni zaionari eusten diola, hau da, koherentzia falta nabarmena dago bertan; kasu honetan, zorionez. Izan ere, gure auzian gertatu dena ez da ohikoa, baina hori Auzitegi Nazionalean konpondu beharko lukeen arazoa da.
Eskatuko diozue Estatuari erantzukizunen bat?
Gizarte mailan horren inguruko eztabaida sortu da, logikoa denez: kalte handia egin dute zazpi urtean, injustizia handia gertatu da eta norbaitek ordaindu behar izango du. Ezin da zigorgabetasun hori gertatu. Gizarteak horrela pentsatzen du Egunkaria auzia itxita dagoela uste duelako, baina hori ez da egia. Bi gauza daude erabakitzeke: alde batetik, akusazioak helegitea aurkezten duen ala ez, eta, egitekotan, zelan aurkezten duen; eta bestetik, auzi ekonomikoa. Horiek argitu arte, ez da izango momentua erantzukizunei buruz hitz egiten hasteko. Eta gero gerokoak. Eta gero gerokoak heltzen direnean ere, alde batetik, gizarte mailako eztabaida dago; eta bestetik, estrategia juridikoa. Eta askotan biak ez doaz elkarrekin. Beraz, helegite eta auzi ekonomikoaren emaitzak ikusita, erabakiko dugu zer egin. Badugu erantzukizunak eskatzeko aukera morala eta politikoa, baina ez dakigu aukera juridikorik ere izango dugun. Arazo konplexua da bere garaian erabakiko dugu zer egin.
Behin baino gehiagotan euskal gizartearen babesa edo atxikimendua aipatu duzue. Zergatik izan da hain garrantzitsua?
Oso garrantzitsua izan da, erabakigarria. Ni ziur naiz Egunkari auzian euskal gizarteak eman duen erantzuna ez bazen, ez zen plazaratuko gure aldeko epaia. Euskal gizartearen jarrera kritikoa eta aktiboa azaldu izanak -azaldu den bezala, modu anitz, zabal eta indartsuan- ahalbideratu du gure mugetatik kanpo ere beste erreakzio mota batzuk egotea, bai Estatu mailan, bai nazioarte mailan oro har. Agian horrek guzti horrek epaimahaiari ulertarazi dio Egunkari auziak bazuela izaera bat, akusazio-oinarri berberak beste batzuek ez zeuzkatena. Horregatik, etorkizunean etorri ahal diren auziei bidea ezartzen die Egunkaria auziak.