Akeita, txolea eta txokorra

Aikor aldizkaria 2010ko api. 26a, 12:13
Testua: Juan Luis Goikoetxea; irudia: Aritz Albaizar
Egun on Zipiri! Halan ekarri Luki! Atara eidak akeita bero-beroa. Zuri be, Txori, akeita? Niri kafea Zipiri, ze kafea berbea Etiopiako Kaffa lurraldetik ei dator. Ba, akeita berbea politagoa da Txori. Bai Luki? Euskaltzaindiak holan dakar: AKEITA g. g. er. “kafea”, erakusteko hitz hori gitxi erabilia dala. Ba, nik akeita berbea gurago dot kafea baino. Eta gero kafeina terminoa, kimikakoa zelan esan, Luki? Kimikarako kafeina da berba egokia, baina tabernara sartuta honi Zipiriri beti eskatzen deutsat: Niri betikoa: akeita, txolea eta txokorra! Tabernako zerbitzaria erdalduna bada, ulertuko deutsu Luki? Ez deustie ulertzen kafe bi eskatuta bere. Zelan ez? Ez, Txori, kafe bi eskatu eta kamareruak: “No entiendo”. Ez daki, Luki, kontetan be hala? Ez, antza. Eta 10eraino kontatzen ez dakiena ez da euskalduna, bakoa da. Zer da bakoa Luki, baskoa esan gurako dozu? Ez, baskoa ez, bakoa; buru bakoa, bururik ez daukana, burumotza; hori da bakoa. Ez da berba dotorea ala? Bai, bada Luki, dotorea da. Halanda guzti, lehengora joanda, ez da egokia berbak asmatzen hastea –txolea eta txokorra lakoak- ze, Azkue jakintsuak hiztegiko sarreran dakarrenez, behin Tiberio enperadoreak oker bat egin eban latinez, eta Marcelo gortesauak txarto egoala esan eutsan; Capitok, ostera, ondo egoala ze, txarto esana bazan be, enperadoreak esatea nahiko zala ondo egoteko. Orduan, Marcelok erantzun eutsan: Zuk Zesar, emon zeinskio hiritartasuna pertsona bati, baina ez berba bati. Nik ez dot enperadore izan nahi Txori. Ni pozik zeugaz hamen Zipiriren kafetegian egunero akeita hartu ezkero. Agur! Zipiri, bihar be niri kafea atara eta Lukiri akeita. Bai, Txori, zueri edozer, zuek etxekoak zarie!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).