Lezamako antzerki taldea Laiak herriko emakumeen elkarteak bultzatuta sortu zen orain dela lau urte. Gaur egun arte elkartekideei zuzendutako jarduera izan da, baina aurtengo ikasturtetik aurrea edozein lezamarrak har dezake parte bertan, gizonezkok zein emakumezkoek.
Antzerki taldea udal tailer bihurtu da ikasturte honetan. Tailerrak sortutako gastuak Laiak Lezamako emakumeen elkarteak ordaindu ditu orain arte, baina momentu bat ailegatu da non ezin baitiete horiei aurre egin. Horregatik eskatu zioten Udalari tailer bezala eskaintzeko. “Alde batetik, formula berri horrek jarduerarekin jarraitzeko aukera ematen digu; eta bestetik, aberasgarriagoa da taldearentzat. Izan ere, bertan 18 urtetik gorako edozein herritarrak har dezake parte, gizonezkoek zein emakumeezkoek. Ondorioz, ekarpen eta ikuspuntu gehiago izango dituguâ€.
Ikastaroan izena emateko Udalera jo behar dute interesatuek. Entseguak eguaztenetan, arratsaldeko 6etatik 8etara, egiten dituzte Uribarri Topalekuan, Begoña Ausinen zuzendaritzapean. Hala ere, laster kokapenaz aldatu beharko dute, aretoa erromesentzako zabalduko baita. Erakusketa aretora joan beharko dira eta horren haritik, lokal finko bat izatea gustatuko litzaiekeela adierazi dute. Horrela, ez lukete leku batetik bestera ibili behar izango. Nolanahi ere, lezamar guztiei luzatu nahi diete antzerki ikastaroan parte hartzeko gonbidapena. “Oso dibertigarria da eta gauza asko ikasi ditugu antzezpen munduari buruz. Aukera ezin hobea da lotsa kentzeko, eta oroimena lantzeko ere, testuak ikasi eta gogoratu behar direlakoâ€. Horrezaz gainera, tailerra antzerkia beste ikuspuntu batetik ulertzeko lagungarria dela esan dute. “Lehen, antzezlanaren bat ikustera joaten ginenean, eszenaratze, dekoratuei eta abarreko gauzei erreparatzen genien, baina orain beste ñabardura batzuei ematen diegu garrantziaâ€. Besteak beste, interpretazioa, teknika, gorputz-adierazpena, ahotsa eta dantza lantzen dituzte klaseetan.
Publikoaren berotasuna
Euren esanetan, interpretazio munduak duen gauzarik zailena beste pertsona baten lekuan jarri behar izatea da, eta horrek sentitzen duena besteei helaraztea. “Irakasleak pertsonaia gureganatu behar dugula esaten digu, eta, aldi berean, gure ukitua ere eman behar diogula; inprobisatu behar dugula. Oso zaila da, baina pixkanaka-pixkanaka lortzen gabiltzaâ€.
Zailtasunez aparte, antzezteak duen alderdirik onena publikoaren berotasuna da. Lau urtean sei antzezlan egin dituzte eta Lezamako erakusketa aretoraino hurbildu dituztenek gogoz txalotu dituzte ikuskizun guztiak. Esan daiteke antzezlari amateurren talde honek badakiela publikoa bereganatzen. “Aretoan jendetza batzen denean eta publikoa gozatzen ari dela ikusten duzunean, oso atsegina da. Hala ere, emanaldietara pertsona bat edo bi etorriz gero, kasu horretan ere atsegina izango litzatekeela, zuk momentu horretan bizi duzuna beste pertsona batek ere bizi izatea oso gauza handia delakoâ€.
Laiak emakumeen elkarteak Emakumearen Nazioarteko Egunerako ekitaldi bereziren bat antolatzeko proposamena luzatu zien bazkideei 2006. urtean. Antzerki taldea proposamen horretatik sortu zen. Urtean emanaldi bi eskaintzen dituzte: bata, Emakumearen Egunaren haritik; eta bestea, Gabonetan. Antzeztu dituzten lanen artean, Toti Martinez de Lezea Larrabetzuko idazlearen Los graffittis de mamá liburuaren moldaketa dago.
Umorez beti
Taldeak Juan Yuste aktorearen eskutik eman zituen lehenengo pausoak, eta gaur egun arte emakumearekin lotutako gaiak eta arazoak jorratzen dituzte antzezlanetan. “Umorez beti; behin izan ezik. Oso lan sakona eta serioa antzeztu genuen orduan, egoerak horrela eskatzen zuelakoâ€. Eskaini dituzten lan guztietatik Mujeres atribuladas buscan obra con fines serios gogoratzen dute bereziki. Bertan Inauterietako jai batera senar barik doazen emakume batzuen istorioa kontatzen dute. Antzerki taldea udal tailer bihurtu denez, gaiek ere aldatu beharko dutela jakin badakite, baina ez die axola; are gehiago, aberasgarriagoa izango dela pentsatzen dute.
Antzezlanak beste herri batzuetan ere eskaintzea gustatuko litzaieke, baina ez dute nahikoa baliabiderik erronka horri aurre egiteko, euren poltsikotik ordaindu behar dutelako antzezlanetik sortutako gastu guztiak: jantziak, dekoratuak, argiak... “Diru-laguntza txiki bat jasotzea ez legoke txartoâ€. Hala ere, euren eginkizunarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute eta momentu honetan Si, sin mis hijas antzezlana buru-belarri dabiltza prestatzen. Hori ekainean eskainiko dute. Oihala lezamar guztientzat zabaldu da.