Transhumantziaren lekukoa

Aikor aldizkaria 2010ko mai. 24a, 15:30
Testua eta argazkiak: Gaizka Eguskiza
Victor Ugalde gazteak aitaren eta osabaren ibilbideari jarraitu deutso eta berak be ahuntzak eroaten ditu Lezamatik Zornotzara bedar bila Bazkarik onenen bila, abeltzainek abereak leku batetik bestera mugiten dituenean, transhumantzia egiten dauela esaten da. Estatuan 1950etik aurrera itxi jakon transhumantzia egiteari. Horregaitik gaur egun ez da ohiko jarduerea izaten. Halanda be, Bizkaian Gorbeia mendiaren inguruan egiten dabe transhumantzia artzain batzuek. Dimatik mendi puntara eroaten ditue abereak. Txorierrin hori egiten dabenak oso gitxi dira, eta Victor Ugalde gazte lezamarra da euretako bat. Victor aitagaz eta osabagaz hasi zan artzain. “Etxean beti ikusi dodan gauzea da”, esan deusku. Ez da bere behar bakarra, azken urte biotan kaleak garbitzen ibili da goizean. Arrastian, barriz, baserriko beharrak egiten ditu. Transhumantzia etxean be ikusi dau Victorrek, eta aita eta osabagandik ikasi dau. Hasikera baten, kotxez egiten eben eta, horretarako, Land Rover markako ibilgailua eta atoia erabili zituen. Baina gero konturatu ziran errezagoa zala oinez egitea. “Abereak autoan sartzea eta autotik ateratzea korapilatsua da eta lan nekagarria ekarten dau horrek. Ganera, bigarren urtetik aurrera, ahuntzek badakie bidea, eta gauza izaten dira, eurek bakarrik egiteko. Behin lagun bat etorri zan gugaz, eta galdu egin zan. Animaliek, ostera, baekien nondik joan”. Animaliak leku batetik bestera eroateko zazpi ordu emoten dauz Victorrek, “bidea nasai egin ezkero”. Bidea oinez egiten dau, eta txakurra eta Gorka Magunazelaia izaten ditu alboan. Lezamako Basabale baserriaren ondoan hasten da taldearen ibilbidea. Geroago, Larrabetzuko Loroño auzoa, Larrabetzu, Zornotzako Boroa auzoa eta Zornotza herria zehartzen ditue. Bidaia Belatxikieta mendian, Aramotz katean, amaitzen da. Azken 40 urteotan Ugaldetarrek ahuntzak eroan ditue bedar bila. Victorren ustez, ahuntzak zaintzeaz ganera, garrantzitsua da animaliak heztea. “Jenteak dino ahuntzak txarrak dirala, baina hezi egin behar dozuz. Eta hori lortzen badozu, ez dago arazorik”. Dana dala, azkar ikasten dabe animaliek. “Eurek badakie udan non dagozan ondo; eta non, neguan. Apiriletik aurrera gure artean ez dago bedar nahikorik guztientzat, eta animaliek Belatxikietan izaten dabe lekua hartuta. Eta azaroa ailegaten danean, menditik jasten dira Zornotzaraino, zure bila, barriro Lezamara joateko prest”. Egunero, Zornotzara Ahuntzak Zornotzan dagozan bitartean, Lezamako artzain hau ia-ia egunero joaten da hara, animaliak zelan dagozan ikustera. Bestela, animaliak galtzeko edo behintzat sakabanatzeko arriskua dago. “Abereak batu eta zenbatu egiten doguz. Batzuetan, galdu egiten doguz batzuk. Eta orduan falta diranak topaten saiatzen gara: batzuetan paraje dagoz eta topau egiten doguz; baina beste askotan zulo sakonetan-eta jausten dira eta ezin izaten dogu ezer egin. Batez be udagoienean galtzen doguz. Izan be, janari gitxi egoten da eta ahuntzak bedar bila dabilzala, zuloetan sartzen dira. Igaz, esate baterako, hamahiru ahuntz galdu genduzan. Guztira, 140 ahuntz inguru eroaten ditu Victorrek. Ikuskizun ederra da lezamarra eta bere bidailagunak Zornotza edo Larrabetzuko kaleetatik ikustea. Jentea harrituta geratzen da, baina gehienak pozik eta laguntzeko prest be agertzen dira. “Udaltzainek beti laguntzen deuskue: trafikoa eten, bidea zabaldu.... Halanda be, arazoak euki doguz batzuetan. Adibidez, behin Larrabetzuko bat gure atzean parau eta txirrina joten hasi zan; 20 metrora beste bide bat hartu eban. Batzuek ez dabe pazientziarik”. Baserriko beharra batez be adintsuek egiten dabe gaur egun, gazteek ez dabelako halakorik gura izaten. Victorrek, barriz, 30 urte baino ez ditu. “Behar honetan ez dago ez zapaturik, ez domekarik, ez ezer. Ez dago oporrik, eta oraingo gazteek nahiago dabe lana egin eta, hori amaitu baizen laster, etxera joan. Etorkizuna baltz ikusten dot, gure atzetik inor ez dagoalako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).