Eguzkia gogoz hasi da joten. Edari fresko bat hartu eta gerizpean jesartzea baino hoberik ez dago garai honetan. Nagusiagoak Txorierriko gaseoseagaz –limonadea, batzuentzat- gogoratuko dira, seguruenik; eta gazteagoek hari buruz berba egiten entzungo eben, beharbada. Gaur egun, Txorierri txakolinagaitik ezaguna bada be, antxina gaseoseagaitik be izan zan.
Espumosos Chorierri enpresea Benito Baganen aitak sortu eban orain dala 100 urte baino gehiago. Fabrika Asuan eben, eta bertan, garai hatan hain ospetsua zan Txorierriko gaseosea egiten eben. Gaseosea kuartilo eta erdiko botiletan merkaturatzen zan.
Benito Lezamara ezkondu eta aitaren beharragaz jarraitu eban han. Eta aldaketak egin eutsozan negozioari, gaseosea litro bateko botiletan hasi zalako saltzen. Urte batzuen ostean, Luis Mari Bilbao Benitoren suhina be gaseosearen negozioan sartu zan. Gaseosea etxean bertan ekoizten eben. Emazteak lagunduta, egunero 1.200 litro gaseosa egiten zituen.
Edozein freskagarri egiteko gaur egungo metodoak eta lehen erabilten zirenak oso ezbardinak dira. Lehenengo eta behin, gaseoseari saborea eta gorputza emoteko nahasketa prestau behar zan, eta horretarako, osagai honeek erabilten ziren: limoizko esentzia, azido zitrikoa eta edulkoratzailea. Osagaiak upeletan nahasten ziran, eta ondoren, nahasketa hori botiletan sartzen zan. Botilak birak emoten zituen makina baten jarrita, eta presinozko ura sartzen jaken. Oso adi egotea beharrezkoa zan, botilak bueltan etorten ziranean tapoia jarri behar jakelako, barruko likidoa ez botatzeko. Esentzia Luis Marik berak ateraten eutsen limoiei, eta ura etxekoa zan. Hareagaz garbitzen eben. Urtean mila kilo limoi erosten ebezan, eta litro asko eta asko ur erabilten zan, gaseosea egiteko. Ganera, botilak bueltatzekoak ziran, eta horreek be ondo garbitu behar ziran.
Garai barriek moda eta gustu barriak dakarskuez.Ohiko gaseosea kolorez eta saborez aldatu zan eta freskagarri aromatikoagoak hasi ziran merkaturatzen: limoizkoak, laranjazkoak eta kolazkoak. “Gaseosa zuria ez eze barri horreek be hasi ginan ekoizten, jenteari asko gustaten jakenak. Gaseosak egiteko laranja, limoi eta kolazko kontzentrauak Murtzia aldetik ekarten euskuezanâ€.
Txorierrikoa besterik ez
Beharraldia goizeko 8etan hasten zan. Eta handik eguerdira arte herriz herri ibilten ziran Txorierriko gaseosea saltzen. Bazkaldu ostean freskagarria egiteari ekiten eutsien. Gaseosea gure eskualde osoko tabernetan eta dendetan banatzen zan: Erandiotik Larrabetzura arte. “Kanpoan ez genduan saltzen, ez egoalako denporarik leku batetik bestera ibilteko. Halanda be, Zornotza eta beste herri batzuetatik etorten ziran gure produktua erostera. Oso ospe ona ebalakoâ€. Botila bakotxa gaseosa 35 pezetatan saltzen zan, eta ontzi hutsak 7-8 pezeta balio eban. Ha itzultzean, dirua be itzultzen jakon bezeroari.
Luis Mariren esanetan, Txorierriko gaseosea sabore fuertea eta indar handia zituen freskagarria zan. Horregaitik bertokoek haxe gurago eben, beste batzuk baino. “Ez Casera, ez Gorbea, ez ezer... Gurean Txorierriko gaseosea edaten zanâ€. Baina marka eta sabore barriakaz batera, saltzeko teknikak be etorri ziran eta gainontzeko enpresek hamaika ideia asmau ebezan euren produktuaren salmentak handitzeko. Lehia etorri zan, ondorioz. “Gaseosea oparitzen hasi ziran. Botila-kopuru zehatz bat erosten bazan, horrenbeste litro gaseosa oparitzen eben. Baina guk ez genduan inoz ezer oparitu, asko kostaten jakulako gure beharra aurrera ateratea. Enpresa horreek euren lekua hartzen joan ziran apurka-apurka, eta guk gaseosea egiteari itxi behar izan geuntsan. Salmentak bajatu egin ziralako eta hainbeste behar egitea ez ebalako merezi. Baina orokorrean oso urte politak izan zirala esan beharra dotâ€.