Testua: Maripi Agirre / Argazkiak: Alexander de la Cruz (UFE)
Ekainaren 11tik 13ra bitartean Aspanovas elkartearen aldeko Futbol 7 jaialdia egin zen Larrabetzun. Ekimena Uritarra futbol-eskolak antolatu zuen, eta berdegunean Euskal Herritik zein Estatutik etorritako 20 futbol talde aritu ziren.
Baloia protagonista nagusia izan zen asteburu osoan zehar. Ekimenak helburu bikoitza zuen: alde batetik, Uritarra futbol-eskola ezagutzera eman eta bertan aritu diren gazteei agurra egitea; eta bestetik, minbizia duten umeen errealitatea herritarrei hurbiltzea.
Txapelketa lehenengo aldiz egin zen eta bertan kimu kategoriako 300 gaztetxok hartu zuten parte. Elkartasuna eta ilusioa ere nagusi izan ziren jokalariek eman zuten pase bakoitzean.
Txapelketan talde hauek ibili ziren norgehiagoka: Santutxu, Danok Bat, Romo, Gernika, Deusto, Leioa, Jesuitak, Getxo, Sondika, Bermeo, Derio-Artega, Antiguoko, Athletic, Eibar, Racing de Santander, Uritarra, Zaragoza, Sporting, Falcesino eta Atletico de Madrid. Finalera Zaragoza eta Atletico de Madrid ailegatu ziren eta txapelduna bigarren hori suertatu zen.
Finalean, hain zuzen ere, bizi zen jaialdiko momenturik hunkigarrienetako bat. Ohorezko sakea Lutxik egin zuen. Lutxi minbizia duten seme-alabak dituzten familiengandik oso hurbil dagoen laguna da, eta horrexegatik berak egindakoa sake soil bat baino gehiago izan zen; hau da, babesa eta esker onaren adierazlea izan zen.
Euria lagun izan genuen txapelketak iraun zuen hiru egunetan, baina zaparradek ezin izan zuten antolatzaileen eta parte-hartzaileen ilusioa hondatu. Giro bustia izan bazen ere, jokalariek eta futbol-zelaira hurbildu zirenek zein lanean ibili zirenek giroa berotzea lortu zuten. Kiroltasuna eta elkartasuna batu ziren Larrabetzun.
Pertsonak hezten
Jaialdian 6.000 euro inguru batu dira eta diru hori osorik eman zaio Aspanovas elkarteari. Horren haritik, Uritarrak futbol-taldeak, Uritarra futbol-eskolak eta Aspanovasek eskainitako laguntza eskertu nahi diete eurekin bat egin duten elkarte, enpresa eta tabernei. Eta bereziki Larrabetzuko herritarrei, euren laguntza barik ezinezkoa izango zelako halako jaialdia antolatzea.
“Hau bezalako ekimenak aukera ematen digute Aspanovas zer den eta zer egiten duen jendeari ezagutzera ematekoâ€, azaldu zuen Juan Carlos Fernandez elkarteburuak. “Ekimen hauek adore handia ematen digute, eta are gehiago jende gazteak egindakoak eta jende gazteari zuzendutakoak direnean. Oso inportantea da minbiziaren inguruko errealitatea eta solidaritatea txikitatik barnera dezagunâ€.
Beste alde batetik, Iraultza Etxebarria Uritarra futbol-eskolaren entrenatzaileak aipatu zuen bezala, solidaritatea, bizikidetasuna eta kiroltasunaren balioak futbolari gazteei helaraztea du helburu txapelketak. “Balio horiek gure eskolaren filosofia osatzen dute, gu ez gabiltzalako emaitzen bila. Txapeldunak baino, pertsonak hezi nahi dituguâ€.