Herria bor-bor dago. Lagatzu Zamudioko euskera alkarteak Euskal Astea antolatu eban maiatzaren amaieran, eta ekainaren 26an Lagatzu Eguna-Euskal Jaia egin eban. Zamudioztarrek eta Txorierriko euskaltzaleek erantzun ezin hobea emon eutseen ekitaldi biei.
Euskal Astea 11. aldiz egin da aurton. Urtean zehar alkarteak antolatzen dituan ekitaldien erakusgarria da hori eta besteak beste, antzerkia, kanta afaria, umeei zuzendutako ibiltaldi didaktikoa, kantaldia eta literatura emonaldia izan ziran. Lagatzu Eguna be 11. aldiz antolatu dabe. Alkarteak 10 urte bete zituan igaz eta urteurrenaren haritik zerbait berezia egitea pentsau eben, Euskal Jaia hain zuzen be. Herriko gainontzeko taldeakaz alkartu eta ideia ona iruditu jaken guztiei. Zamudioztarrak buru-belarri hasi ziran beharrean eta egun ahaztuezina atera zan. Baina ekimen puntuala izango zana urteko hitzordua bihurtzeko bidean dago. Izan be, Euskal Jaia aurton be antolatu da Lagatzu Egunaren barruan, herritarrek halan eskatuta. Ehunaka zamudioztar eta euskaltzaleek Zamudioko kaleak hartu ebezan, eta euskera eta euskal kulturea nagusi izan ziran herriko txoko guztietan. Batukadak hasierea emon eutsan egunari, eta handik aurrera ekitaldi sorta zabala egon zan edade guztiei zuzenduta: kalejirea, euskal produktuen azokea, talo tailerra, herri-bazkaria, Taberna Ibiltariaren saioa eta erromeria, banaka batzuk aitatzearren. Parte-hartzaileak euskal janzkeragaz joan ziran ekitaldira.
Lagatzu oso eragile aktiboa da herrian. Era berean, topagunea be bada zamudioztarrentzat; arnasa hartzeko lekua. Euskera eta euskal kulturea susteteaz ganera, herritarren arteko hartu-emona sendotzea be badau helburu, eta horregaitik alkartetik urteten dan edozein ekimenek oso harrera ona dau zamudioztarren partetik. Euskal Astea eta Lagatzu Eguna-Euskal Jaia horren seinale dira.